GARA Euskal Herriko egunkaria

RIP eta Kortatu, hari-jotzaileentzateta Youtubeko ikastaro batean

Eñaut Zubizarreta “Trigger”-ek Iñigo Murguruza Ikerketa Beka eskuratu eta hari-instrumentuak beste musika mota batzuetan txertatzeko ikastaroa prestatu du, Euskal Herriko musika oinarri duela. Atzotik dago eskuragarri Youtubeko bere kanalean: triggerprototxelo.

Eñaut Zubizarreta «Trigger», emanaldi batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Herriko musika oinarri, eta adibide praktikoen bitartez, hari-instrumentuak beste musika mota batzuetan txertatzeko online ikastaroa aurkeztu zuen atzo Eñaut Zubizarreta (Aretxabaleta, 1992) biolontxelo jotzaile eta pedagogoak. Ikastaroaren eduki guztiak Youtuben jarri ditu eskuragarri, triggerprototxelo-n. 60 ataleko ikastaro trinkoa da, doakoa, eta harekin batera, material gehigarria duen txostena ere ikusgai egongo da, azalpenak eta partitura transkripzioak dituena.

Helburua «Euskal Herriko hari-instrumentu jotzaileek dituzten beharrei erantzutea» da; nola irakasleen hala ikasleen beharrei erantzuteko tresnak eskaintzea, hain zuzen. Ikastaroa 2022. urtean Irungo Udalak eskainitako Iñigo Muguruza Ikerketa Bekaren barneko ekimena da.

Bide berriak jorratzen hasita, Zubizarretak musika klasikotik kanpoko zenbait baliabide teknikoren inguruko ikerketari ekin zion 2018an, eta bide horretako emaitza da “Poliedro Vol.1”, biolontxeloa egungo musiketara egokitzen duen proiektu musikal-pedagogikoa. 2019an hasi zuen lan hori, «jauzi kualitatibo bat eman nahian». «Bertan, teknika berrien ikerketaren eta aplikazioaren bitartez, biolontxeloarekin interpreta daitezkeen hainbat musika estilo arakatu ditut, eta era askotako formazioekin jolastu naiz», esan zion GAUR8ri, lan hura plazaratu zuenean. Gida moduko bat ere eskaini zuen, «jendeak lengoaia berri honetan txeloa, biolina edo biola zelan jo daitezkeen ikus dezan». Horretarako, metodologiaz eta partituraz osatutako liburu bat argitaratu zuen diskoarekin batera.

Lan horrek, ordea, asmo pedagogikoari eta horren dibulgazioari dagokienez, ez zuen eduki artistak «nahi besteko erantzunik». Orain, aurreko laneko liburutik digitalera egin du, eta, aurreko lanaren ildo musikal-pedagogiko beretik badoa ere, aldaketa nabarmenak daude azken proiektu honetan: hain zuzen, euskarri digitala izatea eta Euskal Herriko musikarekin lotuta egotea; «hau da, ariketa praktikoak, teknika azalpenak eta abar, eta Euskal Herriko musikarekiko lotura. Adibidez, 80ko hamarkadan hasten da, Kortaturen eta RIPen garaian, eta Odei Barroso eta Raimundo el Canasterorekin bukatzen da; tartean Anari, Kuraia, Skalariak… talde mordoa dago», azaldu du musikariak.

Era berean, nazioarteko beste zenbait hari-jotzaileren erreferentzia bibliografikoak batu ditu teknika berrien nondik norakoak azaltzeko.

Material berri hori edozeinen eskura dagoen arren, Euskal Herriko musika eskolentzat sortua da berariaz eta, Iñigo Muguruza Bekaren barruko ekimena denez, Euskal Herriko eskoletara errazago iristea espero du. Euskara da ikastaroko hizkuntza nagusia; hala ere, nazioartera zabaltzeko aukera ere badu; izan ere, azpitituluak gaztelaniaz eta ingelesez daude, «gaur egun nazioartean sortzen ari den hari-komunitate berriarengana heltzeko».

«PILULA» DINAMIKO ETA ULERTERRAZAK

Eñaut Zubizarreta Aretxabaletan jaio zen 1992an. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta Bartzelonako ESMUC-en interpretazio klasiko eta garaikidea ikasi zuen, eta ondoren, bide berriak arakatzen hasi zen. 2018an sortzaile eta bakarlari gisa hasi zen, baina baita ikasten eta trebatzen jarraitu ere, Kolonian egindako New Directions Cello Festival-en eta Martin Melendez txelo jotzailearekin hartutako eskola partikularretan. 2019az geroztik bakarkako hiru lan argitaratu ditu eta hamaika proiektutan parte hartu izan du.

Euskal Herriko taberna, gaztetxe zein areto ugaritan jardun izan du Triggerrek azken urteotan, biolontxeloak har ditzakeen bestelako forma batzuk zabalduz eta mota guztietako publikoa sentsibilizatuz. Orain, ikastaro honen bitartez, jendarte espezifiko batengana iritsi nahi du, «gaurko eta biharko hari-interprete eta sortzaileengana hedatzeko» asmoz.