GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Lasai, aterako da zerbait


Iraila heltzearekin, saihetsetako hodeiek zerua ixten dute tximista eta burrunbaren bat tarteko. Jertsea jantzi duzu zirarik hartu ez izana damutuko ote zaizun zalantzaz. Irailaren etorrera horrelakoxea da eta derrigorrezko irakaskuntzak badaki. Zerbaitetaz kexatu behar eta irailaz kexatzen dira irakasleak, arrazoirik ez zaie falta, baina.

Nik ere baditut inguruan lagunak esleipenetara eta ordezkagunera jokatzen dutenak, eta hilaren lehenean plaza gutxi bete zirela eta, ikusi dut iraila. Irailak berekin dakar lan egiteko presioa, eta zer txarragorik gainontzekoek alferra zarela edo, are, lanik egin nahi ez duzula pentsatzea baino. Halanahitako langabezian dagoenari gertatzen zaio. Beti heltzen da «eta, zuk non egiten duzu lan?» galdera -zeina «non egon zara oporretan»-en sokakoa den- eta azala larru behar da «langabea naiz» erantzuteko -«aurten ere ez dut oporretan inora joan nahi izan» esatekoa beste-. «Lasai, lehenago edo beranduago aterako zaizu zerbait» entzun nahi ez denez eta «langabea» ez denez guztiz zuzena, bestelako erantzun zehatzagoak bilatu izan ditugu: baratzean, halako kolektibotan, honako idazten, etab. Eta erantzunari galdera gehitu: «Eta zuk zertarako egiten duzu lan?». Zertarako zeren alde ere uler.

Eta, jakina, lanarena ez da konputazioko sistema binario sinple bat, lana Bai edo Ez-etik harago doa. Zer tema dago lanaldi osoekin? Eskari eta eskaintza, ordu parrasta bat doa kotizatzera eta, tira, kotizatuz gero, gaitz erdi, dedikazio osoko lanaldi erdiak ere egon badaude eta. Behin absurdotzat hartutako galderak egiten hasita, «lanaldi osoa, zertarako?». Lasai bizitzeko omen; diruz lasai bizitzeko izango da. Edo agian egia da, «diruz» hitza ez dago omitituta eta bada lanaldi osoan lasaiago bizi denik, nork alfer edo lanerako ahultzat hartuko duen beldur ibili gabe.

Ezin esango dugu ezer, ni ere hor egon naiz, ziurrenik egongo naiz, eta ez nagoen honetan zail da komenigarriagoa zaidala esaten. Beraz, lasai, lehenago edo beranduago etorriko da opor-egunen bat.