GARA Euskal Herriko egunkaria

Alzheimerraren egunean baliabideak eskatuko dituzte senide elkarteek


Datorren irailaren 21ean izango da Alzheimerraren Nazioarteko Eguna, eta prestatu dituzten programazioen zein eskakizunen berri eman dute Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen eta haien senide eta lagunen Nafarroako (Afan) zein Gipuzkoako (Afagi) elkarteek.

Aste osoko egitaraua prestatu du Afanek. Baliabideak eskatuko ditu, ikerketarako, besteak beste. Afagik ere, larunbat honetan hasi eta hilaren 23ra bitartean, zenbait ekintza antolatu ditu, gaixotasunari ikusgarritasuna eman eta «konpromiso partekatua» galdegiteko asmoz.

Afanek jendarteari, oro har, eta administrazioei, bereziki, «gaixotasunaren aldean» egoteko eskatu die, eta, horretarako, ikerkuntzarako aurrekontu zuzkidura handiagoa, gaixoen eta zaintzaileen profil berrietarako baliabide espezifiko handiagoak, endekapenezko gaixotasun horietarako laguntza handiagoa eta prebentzioan eta detekzioan prestakuntza eta inplikazio handiagoa duen gizartea aldarrikatuko dute, ‘‘Berrikuntza erantsi’’ lelopean.

Afagik 2023ko kanpainarako aukeratutako leloa ‘‘Konpromiso partekatua’’ da, Alzheimer gaixotasunak hura pairatzen duen pertsonari, familiari eta baita gizarte osoari ere eragiten dielako.

Egoera horri aurre egiteko, Afagik uste du konpromiso partekatua hartzea beharrezkoa dela, «erantzukizunetik» eta «erantzukidetasunetik» abiatuta, gizarte osoa hartzen duena, administrazio publiko eta erakunde pribatuak, komunitatea, boluntarioak eta gizarte erakundeak ere talde beraren parte direla.