GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskola


Aurreko batean, lagun batzuen zortzi urteko alabari ipuin bat kontatu nion, munduko mutiko narrasenaren ipuina. Eta liluragarriak ziren neskatxaren arreta eta erreakzioak zikinkeriarik handienak entzutean. Tarteka galdetzen zuen ea mutiko hori benetan bizi ote zen.

Nazka aurpegia jartzen zuen ipurdia eskuarekin garbitu ondoren elastikoan garbitzen zuela entzutean. Dibertigarria zen oso. Baina gozagarriena bion arteko konexioa zen. Izan ere, istorio bat kontatzean hori baita garrantzitsuena, kontalariaren eta entzulearen arteko konplizitate hori. Baita zailena ere, baina lortzen denean lurralde fantastikoetan barrena bidaiatzen dute elkarrekin.

Eskola garaia helduta, ipuin kontaketek ere ikasturtea hasten dute. Maisu-maistra askok ipuinak dituzte ikasleekiko harreman tresna, ikasbideaz gain. Ez da harritzekoa, irakasle horiek gustukoak baitituzte ipuinak eta ikasleek ere maite baitute istorioak entzutea.

Inoiz galdetu izan didate nola kontatu behar diren ipuinak, eta, egia esan, ez dut inoiz asmatu erantzunarekin. Beharbada, kontua ez delako nola kontatzen den istorioa, zer eta zertarako baizik. Ipuinak bizitzaren misterioaz mintzo zaizkigu, haurrak deskubritzen ari direnaz, hain zuzen. Ipuinak bizitza kontatzen den bezala kontatu beharko lirateke. Irakaslearen bizitza misterio bat da, helduak haurrentzat misterio bat garen heinean. Istorio sekretuz osatutako lurralde misteriotsua da ikasleentzat. Ipuina kontatzerakoan bizitza kontatzen bada, eskola lurralde liluragarria bihurtuko da.