GARA Euskal Herriko egunkaria

Desertuak eraikitzen


Ateak itxi ditu “Adventure Parc Snowdonia” surf egiteko olatu duinak sortzen zituen munduko lehen olatu-igerilekuak. Galesko Conwy eskualdean ireki zituen ateak 2015ean, ingurune lasai baina hotz batean eta itzelezko sona izan zuen irekitzear zenean. Orain, Ainscough Group enpresak zuzentzen zuen proiektuak sekulako galerak jasan dituela onartu dute arduradunek eta «gainera, gure langileen aitzinean eta gurekin hasieratik bat egin zuten pertsonen aitzinean erreputazioa galdu» dutela nabarmendu dute.

Hasierako aurreikuspenen arabera, urtean 70.000 bisitari jaso behar zituen aisialdi eremuak. Horretarako 7.7 milioi libera esterlina jarri zituen Conwy Adventure Leisure enpresak, eta Galesko Gobernuak beste 4 milioi jarri zituen. Horrez gain, 60 lanpostu sortuko zirela iragarri zuten eta aintzira moduko putzu bat betetzeko 33.000 metro kubiko ur ekarri zituzten Carneddau mendietako urtegietatik.

Egoitza nagusia Aizarnazabalen duen Wavegarden enpresa kontratatu zuten olatu-lekua eraikitzeko. Aintzira erditik zeharkatzen duen tren batek sortzen ditu olatuak; hartara, alde batean ezker olatuak eta bestean eskuin olatuak lehertzen dira. Nahiko olatu on eta luzeak sortzen ditu, baina tuborik gabekoak.

Ateak 2015eko abuztuan ireki zituzten. Hasi berri, maila ertain edo adituentzako olatu desberdinak sortu eta mailaren arabera prezioak ezarri zituzten, 19 eta 45 libera artean. Geroago 2.000 ikusle bildu zituen txapelketa entzutetsu bat egin zuten, munduko surflari ospetsuekin, baina horren ostean gainbehera hasi zen.

Arazo teknikoak medio, bi bider itxi zuten igerilekua eta 2016ko martxoan, beste milioi bat libera inbertitu ostean, berriz ere martxan jarri zen 300 metroko luzera duen olatu-lekua. Geroago Covid-19a iritsi zen eta, orduz geroztik itzelezko dirutza inbertitzen jarraitu duten arren, arazoak ugariagoak izan dira onurak baino, eta azkenean, olatuak sortzen dituen igerilekua eta aisialdi eremua ixtea erabaki dute. Ondoko hotelak eta zenbait atrakziok oraindik irekita jarraituko dute, baina denbora kontua izango da eremua osorik «desertu» bilakatzea.

Horixe da natura mendean hartzeko obsesio madarikatuak datozen belaunaldiei utziko dien ondarea. “Snowdonia” zuen izena egitasmoak -alegia, «elur-hiria» edo antzeko zerbait adierazi nahi zuten izenarekin-, baina benetan «desertu-hiri» bilakatuko da.