GARA Euskal Herriko egunkaria

Irati Iciarrek hartu du Kike Amonarrizen lekukoa Topagunearen lemazain gisa

Irati Iciar da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria. Atzo Ermuan egindako batzar orokorrean, fase berri bati ekingo diotela iragarri zuten, «euskararen erabileran jauzi bat emateko».

Irati Iciarrek jaso zuen Topagunearen lema, Kike Amonarrizen eskutik. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Irati Iciar da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria. Lau urteotan euskara elkarteen federazioan lemazain ibilitako Kike Amonarrizek eman zion lekukoa, atzo arratsaldean Ermuan egindako batzar orokorrean.

Egindako lanaz harro agertu zen Amonarriz. «Pandemiak baldintzatutako lau urte zail eta konplexu kudeatu beharra egokitu zait, eta esango nuke modu egokian aurre egin diogula». Era berean, testigua pertsona aproposari eman diola ziurtatu zuen: «Itxaropen guztia dut Iratirengan. Iruditzen zait lehendakari bikaina izango dela. Gaztea da, gasteiztarra, emakume ikuspegia ekarriko du… Ekarpen oso inportantea izango da Euskaltzaleen Topagunearentzat».

Iciar ez da berria zeregin horretan, lehendik ere Topaguneko zuzendari batzordeko kide baitzen. Ibilbide luzea du euskalgintzan. UEUko koordinatzailea da, eta Gasteizko GEU elkarteko lehendakaria. Erronka berriari ilusioz eta gogoz heldu diola adierazi zuen. Gainera, oso babestuta sentitzen da.

PROPOSAMEN BAT

Ez zen hori izan batzar orokorrean iragarri zuten nobedade bakarra. Izan ere, Topaguneak aro berri bati ekingo dio. Euskara bidegurutzean aurkitzen dela iritzita, aldi berri horrek erabileran jauzi bat ematea du helburu eta, azaldu zutenez, Euskal Herri osoan baliagarria izango den proposamen bat garatzen ari dira.

Hala mintzatu zen Iciar: «Gizartean erabileraren aldeko eraldaketa eman dadin, euskalgintzaren barruan zein kanpoan dauden eragile eta sektore guztiei zabaldu nahi diegu proposamen hau».

14 kidez osatutako talde batek abian jarritako Batera Jauzi dinamika izango du oinarri, eta azaroaren 18an Arrasaten egingo duten kongresuan aurkeztuko dute.