GARA Euskal Herriko egunkaria
LANGABEZIA

Abuztuak 2.496 langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Langabezia erregistratuaren tasak gora egin du abuztuan Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 2.496 langabe gehiago utzita. Orotara, 137.822 pertsona daude enplegu bulegoetan izena emanda, iazko data berean baino 6.897 gutxiago. Sindikatuek emakumeen prekarizazioa eta 55 urtetik gorakoena salatu dituzte, besteak beste.

Lanbideren bulego bat, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Abuztuaren amaieran, 137.822 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilean baino 2.496 gehiago, baina iazko data berean baino 6.897 gutxiago. Espainiar Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak atzo emandako datuen arabera, langabeziaren hileko hazkunderik handiena Gipuzkoan izan da, %3,31 hazita eta 920 langabe gehiagorekin. Ondoren Araba dator, %3,02ko hazkundearekin, hau da, 558 langabe gehiagorekin, eta Bizkaian, aldiz, %1,68 igo da langabezia erregistratua, 1.005 langabe gehiagorekin. Nafarroari dagokionez, 13 langabe gehiago baino ez dituzte zenbatu Nafar Lansarean (%0,04).

2022ko hil beraren aldean, langabeziak behera egin du lau herrialdeotan: jaitsierarik handiena Nafarroan izan da, %5,80 behera eginda eta 1.797 langabe gutxiago zenbatuta. Bizkaian %5,19 jaitsi da tasa, 3.334 langabe gutxiagorekin. Gipuzkoan, urte arteko jaitsiera %3,86koa izan da, 1.152 langabe gutxiagorekin; Araban, aldiz, %3,13 murriztu da, hau da, 614 langabe gutxiago.

Bestalde, abuztuan 71.300 kontratu formalizatu dira, aurreko hilean baino 17.642 gutxiago eta 2022ko hil berean baino 3.360 gutxiago. Hego Euskal Herri osoan abuztuan sinatutako kontratuetatik 16.354 mugagabeak izan dira.

Espainiar Estatuari dagokionez, 24.826 langabe gehiago erregistratu dituzte abuztuan enplegu-zerbitzuetan, aurreko hilaren aldean (+%0,9). Zehazki, abuztua 2.702.700 langaberekin amaitu da, 2008tik abuztu batean izan duen kopururik txikiena.

LANGABEEN GEHIENGOA, EMAKUMEA

LABek datuen atzeko prekaritatea salatu zuen; batez ere emakumeen lan baldintzen ingurukoa: «Aldizkako kontratuen %6,13 eten dira maiatzetik hona». Azaroaren 30eko greba orokor feministara dei egin zuen, «lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko, zaintza lanak erdigunean kokatzeko».

ELAk salatu zuen Hego Euskal Herrian «enplegua suntsitu» dela berriro, eta nabarmendu, abuztuan sinatutako kontratuen %77 aldi baterako izan direla.

Nafarroako CCOOk ere emakumeen langabezia nabarmendu zuen, eta «lehen mailako arazo estrukturala» dela azpimarratu. «Benetako genero-ikuspegia duten enplegu-politikak aplikatzea eta enpresetan berdintasun-planak ezartzea exijitu zuen.

UGT Euskadik, bestalde, 55 urtetik gorako langileen eskubideak defendatzera deitu zuen, eta horiei «erantzun bat» eman behar zaiela adierazi: «Lan merkatura itzultzea zaila dutelako». Bestalde, Lan Ikuskaritzari kaleratzeak berrikusteko eskatu zion: «Kaleratzea merkea da oraindik; lan erreformekin egoera honi heltzen jarraitu behar zaio».

«SUSPERRALDIAREN» GARAIA

Nafarroako Gobernuak zein Lakuakoak balorazioak egin zituzten, bakoitzak bere aldetik, baina biak ere udazkenari begira jarrita. Carmen Maeztu Gizarte Eskubide, Ekonomia eta Enplegu sailburuak adierazi zuen legegintzaldi honetan bere departamentuaren funtsezko erronketako bat «Nafarroa oparoago» baten alde lan egitea izango dela; besteak beste, enplegua sortuz.

Idoia Mendia Lakuako Lan eta Enplegu sailburuak abuztuko datuek «salbuespenezko urte batean ohikoa den portaera» islatzen dutela adierazi zuen eta «udazkenean gertatu ohi den errekuperaziorako lurzoru sendoagoa» dagoela: «Errealismotik eta zuhurtziatik uste dugu susperraldia posible izango dela».

Gobernu espainoleko Joaquin Perez Rey Enplegu eta Gizarte Ekonomiako idazkariak esan zuen abuztuko afiliatu kopuruaren jaitsiera «positiboa» dela aurreko urteetakoarekin alderatuta. Eta datuak urtaroen arabera ez begiratzeko eskatu zuen, 223.373 langabe gutxiago baitaude.