2023 IRA. 02 KOLABORAZIOA Ni ez ukitu Fito RODRIGUEZ Noli me tangere” (Ni ez ukitu) Jose Rizal (1861-1896) idazle, zirujau oftalmologo eta independentismo tagaloaren aita literarioak 1886an, Alemanian, Heidelbergen, idatzitako eleberria da, eta, hurrengo urtean kaleratu arren, hamarkadetan zehar Filipinetan debekatuta egon zen. Argitaratu eta berehala, 1898an hain zuzen ere, Filipinak independentzia eskuratu zuen. Txalapartak 2021ean plazaratu zuen liburua. Espainiarekiko loturak hautsi aurreko testu kostunbrista da testua, Filipinei buruzkoa. Fraideen kontrako salaketa istorioetan oinarritzen da, eta maitasun ezinezkoen nobela erromantikoa eta gizarteak izan zuen degradazioaren aurkako alegatua ditu mintzagai. Horrez gain, koloniak bere metropoliarekin zituen harreman zailei buruzko hausnarketa politikoa ere egiten du. Rizal bakezalea zen, baina atxilotu, eta, espainiarrek lau urtez erbestean bortxazko lanean eduki ondoren, Katipunan izeneko erakunde abertzalearekiko harremanik zuenik frogatzerik izan ez bazuten ere, auzitegi militarrek hori leporatu zioten, eta hil egin zuten. Rizalek, beste irakasle, kazetari eta politikariekin batera, Madrilen eta Bartzelonan argitaratutako “Solidaridad” (Elkartasuna) egunkaria sortu zuen, filipinar nazionalismoa gorpuztuz eta garai hartako kezka intelektualentzako bozgorailu gisa erabiliz. Filipinetako beste erreferente nazional batzuek beren ideiak adierazteko izan zuten erakustokia ere izan zen aipatu prentsa eta han argitaratutako literatura. Izan ere, Jose Rizalek “Noli me tangere” tagaloz idatzi bazuen ere, literatura, orduan, gaztelaniaz idatzi ohi zen Filipinetan. Independentzia lortu ondoren, ordea, ingelesa hasi zen erabiltzen testu literarioak idazteko. “The Child of Sorrow” (1921), Zoilo Galangek idatzitako liburua, melodramari eta literatura komertzialari lotutako ingelesezko lehen eleberri filipinarra izan zen. Aurten egokitu zait Frankfurteko Liburu Azokan egotea eta, bide batez, Rizalen gerizpea izan zen Heidelberg ezagutu dut. Aipatu Liburu Azokan Espainiak erakusten zuen munduaren aurrean bere gaztelaniazko literatura eta, oraingoz, askatu gabeko kolonien literaturak ere bai. Harro eskaintzen zituzten «galegoz, katalanez edo euskaraz izkiriatzen duten idazle espainiarrak». Poz handia hartu dut jakitean 2025eko Frankfurteko Liburu Azokan Filipinak izango direla Estatu gonbidatua. Horrela, Filipinetako gizarte zibilaren narrazioaren eta egungo panorama kulturalaren garrantziaz ikasteko aukera izango dugu. Bere 7.641 uharteetan hitz egiten diren 183 hizkuntza desberdinen kopuru harrigarriarekin egingo dugu topo zuzen-zuzenean. Horrela, adibidez, Christina Pantoja-Hidalgoren azken testuak ezagutuko ditugu (“Lau milioi pagodako hiria”), edo John Iremil Teodororen “Elefantea izendatzen” liburuaren ondorengoak eskuratzeko bidea ere izango da... Filipinak munduko 13. naziorik handiena dira, 110 milioi herritar baino gehiagorekin, baina Europako gutako askorentzat bere literatura gaur egun lurralde ezezaguna da. Loren Legarda senatari filipinarrak (jatorri euskalduna ote?) honi buruz zera esan zuen duela gutxi: «Gu ohorezko gonbidatuak izateko bidea eraikitzen joan da azken urteetan zehar. Indonesia 2015ean izan zen gonbidatua. Hamar urte geroago, bazen garaia eremu bereko beste herrialde bat arreta-zentroa izateko. Bazen garaia nazioarteak gure istorioak, geure ahotsez kontatuak, irakurri eta balioetsi ahal izateko. Filipinetako istorioak irakurtzeak merezi du, konplexuak direlako eta irudimen kolonial eta postkolonialaren eragina ezagutzen laguntzen dutelako». Bagoaz aurrera deskolonizazioaren bidean. Agian urte batzuk barru euskal literatura gonbidatuko dute Frankfurtera, bere ahotsaz inolako mendekotasunik gabe hitz egin dezan.