GARA Euskal Herriko egunkaria

Feministak zaintza lanak pribatizatzearen aurka mobilizatu dira, grebara dei eginez

Aldundiaren bulegoetara sartu ziren. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Zaintza lanak ez direla «negozio bat» aldarrikatu zuen atzo mugimendu feministak Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Bilbon egindako ekintza banarekin. Azaroaren 30ean «zaintza sistema iraultzeko» greba feminista orokorrerako beste urrats bat izan zen.

Gasteizen Arabako Aldundira eraman zuten aldarrikapena, erakundearen «politika pribatizatzailea» salatzeko, Ana Agirre mugimendu feministako kideak esan zuenez. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoetara sartu ziren ondoren, grebaren aldeko oihuekin eta egoitzak publikoak izan behar direla nabarmenduz.

Adinekoen egoitzak «pribatizatzeari uzteko» exijitu zioten Aldundiari, bai eta langile zein erabiltzaileen baldintzak «hobetzeko» ere. Horrekin batera, etxez etxeko zerbitzua «hobetzeko», etxeko langile egoiliarren «esplotazioa bukatzeko bitartekoak» jartzea eta langile hauen «etxebizitza eskubidea bermatzea» eskatu zioten feministek Foru erakundeari.

Agirrek nabarmendu zuenez, zaintzen sektorea «negozio bat da eta gehienak emakumeak dira; gero eta gehiago migratzaileak eta arrazializatuak, gainera».

Emakumeei grebarako deia egitearekin batera, gizonezkoak aldarrikapen hauekin bat egitera deitu zituzten: «Ez ditugu gizonak prozesu honetatik kanpo utzi behar, zaintza lanetan parte hartzen eta emakumeekin partekatzen ikasi behar dute».