GARA Euskal Herriko egunkaria
EMAKUMEAK

Sasoian helduko da Jostaldira Arrizabalaga Logroñotik

Txapeldunak, Victor torneoko enbaxadorearekin. (EMC)

Errioxako Gobernuaren San Mateotako emakumeen esku pilota torneoak dagoeneko baditu txapeldun berriak: Aizane Ibarrola-Leire Oskoz promesetan, eta Olatz Arrizabalaga-Nora Mendizabal elitean. Adarragako harmailetan 900 pilotazale baino gehiago zirela, giro ederrean jokatu ziren hirugarren edizio honetako finalak, baina Errioxako zaleak ez ziren erabat asebete, bere bi ordezkariak, Alejandra Billyak eta Andrea Capellan, txapelketatik urrun geratu zirelako euren mailetan.

Sortutako ikusmina handia zen atzoko finaletarako, are gehiago Errioxako bi pilotari txapel preziatuak lortzeko lehian izanda, baina horrelako hitzordu handietan sarri gertatzen den bezala, presioak eragina izan zuen bertako pilotarien jardunean. Jaialdiari kantxan oreka eta emozio gehiago falta izan zitzaion, bi partidak alde handiarekin erabaki baitziren.

Elitean, Olatz Arrizabalaga eta Nora Mendizabal Leire Garai eta Andrea Capellan baino askoz gehiago izan ziren, 22-9ko emaitzarekin. Gernikako aurrelariak iaz Santo Domingo de la Calzadako atzelariarekin batera lortutako titulua errepikatu zuen, eta errioxarrak atzo podiumeko bigarren mailarekin konformatu behar izan zuen, nahiz eta partida txarrik ez zuen jokatu. Kontua da, bere egunik onenetan egin ohi duen bezala, aurrelari bizkaitarrak erritmo bizia ezarri ziola finalari, eta aurkariak ez zirela gai izan horri eusteko.

Pilotari beste abiadura bat sartuta, final eroso samarra izan zen Logroñokoa aurrelari gernikarrarentzat, eta sasoiko helduko da gaur eguerdian Hondarribian jokatuko duen Udako Master Laboral Kutxako finalera. Leire Galeano lagun, Amaia Aldai eta Uxue Osesen aurka jokatuko dituzte txapelak. Bi aurrelari bizkaitarren artekoak beti dira partida irekiak, eta oraingoan Debagoienako bi atzelari gazte izango dituzte bizkartzain. Akatsik ez egitea erabakigarria suerta daiteke txapelek zein norabide hartuko duten erabakitzerakoan. Final orekatua espero dute pilotariek, eta aurrez ez da faborito argirik ikusten.

ETORKIZUN POLITA

Antzeko zerbait gertatu zen Aizane Ibarrolarekin, promesen mailako finalean. Leire Oscozek ondo lagunduta, Aiala Uriarte eta Alejandra Billyak 22-8 gainditu zituzten. Hori bai, kasu honetan, markagailuak adierazten duena baino tanto borrokatuagoak eta orekatuagoak izan ziren, eta lau pilotariek detaileak utzi zituzten.