GARA Euskal Herriko egunkaria
GIZA ESKUBIDEEN URRAKETAK

Israelgo Armadak 34 adingabe palestinar hil ditu aurten

Gutxienez 34 adin txikiko palestinar hil dituzte Israelgo indar armatuek aurten, Human Rights Watch (HRW) GKEak ohartarazi duenez. Iazkoa izan zen azken hamabost urteetako hilgarriena Zisjordaniako haur eta gazte palestinarrentzat eta, HRWek esandakoaren arabera, 2023a maila hori berdintzeko edo gainditzeko bidean dago.

Ezkerrean, talde bat, 17 urteko haur baten gorpua hiletara eramaten. Eskuinean, bi soldadu israeldar, gizon palestinar bat armarekin apuntatzen. (Z. JAAFAR - J. ASHTIYEH | AFP)

Israelgo Armadak 34 adingabe palestinar hil ditu aurten, atzo Human Rights Watch (HRW) GKEak ohartarazi zuenez. Heriotzok, gainera, «zigorgabe» gelditzen direla gaitzetsi zuen.

«Okupatutako lurretan bizi diren haur palestinarrak hiltzen ari dira israeldarrak, gero eta gehiago. Israelen aliatuek, bereziki Estatu Batuek, Israeli presiorik egiten ez badiote norabidea alda dezan, haur palestinar gehiago hilko dira», dei egin zuen Bill Van Esveld-ek, HRWeko haurraren eskubideen zuzendariak.

GKEak argitu zuenez, azken hamabost urteetan iazkoa (2022) izan zen urterik hilgarriena Zisjordaniako adingabe palestinarrentzat. Hala ere, ohartarazi zuen 2023. urtea aurrekoaren maila berdintzeko edo gainditzeko bidean dagoela.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gatazka armatuen eraginpean bizi diren haurren kontra egiten diren eskubide urraketak jasotzen dituen txosten bat argitaratzen du urtero; bada, Van Esveld-ek Nazio Batuen idazkariari eskatu zion jaso ditzala 2023ko txostenean Israelgo indar armatuek haur palestinarren kontra egiten dituen bortxaketa larriak. Soldaduok «haur palestinarrak hiltzearen eta mutilatzearen erantzuletzat» har ditzala errepikatu zion.

HRWen arabera, Israelek «gehiegizko indarra» erabiltzen du palestinarren aurka zenbait hamarkadaz geroztik, eta, askotan, segurtasun-indarrek pertsonak hil dituzte «nazioarteko arauen arabera justifikatuta ez zegoen egoeretan».

Hildako adingabeetako batzuen kasuak aztertu ditu gobernuz kanpoko erakundeak, eta horietako lau ondoko deskribapenaren arabera hil zituztela ondorioztatu dute: «Israelgo indarrek tiro egin zieten gorputzaren goiko aldera, lekukoen arabera, inolako ohartarazpenik egin gabe eta bestelako neurririk erabili gabe, hala nola gas negar-eragileak, zorabio-granadak edo gomaz estalitako balak».

PALESTINARRAK ARMARIK GABE

Gainera, HRWen arabera, soldadu israeldarrek adin txikiko palestinarren kontra tiro egin dute, baita militarren ongizatea arriskuan ez zegoenean ere. Kasurako, haur eta gazte palestinarrek gainean armarik ez zutenean.

Horietako batek, 17 urteko Mahmud al Sadik, tiro bat jaso zuen. Jeningo hirian sarekada militar israeldar batean suertatu zen eskolara bidean, nahiz eta, lekukoen arabera, ez zuen armarik eta ez zegoen tokiko taldeen eta soldadu israeldarren artean gatazka armatua jazo zen lekuan.

Adin bereko beste gazte batek, Mohamed al Sleemek, tiro bat jaso zuen bizkarrean, soldadu israeldarrengandik ihesi zihoala, Zisjordaniako Azun herrian. 15 urteko Adam Ayadek bala-kolpeak jaso zituen bizkarrean, Betleemgo errefuxiatu-esparru batean egin zen protesta batean. Antzeko egoera batean, 17 urteko Wadea Abu Ramuz Ekialdeko Jerusalemenen hil zuen tiroz Mugako Poliziak.

HRWek dioenez, heriotza hauek ere ez dute eragiten inplikatutako indarren aurkako prozesu judizialik.