GARA Euskal Herriko egunkaria

Securitas Direct


Protokoloa omen da. Norbaitek marmoka baten hozkada salatzen badu, sorosleek bi orduz bandera gorria jartzen dute. Honek ez du erakusten bakarrik egungo gizartea guztiz eskasa dela, baita ere frogatzen du lur gainean dagoen espezie atzeratuena gurea dela. Ez dago gure zozokeria gaindituko duen beste espezierik, ez lurrean, ez eta lurretik kanpo ere. Edozein tontakeria irensteko gai gara eta, gainera, gure erabakien jabe garela sinesten dugu.

Marmokak ez badira, haizea da, eta haizea ez bada, beroa da, eta beroa ez bada, euria da; kontua da alarma sortzea. «Komunikabide» deitzen ditugun enpresa boteretsuen bozeramaile horiek erabat baldintzatzen dituzte gure bizitzak, eta guk men egiten diegu, jasotako informazioa zalantzan jartzeko ahaleginik txikiena ere egin gabe. Horregatik dira NAIZ bezalako egitasmo independenteak hain garrantzitsuak, soilik boteretsuen mende ez dauden komunikabideek eman dezaketelako bestelako informazio bat. Tira, eguraldiari eta alarmei lotutako kontu hauetan ez da horrela, tranpan behin eta berriz erortzen gara, baina dudarik ez da, bestelako kontuetan, etxe honengatik ez balitz ez liratekeela hainbat albiste beste inon argitaratuko.

Orain arazoa «peces araña» omen dira; alegia, betiko salberak edo xabiroiak. Fenomeno berria balitz bezala aurkezten dituzte, baina egin duten gauza bakarra izena gazteleraz aldatzea izan da, horrela beldurgarriagoa delako edo. Albiste hauek han behean hasten dira, Mediterraneo aldean, eta gurean lur hartzen dute beti, azken finean haien mende gaudelako eta erreferentziak han ditugulako.

Itsasoa ez da gurea, eta bertan bizi direnek noizbehinka ziztada bat egiten badigute, merezi dugulako da. Sanoa eta beharrezkoa da tarteka itsasoko animaliekin ezusteko txiki bat izatea, bakarrik ez gaudela gogoratzeko eta batez ere zein eskasak garen ohartzeko. Ura zikina egotea eta itsasoan algak edo marmokak egotea maila berean jartzen ditugu, beste gauza batzuez hitz egiteko gogorik ez dutenek alarma piztu dutelako.