GARA Euskal Herriko egunkaria

SASOIKO SARIA JASO DU TOLOSALDEAK, ETA KONTXAKO BANDERAKO FESTARA BATU DA

Kontxako lehen jardunaldian, Tolosaldeak lehen postua lortu du. Izaro Lestayo patroiak esan du lortutakoak haiengan «sinisteko» balioko diela. «Inoizko Kontxarik estuenean», Nadeth Agirre Orioko patroiarekin, Ane Sanchez Arraun Lagunak-eko arraunlariarekin eta Maialen Alkorta Donostiarrakoarekin aritu da GARA.

Izaro Lestayo Tolosaldeako patroia, Getariako zapia soinean duela, Kontxako lehen jardunaldiko estropada amaitu berritan, negarrari eutsi ezinik, arraunlariei begira. (Gorka RUBIO | FOKU)

Marealdi bat sentipen. Horixe ari dira sentitzen Tolosaldeako arraunlariak, Kontxako Banderako lehen jardunaldia irabazi ostean. Igandean ez zuten sinisten, astelehenean barneratzen hasi ziren, eta asteartean jada, irabaz dezaketela sinisten hasi dira. Arraunlariak kafe bat hartzeko geratu ziren asteleheneko lan saioa baino lehen. «Jendea etxean urduri zegoen, desiratzen ari ginen taldearekin estropadaz hitz egiteko», adierazi du Izaro Lestayo (Getaria, 1998) Tolosaldeako patroiak. Eta segidan, hala esan du: «Giroa... puf! Sekulakoa zen, denak ezin sinetsita geunden. Izugarria egin dugu, eta oraindik barneratzen ari ginen. Igandekoa eta gero, entrenamenduetan beste txispa bat igartzen da». Eta txispa horrek bandera irabaztera gidatuko al ditu? «Badakigu zaila izango dela errepikatzea. Zerotik hastea izango da, baina aurreko igandeak zerbaitetarako balio izan badigu, guregan sinisteko eta handiagoak izateko izan da. Dudarik gabe, banderaren bila joango gara, nahiz eta zaila izan. Beste taldeak doazen bezala, gu ere bila joango gara». Faborito nagusia? «Oraintxe bertan gu ikusten gara, ez dut besterik esango», dio, barrez, getariarrak.

EZIN MALKOARI EUTSI

Tolosaldeak bigarren txandan egin zuen arraun, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia traineruekin batera. Estropada aurretik, lemazainak aitortu du «gehienez», bigarren egitea «espero» zutela, baina ikusi zutenean «aurkariak ez zirela joaten, bertan zeudela eta aurrenak geratzeko gai zirela...». Estropada irabazteko gakoa lehen luzean egon zen, brankaz: «Ramonek [Erostarbe entrenatzaileak] esan zigun brankaz gainerakoei eusten bagenien, lasai egoteko, bueltatuko ginela, eta esan zidanean hiru segundora genuela Donostiarra lehen ziabogan, denok gora egin genuen: ‘Neskak, poparean bueltatuko gara eta jan egingo ditugu’, eta horrela izan zen».

Poparean lehia polita izan zuten “Kaiarriba”-rekin batera. Kostaldekoak lehen kaletik zihoazen, eta barnealdekoak bigarrenetik. Donostiarrak istribor aldera mugitu nahi zuen, baina Tolosaldeak kaleari eusteko apustu egin zuen: «Arraun Lagunak hirugarren kaletik xorro-xorro aurrea hartzen ari zen, baina guk Donostiarrarekin genuen lehia», hausnartu du Lestayok. Amaitu berritan, arraunlari batek galdetu zion patroiari: «Izaro, baina zer gertatu da?». «Lehenak izan ginela esan nionean, denak negarrez hasi ziren. Behe-behetik datoz, bigarren urtea dute Euskotren Ligan, eta Kontxan bigarren urtean jada lehenak geratzea... Negarrez ikusi nituenean, ezin izan nion malkoari eutsi».

BanderaRAKO, BERDINTASUN HANDIA

Lehen txandan Oriok erlojupeko lana egin zuen, ikusita Hibaika, Zumaia eta Kaiku atzean geratu zirela. Bigarren txanda amaituta, laugarren egin zuten “mirotzek”. Aurpegi tristeak ikus zitezkeen Donostiako arrapalan Orioko ontzian. Nadeth Agirre (Orio, 1993) patroiari ea hala izan zen galdetuta, esan du «tristura gehien» laugarren postuak eman ziela, ez segundoek: «Lau segundo ez dira ezer. Gure burua gai ikusten dugu horri buelta emateko. Ez zen tristura izan, ez dakit nola esan... taldekideei esan nien; kontentu egoteko moduan gaude, estropada ona egin dugu eta horri heldu behar diogu».

Kontxako Banderarako lehian lau ontzi daude bost segundoan. Arraun Lagunakek hemezortzi ehunenera du Tolosaldea, Donostiarra 2.16ra dago, eta Orio 4.66ra. «Inoiz baino estuago» dagoela adierazi dute Ane Sanchez (Anoeta, 1998) Arraun Lagunakeko arraunlariak eta Maialen Alkorta (Donostia, 1998) Donostiarrakoak: «Neskena inoiz ikusi den politena da; bai kanpotik bai barrutik, eta horrek fabore handia egiten dio bai arraunari bai nesken kirolari», esan du Alkortak. Aldi berean, “Lugañene”-koak adierazi du «baldintzek are estuagoa» egiten dutela lehia, eta horregatik, «diferentziak askoz txikiagoak» izango direla.

Sanchezek, Alkortak eta Agirrek bat egin dute esanez banderarako lehian berdintasuna handia dela. Orioko patroiaren iritziz, beste hiru ontziek haiek baino «presio gehiago» dute, «zerbait galtzekotan, besteek galtzeko gehiago dutelako»: «Txanda irabazten duenak eramango du bandera». Donostiarrakoak ez du Orio «alde batera utzi nahi»: «Asko hitz egiten da Tolosaldeaz, Arraunez, eta Donostiarraz. Baina Orio, Orio da, eta lau segundo estropada batean bada, baina, aldi berean, ez da asko». Hala ere, Alkortak esan du faboritoa “Lugañene” dela, bi arrazoirengatik: Tolosaldearekin batera, «oso antzeko» denbora egin duelako, eta liga irabazi duelako. Sanchezek esan du Tolosaldeak «sustoa» eman duen arren, «zaila» izango duela bigarren estropada «berdin bat» egitea, eta beste hiru ontziak «indartsuago» ikusten dituela.