GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

UTMBko babesle berriak kritikak sortu ditu milaka korrikalariren artean

54 herrialdetako 2.000 lasterkarik baino gehiagok Dacia auto markarekin harremana eten dezala eskatu diote “trail running”-eko erakunde horri.


Arrakasta handia duen Ultra Trail Mont Blanc (UTMB) trail running-ean, joan den astean jokatutako 20. edizioan, argi-ilun azpimarragarri bat izan da. Aurten ez zaio soilik UTMB deitu, baizik eta “Dacia UTMB”. Horrek esan nahi du auto marka hori Chamonixeko kirol erakunde horren bazkide edo babesle nagusia izan dela, baita UTMB World Series zirkuituarena ere.

Chamonixeko antolatzaileen erabaki horrek asko haserretu ditu korrikalari asko eta asko. The Green Runners (TGR) taldeak idatzi bat plazaratu zuen UTMB hasi aurretik, eta egiten ziren eskariekin bat egin dute 54 herrialdetako 2.000 lasterkarik baino gehiagok. Tartean dira izen handiko atletak ere: Kilian Jornet, Lizzy Hawker, Emelie Forsberg, Beth Pascall, Andy Simonds…

Sinatzaileek UTMB taldeari eskatu diote eten dezala Daciarekin duen harremana, sportwashing-i ezetz esateko: «Klima-larrialdi batean gaude, eta erregai fosilak dira arazoaren muin nagusia. Sortu duten hondamendi globalari aurre egin ordez, industria saiatzen ari da irudia garbitzen, kirol arloan inbertsio handiak eginez: futbolean, golfean, txirrindularitzan eta, orain, trail running-ean».

TGR-en idatziak gogoratu nahi du errepideetan egiten diren bidaiek isurien %45,1 pilatzen dutela: «Daciak zortzi milioi bezero ditu 44 herrialdetan, eta batez ere SUV izeneko autoak ekoizten ditu. Hauek auto normal batek baino %25 gehiago kutsatzen dute, eta auto elektriko batek baino lau aldiz gehiago. Ikusten ari gara Chamonixeko ibarrean dauden glaziarrak oso azkar urtzen ari direla. Kirol ekitaldi horren antolatzaileek bat egin dute klima kolapsoa sortzen ari den industriarekin, eta hori ez da onargarria».

ADOSTASUNIK EZ

Idatzia plazaratu eta egun gutxira, UTMB-ko arduradunak harremanetan jarri ziren salaketa horiek egin dituzten bozeramaileekin. Momentuz, bi aldeak ez dira bat etorri. Antolatzaileek adierazi dute kirol ekitaldi hori %100 jasangarria izateko lan egingo dutela. Azken urteotan bezala, aurten ere abuztuko azken astean Chamonix eta bere ingurumaria bisitariz lepo zegoen. Mont Blanc-eko oinetan dagoen herri horren biztanleria bost aldiz bikoiztu da. Irudi batzuk ere oso adierazgarriak dira: tunelak inoizko auto ilara handienak izan ditu.

Astebete «ero» horren aurrean, antolatzaileek adierazi dute aipatutako tunelarekin ezusteak izan dituztela: «Luiziak izan dira, eta horregatik, mugan dagoen tunel bat itxi behar izan dute. Gure aldetik, saio erraldoia egiten ari gara naturak izan ditzakeen ondorio kaltegarriak gutxitzeko. Garraioetan foku nagusi bat jarri dugu, zero emisioak lortu ahal izateko. Argi eta garbi dago garraioa arazoaren giltza dela. Eta horretarako, bertaratzen direnak hezi egin behar ditugu, eta animatu, elkarrekin mugi daitezen. Konturatu behar dira autoaren erabilera murriztu behar dela. Ibar guztian alde batetik bestera kirolariak mugitzeko 200 autobus jarri genituen. Lasterkari hauek garraio eta zabor kontuetan hezi behar ditugu. Duela urte batzuk, hondakin asko botatzen zen; egun, jarrera hori ia ezabatu dugu. Ez da erraza, baina uste dugu pixkanaka lortzen ari garela».

Amaitzeko, UTMB-ko eledunek diote jasangarritasunaren bide-orriei esker ari direla ekintza batzuk hain zuzen aurrera egiten: «Ingurumena babesteaz gain, bertako elkarteak laguntzen ditugu. UTMB oso handia egin da, eta gure eskuetan dagoena egingo dugu dauden arazo horiei guztiei amaiera emateko».