GARA Euskal Herriko egunkaria

Txinak gerra hotz berri batez ohartarazi du Asean-en goi bileran

Txinak gerra hotz berri baten arriskuaz ohartarazi zuen Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko (Asean) estatuburuen goi bileran. Aseaneko kideek tentsioak areagotzen ari direla eta ez dutela AEBen eta Txinaren arteko bitartekari izan nahi nabarmendu zuten.

Li Qiang lehen ministro txinatarra, Asean-en gailurrean. (Yasuyoshi CHIBA | AFP)

Li Qiang lehen ministro txinatarrak potentzia handien desadostasunak kontrolpean mantentzeko eskatu zuen eta gerra hotz berri baten arriskuaz ohartarazi zuen Asiako hego-ekialdeko estatuetako (Asean) buruen gailurrean.

Txinak aurretik ere kezka azaldu du behin eta berriro Ameriketako Estatu Batuen politikak eskualde horretan blokeak sortzea bultzatzen duelako, Quad (AEB, Japonia, Australia eta India) eta Aukus (Australia, AEB, Britainia Handia) bezalako aliantzekin.

«Desadostasunak eta eztabaidak sor daitezke herrialdeen artean, gaizki-ulertuak, lehian dauden interesak edo kanpoko interferentziak direla eta. Eztabaida horiek kontrolpean mantentzeko, funtsezkoa da orain bandorik ez aukeratzea, blokeen arteko borrokari aurka egitea eta gerra hotz berri bat eragoztea», esan zuen Li Qiangek.

Iritzi berdintsua plazaratu zuen Asean taldeak komunikatu bateratu baten bidez. Eskualdean tentsio geopolitikoak areagotzen ari direla ohartarazi zuen; esaterako, Taiwan, Hego Txinako itsasoa, Ipar Korea eta Myanmar puntu berotzat jota.

Txinako itsasoan «konfiantza higatzen eta tentsioa areagotzen duten ekintzak» gertatzen ari direla salatzen du agiriak. Filipinek eta Vietnamek Pekini leporatzen diote beren kostazainen aurkako jazarpena eta erasoak areagotu dituela. Aldi berean, Txinak AEBen presentzia militarra salatzen du.

Halaber, Ipar Korearen arma-programa nuklearraren garapena kezkagarritzat jotzen dute herrialde asiarrek «eskualdeko bakea eta egonkortasuna mehatxatzen dituelako».

Asteartean Aseanek Jakartan bere batzarra egin ondoren, atzo haren buruek hainbat elkarrizketa izan zituzten Txina, Japonia, Hego Korea, Estatu Batuak eta Kanadarekin. Potentzia handiek taldeko hamar herrialdeen gainean presioa egiteko edo gorteatzeko aukera izan zuten.

AEBAK ETA TXINA

Hala ere, Asian nagusitasuna jokoan duten bi potentzia handietako presidenteek, Joe Bidenek eta Xi Jinpingek, ez zuten goi bileran parte hartu. Kamala Harris AEBetako presidenteordeak Aseaneko buruei eskertu zien «haien konpromiso partekatua nazioarteko arau eta estandarrekin». «Estatu Batuek konpromiso iraunkorra dute Asiako hego-ekialdearekin, eta, are gehiago, Indo-Pazifikoarekin. Harro gaude Ozeano Bareko potentzia izateaz», gaineratu zuen.

Harrisen hitzak ez ziren nahikoa izan Washingtonen asmoak argitzeko, eta Joko Widodo Indonesiako presidenteak AEBak eskualdean «indar positiboa» izan daitezela eskatu zion. Asiako hego-ekialdeko herrialdeek ez dutela potentzia handien bitartekari izan behar gehitu zuen.

Gainera, liderrek ere kezka agertu zuten Txinaren eta AEBen arteko elkarrizketa faltagatik, eta Lee Hsien Loong Singapurreko lehen ministroak eskatu zien «lidergoa erakuts dezatela guztioi eragiten diguten gai global batzuei heltzeko orduan».

Li Qiang-ek, bestetik, topaketa deserosoa izan zuen Japoniako lehen ministro Fumio Kishidarekin. Txinak jatorri japoniarreko uretako produktuen inportazioa bertan behera utzi du, Fukushimako zentraleko ur erradioaktiboaren isurketagatik. Kishidak isurketa segurua dela defendatu zuen eta Lik Tokiori jarrera arduratsua eskatu zion.

Li Filipinetako presidente Ferdinand Marcos Jr.-rekin ere bildu zen, bi herrialdeen arteko lurralde-tentsioak areagotzen ari direlako, Manila Washingtonera hurbildu dela eta.

Bestalde, Marcos Jr. Harrisekin elkartu zen, eta honek «AEBek Filipinekin duten konpromiso irmoa» berretsi zuen.

Hego Koreako presidenteak, bestetik, Ipar Korearekin inolako lankidetzarik ez izateko eskatu zien bere kideei, Errusiarekin armen salmenta negoziatzen ari baita, Washingtonen esanetan.



Condena de la continua violencia en Myanmar

La Asociación de Naciones del Sudeste Asiático (Asean) condenó en la cumbre de Yakarta la continua violencia ejercida por la junta militar que gobierna Myanmar desde el golpe de Estado del 1 de febrero de 2021 contra la población y pidió a las Fuerzas Armadas del país dejar de atacar a civiles. Los líderes criticaron los actos de la Junta militar, que sigue «atacando a aquellos que piden democracia en el país». Así, señalaron que esta violencia «tiene un impacto adverso sobre la estabilidad en la región, especialmente en la zona fronteriza». En este sentido, alertaron del aumento de la migración desde Myanmar hacia los países vecinos y aprobaron que Filipinas encabece el grupo en 2026 -y no Myanmar, como estaba previsto-.

Los líderes de la Asean lamentaron, además, que no han percibido progreso alguno por parte de la Junta a la hora de poner en marcha el plan de paz de cinco puntos acordado en 2021. El Ministerio de Exteriores birmano rechazó el comunicado de la Asean por considerar que «no es objetivo» y que no ha tenido al país en cuenta, exigiendo a los miembros del bloque que se adhieran al principio de no interferencia en los asuntos internos de los Estados miembros.GARA