GARA Euskal Herriko egunkaria

Hutsune handi baten sakoneko afera: andrazkoen traineru baten beharra

Emakumezkoek sorbaldetan espero baino lesio gehiago dituzte. Patxi Leon Deustuko irakasleak lesioen ikerketa batetik ateratako emaitza bat da. Zergatik izan daiteke? Trainerua andreen ezaugarrietara egokituta ez dagoelako. Gai horren inguruko gogoeta egin du GARAk zenbait arraunlariren iritziak bilduta.

Ezkerreko irudian, Hondarribiko trainerua Donostiko estropadan lehiatzen. Eskuinekoan, Patxi Leon Deustuko Unibertsitateko irakaslea azalpenak ematen, Donostiako campuseko bere bulegoan. (Gorka Rubio | Foku)

Arrauna kirol tradizionala da Euskal Herrian, eta urte asko dira kirol horretan jarduten, baina zulo handi bat du: ez dela egin kirolaren inguruko ikerketa askorik. Zulo hori estaltzeko asmoz Patxi Leon (1979, Pasai Donibane) Deustuko Unibertsitateko irakasleak ikerketa bat abiatu zuen, aulki finkoan ohikoak ziren lesioen inguruan. Hari horri tiraka beste emaitza hau atera zuen: emakumezkoek sorbaldetan espero baino lesio gehiago dituzte, gizonezkoek eta aulki mugikorrean dabiltzanek baino. Eta hori zergatik izan daiteke? Hipotesi hau atera zuen: trainerua ez dagoelako egokituta emakumezkoen ezaugarrietara.

Leon arraunketako irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. Doktoretza tesia arraunaren inguruan egin zuen, eta kirol errendimenduko Masterra ere egin zuen, arraunean ardaztuta. San Juaneko arraunlaria izandakoa da. Pandemia aurretik datu bilketa potoloa egin zuten: 81 traineruena, neska zein mutilena: «Hasierako xedea ez zen neskena soilik egitea, baizik eta lesioena orokorrean. Baina gero datu hori atera zen». Ikusita emaitzetan, «esanguratsuki», emakumezkoen sorbaldetan espero baino lesio gehiago zeudela, analisi biomekaniko bat egin zuten San Juaneko arraunlariekin. «Aulki mugikorretik egindako ikerketetatik abiatuta, arraunlariei goniometro digital bat jarri genien bizkarrean, angeluazioak eta abar ikusteko. Alboko grabazioak ere egin genizkien postu ezberdinetan. Eta oraindik aztertzeko dugu zer angeluaziotan sartzen duten arrauna uretan, kontuan hartuta sekulako altxagarriak dituztela ipurdiko tostetan eta hankakoan».

Azterketa horretatik hipotesi desberdinak atera zituzten: postura aldetik trainerua zenbat hondoratzen zen arabera, eta alturaren arabera, lesioak egon zitezkeela sorbaldetan. «Hortik abiatuta, pentsatu genuen hemen pauso bat gehiago eman zitekeela. Eta horrekin proiektu bat prestatzen ari gara, egokitutako ontzi bat proposatzeko. Pentsatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak interesa izan dezakeela horrelako zerbait garatzen, baina ez dago deialdirik. Mugitu beharreko zerbait da».

TRAINERUA «EZ DA APROPOSA»

Ertz asko dituen gai bat da, eta horren inguruan hausnartzeko zenbait arraunlariren iritziak bildu dira. GARA mintzatu den arraunlarietatik inork ez du lesiorik sorbaldan sufritu. «Guk daukagun gorpuzkerarako eta fisikorako trainerua ez da aproposa», esaten hasi da Uxue Zuriarrain (Amezketa, 2001) Tolosaldeako arraunlaria. Leonek aurreratu duenez, jakina da mutilen arraunketa eta neskena ez dela berdina; batik bat, alturagatik eta pisuagatik. Alturaren harira, Maider Perez (Hernani, 1997) Hondarribiko arraunlariak eta Ohiane Iraola (Tolosa, 1992) Oriokoak adierazi dute, alturaz txikiak izateagatik, asko kostatzen zaiela pala uretan guztiz tapatzea. «Ahalegin handia egin behar dut besoak altxatzeko. Batzuetan desagertu egiten naiz eta besoak bakarrik ikusten zaizkit», barrez esan du Perezek. Bide beretik, Iraolak azaldu du, pala uretara sartzeko egiten duten keinuan, sorbalda goraka tiratzen dutela: «Ipurdiko tostan altura pixka bat emateko altxagarri batzuk eramaten ditugu. Baina ipurdi azpian bakarrik, hankako tostetan hori ez dugu. Orduan, keinua oso desberdina da hankak eta ipurdia altura berean egonda edo ipurdia hanka baino gorago egonda».

