GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Hasiera nahasi bezain biziak bideratutako garaipena

Lehendabiziko bost minutuetan bi penalti gelditu zizkion Mamardashvilik Kike Garciari, eta partidako hirugarren jokaldian asmatu zuten babazorroek, Özkacarrek bere atean sarturiko golarekin.

Kike Garcia, 1-0ekoa ospatzen; hots, Özkacarrek bere atean sarturiko gola, bera tartean zegoela. (Endika PORTILLO | FOKU)

Afizioa eta taldea bat eginda, entrenatzailea zaleen animo kantuak jarraitzen, pozik... Hauxe da Alavesen egoera ligako lau jardunaldi jokatuta eta sei puntu batuta; bi partida galdu eta beste bi irabazita, azkena atzo bertan. Valentzia ere zenbaki berdinekin dago, baina dinamiken kontuak balio gehigarria dauka futbolean eta, oro har, kirolean. Babazorroek etxean erreskadan eskuratzen duten bigarren garaipena izan zen atzo arratsaldekoa, eta etxeko berotasunean handi egin nahi dutenaren asmo argiak islatu zituzten. Eta horretarako, noski, gakoa da partidetan topera hastea.

Eta a zer nolako hasiera atzokoa! Nahasia bezain bizia, eta mingarria izateko zorian, baita ere. Lehen minutua pasatuta, etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen Gonzalez Fuertesek. Jokaldia argia zen: Diakhabyk atzean geratu zen bere taldekidearen pasea jasotzeko, atezainak hartuko zuelakoan, eta bitartean, Rioja bizi-bizi tartean sartu eta falta gogorra egin zion Mamardashvili atezainak, nola edo hala jokaldia geratzeko asmo zuzenarekin.

Akatsa eginda, atezainari berari zegokion arriskuaren aurrean taldea salbatzea, eta bai lortu ere. Ez behin, baizik eta bi aldiz. Kike Garciaren lehendabiziko jaurtiketa, Mamardashviliren ezkerrera jaurtitakoa, gelditu egin zuen, baina Lopez arean sartu zela-eta, errepikatzera bidali zuen epaileak. Ciudad Realekoa bera arduratu zen bigarrengoan ere, oraingoan eskuinera jaurtita, eta are gehiago luzatu zen atezaina, gola saihesteko.

Artean, 7. minutua zen oraindik eta Alaves hirugarren gol jokaldia eratze prozesuan zegoen. Duartek erdiraketa oso arriskutsua egin zuen eta Kike Garcia, areako gizona dela agerian utziz -eremu horretan jazotako 11 jokalditan izan zen protagonista-, errematerako prest zegoen Özkacarrek bere oina jarri eta baloia bere atean sartu zuen arte. Mamardashvilik ezinezkoa izan zuen hirugarren aukera hori desbideratzea eta Kike Garciak, beraren gola izan ez bazen ere, hirugarrenean asmatu zuen.

BORROKA

Hain zuzen ere, Kike Garciaren bizitzako leloa da amore ez ematea, eta halaxe lortu zuen Alavesek ere denboraldiko bere bigarren garaipena. Hain gol goiztiarrarekin, Luis Garcia Plazak zuzendutako taldea ondo moldatu zen abantaila defendatzeko, defentsan zein erasoan.

Kike Garciak berak bigarren gola gertu izan zuen, atzelariei bizkarra hartu, arean sartu eta oinean baloia ondo kokatu ostean, jaurtiketa gurutzatuak zutoinarekin topo egin baitzuen. 39. minutua zen eta atsedenaldira iritsi bitartean, apenas egon zen baloia mugimenduan, bi taldeen zenbait falta tarteko.

Valentziako entrenatzaile Barajak onartu zuen espero baino gutxiago sufritu zuela Alavesek lehenengo zatian eta «makal aritu zirela». Itxuraldatuta eta bi aldaketa eginda zelairatu ziren valentziarrak, eta estu hartu zituzten etxekoak. Sivera atezainak berretsi zuen garaipenaren zati bat berea zela.

Diego Lopezekin aurrez aurre neurtu zen Sivera, eta handi egin zen berdinketa saihesteko. Erdiraketetan ere arin ibili zen, eta baita sendo ere, baloia ondo desbideratuz. Luis Garcia Plaza teknikariak ondo irakurri zuen partida eta aldaketa guztiek eman zioten emaitza: Solaren freskotasuna Kike Garcia probesteko zorian egon zen, honen erdiraketa buruz kanpora errematatuz. Omorodionen zelairatzeak are gehiago hustu zuen Valentzia eta, honi esker, Guridik gol aukera garbia izan zuen... Tenaglia eta Benavidezek, bestetik, sendotasuna eman zioten, erreskadan bigarren porrota jaso zuen Valentziaren amorraziorako.