GARA Euskal Herriko egunkaria

Hainbat gazte kateatu dira Bilbon eta Gasteizen, Zelaia eta Barbadoren alde

Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze aginduaren aurkako ekintza egin zuen atzo goizean Ernaik Bilbon. Espainiar Gobernuak duen ordezkaritzaren eraikinean kateatu ziren bi gazte. Gasteizko Ertzaintzaren komisarian ere kateatu ziren beste bi gazte, eta bost atxilotu egon ziren. Arratsaldean, manifestaziora deitu zuten Euskal Herriko hainbat herritan.

Bilboko eserialdia, espainiar Gobernu Ordezkaritzaren aurrean. (GARA)

Espainiar Gobernuak Bilbon duen Ordezkaritzan eta Gasteizko Ertzaintzaren komisarian kateatu ziren atzo goizean goiz Ernaiko lau gazte, Aitor Zelaia gasteiztarraren eta Galder Barbado amurrioarraren kontrako espetxeratze agindua salatzeko. Arratsaldean, AnkerkeriariSTOP plataformak deitutako mobilizazio batek eskatu zuen berriz bi gazteen absoluzioa.

Hainbat gazte hurbildu ziren goizeko ekintzetara kateatuei babesa emateko, eta eraikinen aurrean eserialdia egin zuten. Horrek tentsio uneak eragin zituen. Ertzaintza bertaratu zen, eta Gasteizen bost gazte atxilotu zituzten, kateatuta zeuden biak eta babesa ematen ari ziren beste hiru. Gainera, eserialdian parte hartu zuten gazte guztiak identifikatu zituzten banan-banan. Protesta 7.30ean abiatu zen eta lau ordu geroago bukatu zen. Suhiltzaileak joan behar izan ziren gazte kateatuak askatzera. Ekintza honekin, «euskal gazteria eta herri honen duintasunaren aurkako eraso bezala seinalatu eta ankerkeria honen erantzule direnak jopuntuan jarri» nahi izan zituen Ernaik.

MANIFESTAZIOA BILBON

Goizean elkartu ziren leku beretik abiatu zen 19.00etan AnkerkeriariSTOP plataformak eta Ernai gazte antolakundeak deitutako manifestazioa Bilbon. Ehunka gazte batu ziren berriz, eta Moyua plazatik Albia lorategietaraino joan ziren, euren bi kideen espetxeratze aginduaren aurka, “Aitor eta Galder aske! Euskal Herriak aurrera!” lelodun pankarta baten atzean. Bidean, manifestariek «Hau ez da bakea!» edo «Aitor, Galder, herria zuekin» oihukatu zuten.

Behin Albia lorategietan, Sabin Etxearen aurrean, antolatzaileek adierazpen hau irakurri zuten: «Bada hamarkada luze bat herri hau bestelako testuinguru batean murgiltzeko ahaleginetan dabilela, baina badaude batzuk iraganera kateatuta nahi gaituztenak, horren prezioa edozein delarik ere. Euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak errespetatu beharrean, indarkeriaren errezeta besterik ez digute eskaintzen, eta kartzelak hustu beharrean hauek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute, mendekuan oinarritzen den politika bidegabe baten bideari eutsiz», esan zuten Zelaia eta Barbadoren espetxeratze aginduen harira.

Manifestazioaren ostean, Bilboko Kale Nagusia moztu zuen gazte talde batek, Corte Ingles eta BBVA eraikinaren parean. Ertzain ugari bertaratu zen, eta taldea desegin zen.

Arratsaldean hainbat Euskal Herriko herritan ere egon ziren mobilizazioak, hala nola Oñatin, Hernanin, Barakaldon, Larrabetzun, Lezaman, Zamudion, Lemoan, Altsasun eta Gasteizen, azken honetan goizeko atxilotuekin elkartasuna adierazteko ere bai. Hernanin ere bide mozketa egin zuten; eta kasu honetan ertzainak bertaratu ziren eta indarrez desegin zuten.

2021eko otsailaren 2an, atxilotu zituztenetik bi urtera, Auzitegi Nazional espainiarrak bi gazte arabarren aurkako epaia eman zuen: lau urteko kartzela zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien. Hainbat errekurtsoren ondoren, joan den maiatzean berretsi zuen Auzitegi Gorenak ebazpen hori, eta irailaren 15ean espetxeratze agindua heldu zitzaien. «Ez dugu onartzen», zioen atzo goizean zoruan zabaldu zuten pankartak.

Datorren irailaren 30erako mobilizazio nagusia deitu dute bi antolakundeek, Gasteizen, arratsaldeko 18.30ean Artium museoko plazatik abiatuta.