Posturen inguruan ere mintzatu da Perez, eta nabarmendu mutilek mugimendu «naturalago batekin» mugitzen dutena eta, neskek keinu «artifizialago batekin» mugitu behar dutena, «askoz ere gehiago» dela. Iraolak zehatzago azaldu du hori: «Arrauna sartzeko garaian, mutilek gorputza aurrealdera eramaten dute, eta nahiko eroso ikusten zaie aurrera iristen. Nesken kasuan, aldiz, askok belaunarekin saihetsak jotzen dituzte ahalik aurreen iristeko». Tolosarraren hitzetan, beraiek saiatzen dira mutilek ematen dioten luzera egiten, kontuan izanik nesken beso zabalera mutilenarekin alderatuta «askoz ere txikiagoa» dela.

Aldi berean, Zuriarrainek adierazi du emakumezkoen eta gizonezkoen alturak, pisuak eta indarrak markatzen duela aldea. Lehenarekin hasita, amezketarrak azaldu du mutilek duten alturagatik palada gehiago bukatzea ahalbidetzen diela eta beste palanka bat egiten dutela gorputzarekin. Altura eta pisua, batera doaz, Zuriarrainen ustez: «Ontzia uretatik urrutiago geratzen zaigu gutxiago pisatzen dugulako, eta txikiagoak garelako ere bai. Dobleko altura behar dugu uretara ondo iristeko». Iraolak gaineratu du karelarena beste arazo bat dela eta pisuarekin lotuta dagoela. Tolosarrak esan du traineruak mutilen taldeentzat prestatuta daudela, eta mutilen taldeen bataz bestekoa pisua, gainetik eginda, pertsonako neskena baino hamar-hamabost kilo gehiagokoa dela. Horregatik joaten da mutilen ontzia hondoratuago eta uretatik gertuago. Nesken kasuan, alderantziz: arinagoak direnez, ontzia uretatik urrutiago daramate. Azken faktorea indarrarena da. Iraolak esan du neskak baldintzatuta daudela arraunaren neurriarekin, ez dutelako mutilek «bezainbesteko» indarra: «Arrauna tibortatik heltzen dugu, eta arrauna lotuta egoten da torloju pare batekin, eta hori pixka bat luzatu edo moztu dezakezu. Horren arabera, egin behar den indar kantitatea desberdina da, segun eta arrauna luzeagoa edo motzagoa izan. Ezin ditugu arraunaren neurri horiek aprobetxatu, indar aldetik muga batzuk ditugulako».

Traineruan erosoago sentitzeko, ahal den neurrian, zer egiten dute? Altxagarriak jarri, bakoitzak behar dituen neurrietara egokituta. Hondarribiko eta Tolosaldeako arraunlariek azpimarratu dute entrenatzaileek «esfortzu handia» egiten dutela horretan. Zuriarrainek esan du Ramon Erostarbe entrenatzailea arduratzen dela horretaz, eta Perez Hondarribikoak adierazi du entrenatzaileak «kontziente» direla, ez alturan, ez pisuan, ontzia ez dagoela haientzat egina, eta «denbora asko inbertitzen» dutela kontu honetan.

Miren Garmendia (Hernani, 1999) Hondarribiko patroiari galdetu diogu haren postuan berezitasunik badagoen, eta adierazi du «antzekoa» dela: «Txikia izanik, olatuak handiak direnean batzuetan pala asko igo behar dut uretan tapatzeko, baina jada ohituta nago. Gainera, lemazainak orokorrean denetan txikienak gara».

Hori guztia kontuan izanda, eroso sentitzen al dira arraunlariak ontzian? Iraolak aipatu du harentzat ez dela «deserosoa» berak beti horrela arraun egin duelako, eta orduan hori da harentzat «normala». Perezek, berriz, aitortu du «batzuetan deseroso» dagoela, baina ez daki den altuago dagoelako, baxuago, edo urrunegi edo gertuegi.

