GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Banderak «bueltan»


Bandera oihal zati bat da, talde, komunitate edota pertsona juridiko bat identifikatzen duena: nazioa, lurraldea, hiria, erakundea… Bandera batzuen esanahia ia unibertsala da; esate baterako, arerioaren aurrean altxatutako bandera zuriak amore emate edo menia eskatzea adierazten du; horiez guztiez gain, bandera, seinale edo markaren erabilera giza arlo askotara hedatu da: gorria, debekua; laranja, arriskua eta berdea, baimena, kode komun zabal moduan onartzen dira.

Komunitate nazional bati edo Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) definitu duen moduan «objektiboki identifikagarria den pertsona-talde» bati eragiten dionean, pertsona-talde edo komunitate horren identitatea elkarrekin adierazteko sinbolo bihurtzen da. Bi adibide jartzearren, Nazio Batuen Erakundearen ikurra erakundearena berarena soilik da. Munduko leku askotara zabalduta badago ere, ez du identitate-talde jakinik ordezkatzen.

Aitzitik, ikurrina ez da Eusko Jaurlaritzarena, ez eta «Euskal» Autonomia Erkidegoko jendearena soilik. 1936ko lehen Euzko Jaurlaritza bera baino lehenagokoa da eta Euskal Herriko biztanleriak eurentzat hartu zuen Foruen kontra Madriletik zetorren erasoari aurre egiteko. Are gehiago, Espainiapeko euskaldunen ikur ez ezik, Frantziapekoentzat ere halaxe da gaur egun.

Nafarroako banderarekin, bere diseinu eta iruditeria bertsio guztiak gorabehera, gauza bera gertatzen da. Nafarroako bandera ez da Nafarroako (Garaiko) Foru Aldundi edo Nafarroako (Garaiko) Gobernuaren ikurra. Euskal herritar guztiok (zazpi probintzietako eta bertze anitz lekutakook) bildu gintuen Nafar Erresuma subirano, independente eta homologatuaren ikurra izan zen 1620ra arte Europako Estatuen kontzertuan.

Batean zein bestean ordea, ikur biak, erakundeen ikur partikular bezala aurkezteko ahalegina sumatzen da azken urte hauetan. Bistakoa da ahalegin hori euskalnafarren batasunaren kontrako bidetik doala. Ez da erraza izango Iparraldeko eta euskal diasporaren komunitateetan errotzea ikurrina ez dela euren ikurra, Autonomia Erkidegokoena soilik baizik. Zailagoa izan daiteke ikurrina Nafarroa Garaiko biztanle guztiona dela eta hegemonikoa bilakatzea lurralde horretan; bide batez, Autonomia Erkidegoko erakundeetan Nafarroakoa ere geurea badela zabaltzea bezain zaila. Horretarako, batean zein bestean, Espainiako auzibideak aitzakia eta indarkeria («coercitivo» haientzat) erabili behar badituzte ere. Adibidez, jada, Baztanen eta Lizarran.

Aurtengo Baztandarren Biltzarra festa egunean esaldi hau ikus zitekeen Baztango Udalaren balkoi nagusitik zintzilik: «Frankismoan bezala, ikurrina udaletxean paratzea debekatu dute». Gauza bat da derrigorrez ipinaraztea eta bestea debekatzea. Ba al du zilegitasunik Nafarroa Garaiko Gobernuak, berea ez den ikurra jartzera derrigortzeko ala debekatzeko? Eta Jaurlaritzak Erkidegoko udaletan nafar ikurra debekatzeko? Frantziapeko Ipar Euskal Herrian ez, ez bata ez bestea, biak libre. Gure ustez, biak ala biak beharko lirateke elkarren ondoan. Gero eta gehiago gara hori uste dugunok. Horrela ikusi genuen Tourrean eta hala ikusteko esperantza dugu hurrengo bueltan. Barka, Vueltan.