GARA Euskal Herriko egunkaria

Bertsio ofiziala deseraikitzeko aldarria, «Anuk»-i dagokion egiari argia jaurtitzeko

Hogeita hamar urte bete ziren atzo Xabier Kalparsoro Basurtuko ospitalean hil zenetik eta Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egin zuen Zumaian, gertatutakoa argitu dadila aldarrikatzeko. «Anuk» heriotzara eraman zuten gertakari ilunen segida lotzeko ariketa egina dute gertukoek, baina instantzia ofizialek ez.

Xabier Kalparsorori gertatutakoa argitu dadila eskatzeko egindako ekitaldia. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

 

Egiari Zor Fundazioak, hainbat gertakariren gainean kontakizun ofizialak jaurtitako mantua eranzteko ituarekin, “Egia jakiteko garaia da!” izenarekin antolatzen ari den dinamikaren barruan, ekitaldia egin zuen atzo Zumaian, Xabier Kalparsoro “Anuk”-en heriotza argitu dadila aldarrikatzeko. Bertsio ofizialaren arabera, Polizia espainolak Indautxuko (Bilbo) komisarian zeukan Kalparsoro eta leihotik salto egin omen zuen. Basurtuko ospitalean hil zen bi egunen buruan. Alta, «guk ez dugu inoiz sinetsi Kalparsororen gaineko bertsio ofiziala», nabarmendu zuen Pilar Garaialde Egiari Zorreko bozeramaileak.

Atzo, “Anuk”-en heriotzak 30 urte bete zituen egunean, dozenaka lagun batu ziren jazotakoa oroitzera, oroit dadila eskatzera. Eta urteen zamaz, «zahartu egin gara», esan zuen Imanol Azkuek, nahiz eta -gehitu zuen damuz- bere lagunak «berdin-berdin» jarraitzen duen: «1993ko irailaren 26an geratu balitz bezala».

Estatuek eraikitako bertsio ofizialak gertatutakoa ezkutatzeko erabili izan direla sinistuta, hala aurkeztu zuen Zumaiako ekitaldia Arritxu Iribar kazetariak: «Instantzia ofizialetatik gatazkaren esparruan gertatutako heriotzen inguruan eraikitako bertsioak funtsezkoak dira giza eskubideen aurkako ekintzak justifikatzeko, boteretik indarkeria legitimatzeko eta indarkeria hori zigorgabetasunaz estaltzeko».

AMUA ERABILI, AMUA IRENTSI

Bertsio ofiziala zalantzan jartzeko arrazoiak ez dira falta. «Urteak beste zalantza dira», zehaztu zuen Iribarrek. Arrazoi sorta hori “Egin”-en erredakziora egindako dei anonimoek esandakoekin hasten da: “Anuk” ezizeneko militante bat atxilotu omen zuten Laudion. Abuztuaren 30a zen eta justu hilabete lehenago Polizia espainolak Kalparsororen etxea miatu zuen. Baina atxiloketa horren arrastorik ez dago dokumentu ofizialetan.

Kalparsororen beraren kontakizunean topatuko zituzten senide eta gertukoek gertatutakoen azalpenak, nahiz eta orduko instituzio eta poliziek ez zituzten aintzat hartu, ez eta gaurkoak ere, zumaiarra hil eta 30 urtera. 1993ko irailaren 10ean eskutitz bat helarazi zien “Anuk”-ek ETAko kideei, heriotzaren ostean “Egin”-ek argitaratuko zuena. Poliziak Laudion atzeman eta «mendira» eraman zutela kontatu zuen, han -nonbait- izan zutela bahituta. Ertzaintza operazioaren parte zela baieztatu zuen: «Zipaioek atxilotu ninduten, drogatu, hipnotizatu, burmuina garbitu, edonola ere». Libre utzi zuten eta arraroa egin zitzaion: «Erabili egin naute. Konbentzituta nago egiten utzi zidatela, kontu handiz ni kontrolatuz».

Azken atxiloketa, heriotzara eramango zuena, irailaren 23an iritsiko zitzaion, Durangon. Xabier Kalparsoro alderrai ikusita, bi udaltzainek atzeman zuten eta Indautxuko (Bilbo) komisariara eraman.

Bertsio ofizialak esango zuen agente bakar baten zaintzapean zegoela, eskuburdinarik gabe, nahiz eta hil ostean eskuburdinek eragindako markak zituen. Esango zuten zerbeza bat eskatu ziola poliziari eta, despistea aprobetxatuta, leihora egin zuela, nahiz eta autopsia egin zuen medikuak txostenean jaso heriotza ez zuela eroriko batek eragin. Jose Luis Corcuera ministro espainiarrak esango zuen, nahigabeko aitortza eginez, “Anuk” ez zutela mendian bahitu. Inork jarri ez zion amua irentsi zuen Corcuerak, Kalparsororen amak beste inork ez baitzuen informazio horren berri.

«Elementu gehiegi dira», agertu zuen Pilar Garaialdek eta, beraz, “Anuk”-en inguruan eraikitako bertsio ofiziala sinesgaitza dela ebatzi: «Bertsio ofizialak benetako krimenak ezkutatzeko eraiki ziren». Hura deseraikitzen ez den bitartean, hortaz, ezin justizia, aitortza eta erreparazioa eraiki.