2023 IRA. 07 KOLABORAZIOA Temoso eta ezjakinak Jose Ignazio ANSORENA MINER DECLARO: Sentir el Alarde tal y como lo recibimos de nuestros antepasados (…) proteger, transmitir y difundir el valor del Voto y de nuestro Alarde, contemplando a la mujer en la participación del propio Alarde como representación única de la figura de la cantinera. Ser conocedor de que cualquiera acción por mi parte en contra del punto anterior supone mi inmediata expulsión y pérdida de la condición de socio de Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkartea. Urtero prentsan agertzeari gustua hartu diote Hondarribiko batzuek. Horrela, urte batean bai eta hurrengoan ere bai, kanpaikada jotzen dute ditxosozko Alardearen kontuarekin. Eta onartu behar diegu sormena badutela. Mugak gainditzen dituzte. Aurten, Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkartearen eskutik iritsi da notizia. Izen luzeko taldeen bazkideei goiko testu hori sinarazi omen diete. Irratian entzutean ez nuen sinetsi, fake bat zelakoan geratu nintzen. Baina herriko alkatea ere horretaz mintzatu zen eta ziplo geratu nintzen benetakoa zela ikusita. Saiatu naiz testuaren euskarazko bertsioa bilatzen. Ez dut aurkitu. Euskara ongi dago Elkarte eta denden izenetarako, goiburuetarako… baina kontu serioez jarduteko espainola bezalakorik ez dago. Hala ere, zaila zuten espainolezko bertsio hori okerrago idaztea. Zein baldar eta akatsez betea dagoen horren testu laburra. Hori idatzi duena ikasle banu, “Ez nahiko” biribila jarriko nioke. Mamiaren aldetik, psikiatrarengana joateko modukoa da. Alardea sentitu behar dute gure ahaide zaharrek bezala. Honek erantzunik gabeko galderak besterik ez ditu sortzen: noren arbasoak (testua sortu dutenenak? Joxe arrantzalearenak? Pepita dendariarenak? Edo Iker eta Iratirenak?), noizkoak? (orain berrogeita hamar urtekoak, orain ehun urtekoak, XIX. mendekoak, XVIII. mendekoak…?), jakin al daiteke arbaso horiek planteatu ere egin ez zitzaizkien galdera eta kezken aurrean zer erantzungo luketen eta, zailago, nola erantzungo, egun bizi balira? Naturalak ematen ez dienez, adimen artifizialaren bitartez, Joxe Miel Barandiaranen espiritua esnatu eta haren Orakulua aditu beharko. Eta nola neurtu sentimendu hori? Kontu bakarra aipatzen da horren adierazgarri: emakumeen parte hartzea. Arlo asko aipa daitezke ahaide zaharren alardeei buruz hastekotan: nolako jantziak erabiltzen zituzten (oihalen kalitatetik hasita), zenbat edaten zuten, nolako debozioz joaten ziren elizara, Guadalupera inor autoz igotzen ote zen, nolako eskopetak eramaten zituzten, megafoniarik ba ote zegoen, noiz hasi ziren udatiarrak bertan, txinatarrak edo senegaldarrak onartzen zituzten…? Eta musikaren inguruan dabilen elkarte bat denez, horrekin zerikusirik dutenak ere aipa litezke: nolako tresnak erabiltzen zituzten (plastikozko txilibitu horiek… Saxofoiak noiztik ote diren zilegi, Japoniako jatorria duten tresnak noiztik erabiltzen diren), nolako harmonizazioak jotzen zituzten gure zaharrek, lehenago Musika Bandan emakumezkoak aritzen ote ziren... Txatxukeriak. Kontu garrantzitsu bakarra dago: Alardean emakumeen parte hartzea. Halako obsesio modukoa dute. Hitz nagusiak dira. Testuaren estiloa jatorra da. Jatorregia: arbasoenaren modukoa, alegia. Capitan Trueno komikien solemnitatea imitatzen du eta naftalina usaina dario. Dagoeneko urteroko berri sortzaile hauek halako samurtasunez begiratzen ditut. Etorkizun onik ez dutela badakite barru-barruan, herriko gazte jendea kokoteraino dagoela eurekin, eta beste asko Hondarribiko izena eta izaera okerrerako famatzen ari diren ustean daudela… Baina temoso ekiten diote. Feijóo gogorarazten didate. Izkribuaren errematea: garai bateko inkisidoreen jokabidea atxiki dute eta goi asmo horien aurka doan edonor Elkartetik kanporatuko dute. Betiko infernura. Konjuratu egin dira, saiakeran hilko direla jakin arren. Trukean, Alarde salbatzaileen zerura joango dira noski. Bien bitartean, doazela idazketa ikastaroren batera. Zuzen idazteak ongi pentsatzen laguntzen baitu. Dagoeneko urteroko berri sortzaile hauek halako samurtasunez begiratzen ditut. Etorkizun onik ez dutela badakite barru-barruan, herriko gazte jendea kokoteraino dagoela eurekin, eta beste asko Hondarribiko izena eta izaera okerrerako famatzen ari diren ustean daudela… Baina temoso ekiten diote. Feijóo gogorarazten didate