GARA Euskal Herriko egunkaria

Gipuzkoan eta Nafarroan ere oraindik badira jaiak ospatuko dituzten herriak

Lanerako eta eskolarako itzulera arintzeko, Hondarribia, Zarautz, Lezo eta Donostiako Egia auzoa dira iraileko bigarren asteburu honetan jaiak ospatuko dituzten herri eta auzoetako batzuk. Nafarroan, berriz, datorren astean hartuko dute jaien erreleboa Altsasun eta Antsoainen.

Zarauzko Euskal Astean, herritarrak dantzan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hondarribiko jaien egitaraua abuztuan eta irailean zehar luzatzen ari bada ere, ekitaldi nagusiak irailaren 6a eta 11 bitartean ari dira ospatzen. Txupinazoa, beraz, asteazkenean bota zuten, eta ostegunean hiriko Urrezko Intsignia jarri zioten Carol Atxukarro herritarrari, bera izan baita aukeratua herritarren artean egindako galdeketan.

Jaietako egun nagusia gaurkoa da: goizeko 6.00etatik aurrera, alardean parte hartzen duten partaideak Guadalupeko Ama Birjinaren santutegira igotzen dira, 1638an izandako gertakariengatik esker ona adierazteko.

Bihar, sokamuturra, erraldoi eta buruhandiak eta ezpata dantza izango dira, besteak beste. Igandean, berriz, kuadrillen arteko jolasak eta bazkaria, haurrentzako parke erraldoia eta Meakako Adixkideak dantza taldearen emanaldia izango dira. Astelehenean, baserritarren eguna izango da, azienda, fruta eta barazki lehiaketekin. Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak ere arituko dira eguerdian, eta pilota partida profesionalak eta euskal erromeria daude iragarrita.

Honako talde hauek arituko dira: Gozategi (gaur), Puro Relajo (bihar), Bulego (igandea 10), eta Sorotan Bele gogoan (astelehena 11).

Zarautzen, bestalde, aste osoan ari dira ospatzen Euskal Astearen 99. edizioa. Gaur, Alaken taldearekin dantzaldia izango da, eta salbea, frantziskotarren elizan; eta bihar, Euskal Jai Eguna.

Egun handian, Goiztarrak taldea eta txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta ttuntturroak aterako dira kalez kale, eta arratsaldean, kalejira egingo da musika plazatik Iñurritzara.

Gipuzkoako jaien erreleboa Donostiako Egia auzoko Porrontxoek hartuko dute astelehenean, eta zazpi egunez luzatuko dira. Lehenbiziko hiru egunetan haurrentzako ekitaldiak antolatu dituzte batik bat, eta txupinazoa ostegun arratsaldean izango da (irailak 14).

Datorren ostiralean (irailak 15), herri bazkaria, jolasak, afari-merienda, zezensuzkoa eta kontzertuak izango dira. Larunbatean (irailak 16), elkartasun eguna izango da, eta iganderako pilota partidak, sagardo dastaketa, herri bazkaria, herri kirolak, kontzertuak eta kalejirak iragarri dira.

Lezon ere datorren astean ospatuko dituzte santakrutzak, 15 egunez. Santakrutz eguna ostegunean ospatuko dute, eta bertan, ez dira faltako, besteak beste, herri kirol erakustaldia, herri bazkariak, Josetxo Etxandiren omenezko pilota partidak, txarangaren kalejira, DJa eta zezensuzkoa.

Nafarroan ere hainbat herritan ospatuko dituzte jaiak datorren astean. Altsasun, esaterako, asteazkenean hasiko da egitaraua. Goizeko auzatea herriko elkarteek eskainiko dute, eta arratsaldean, peñen jaitsiera, Altsasuko zortzikoa, zezensuzkoa eta Larrain dantza izango dira. Honako taldeen emanaldiak iragarri dituzte, besteak beste: Ecléctic Celtic Band, Goxuan Salsa, Kaos Etiliko, Kai Nakai, Bulego eta Tapia eta Leturia.

Antsoainen, azkenik, datorren ostegunean hasiko dituzte jaiak. Berritasun gisa, ostiral goizean familientzako programazioa indartu eta larunbateko haurren parkea Sakanpean jarriko da osorik. Antsoain LGTBI+ proiektuaren barnean, igandean bingo-trabesti bat egingo da eta, besteak beste, Yogurina Borova eta Albina Stardust izango dira.

Horretaz gain, Gazte txupinazoa ostegunean izango da. Udalak gogorarazi du jai hauetako hainbat ekintza euskaraz egingo direla eta euskaldunak parte hartzera animatzen ditu. Txosnetan eta hainbat taberna eta dendatan euskaraz egin daitekeela gogorarazi du.