NESKENTZAT, MUTILEN ONTZIA

Andreen ezaugarrietara egokitutako ontzi baten beharra hor dago, baina aldaketa horrek kostu ekonomiko bat du. «Klubek ekonomikoki ez dute mundu erraza, eta horrelako prototipo bat aterako balitz, laguntza ezinbestekoa dute, denek aukera berdinak izan ditzaten materiala erosteko», esan du Leonek. Horrez gain, Leonek arraunean orain arteko joera zein izan den azaldu du: «Klubak ekonomikoki mugatuta daude, eta historikoki emakumezkoei eman zaien trainerua gizonezkoena izan da. Klubek zer ontzi dute? Mutilentzat egindakoa, horrek ematen dizkielako dirulaguntzak eta babesleak. Beraz, horri eman behar lehentasuna. Eta neskentzat geratzen da beste hau, eta egokitu egiten dute. Neurri batean soberakinak izan dira; naturala da, baliabide gehiago ez daudelako. Baina, ikusita zer igoera eta zer eboluzio dagoen, uste dut pauso batzuk eman behar direla».

Alde horretatik, Leonek esan du Euskal Arraun Federazioko, Galiziako, Kantabriako eta Asturiasko fitxak eskatu zituela 2009tik 2020ra arte. Eta hor ikusi zuela andreen arraunlari kopurua hirukoiztu egin dela. 300 izatetik 1.000 izatera. «Fitxen kopuruen eboluzioa ez bazen horrelakoa izan, akaso planteatzen denak ez luke hainbesteko zentzua izango. Zentzua beti edukiko luke, baina ez ekonomikoa, ez litzatekeelako errentagarria izango. Kopuru horietan progresioa handia da».

Iraolak eta Zuriarrainek beren klubetan gertatzen dena azaldu dute. «Orion orain arte egon diren traineruetan beti izan da: ontzi berri bat erosten bazen, lehen talderentzat; gorengo taldeak erabiltzen zuen ontzia, bigarren taldearentzat; eta gu ibili gara pixka bat malabarak egiten», adierazi du Iraolak. Bide beretik, Zuriarrainek esan du Tolosaldeak gorengo mailan gizonezkoen talderik ez duenez, gainerako kluben gizonezkoen traineruekin ibili direla: «Ez genuen dirurik gure trainerua izateko; orduan, lehenengo urteetan Zarautzera entrenatzera joaten ginenean, beraiek mutilen ontzia uzten ziguten, eta gero, Pasaiara etorri ginenean, berdin. Gizonezkoen klub batera eta beraiek utzitako traineru batekin».

Hori horrela izanik, Tolosaldeak iaz dirua aurreztu zuen haientzat traineru bat izateko: «Klubean ez genuen ontzi propio bat, eta Erostarbek diseinatu zuen guretzat egindako ontzi bat, guretzat errazagoa izateko eta gure ezaugarrietara moldatuago egoteko». «Klubak eta klubak» daudela adierazi du Iraia Mendizabal (Hondarribia, 2000) Hondarribiko arraunlariak eta gaineratu du badaudela batzuk diru asko dutenak inbertitzeko eta beste batzuek apenas dutela. Zentzu horretan, Garmendia patroiak gehitu du haiek zortea dutela, eta ezin direla kexatu: «Oso ondo zaintzen gaituzte».

INBERTSIOA HANDIA AL DA?

Kluben inbertsioari dagokionez, Iraolak adierazi du ideia ona dela instituzio publikoetatik dirulaguntzak jasotzea nesken arrauna bideratzeko. Eta gogoeta hau egin du: «Inbertsio handi horretarako talde baten jarraipena ziurtatuta izan behar duzu. Egia da gaur egun emakumezko talde asko daudela, eta gero eta gehiago direla, baina batzuetan gertatu izan da talde bat desegiten dela eta atzetik jarraipena ez dagoela. Klubei beldurra eman behar die inbertsio hori egitea. Dirutza bat uzten duzu, baina hemendik bi urte barru taldeak jarraipenik izango al du?».

Era berean, Zuriarrainek uste du dirulaguntza asko beharko lituzketela traineru berria erosteko: «Ikusita orain arte gure lehen ontzia lortzeko nola ibili garen...». Hala ere, arraunlariak esan du beste talde batzuk traineru hori erosiko balute, haiek ere borrokatu behar luketela diru hori lortzeko eta trainerua erosteko: «Ikusten badugu gero eta emaitza hobeagoak lortzen dituztela trainerua aldatu dutelako, haien mailara iristeko, bultzatuta gaude ontzi hori lortzera. Uste dut klub batzuk hastea litzatekeela kontua».