GARA Euskal Herriko egunkaria

Gladys Sariaren hirugarren edizioko irabazlea Amaia Abanda izan da


Amaia Abanda Elustondo izan da Gladys Sariaren hirugarren edizioko irabazlea, eta Puntueus eta EHUko Informatika Fakultatearen eskutik garaikurra jaso zuen atzo Informatika Fakultatean antolatu zen ekitaldian. Sariaren helburu nagusietako bat da arlo teknologikoan erreferentziazko emakume berriak sortzea, oraindik gizonezkoen kopurua emakumeena baino askoz altuagoa baita.

Olatz Arbelaitz Informatika Fakultateko berdintasun batzordeko kideak gidatu zuen ekitaldia eta Gladys Saria irabazi duten hautagaien profilen inguruko balorazioa egin zuen. Esan zuenez, «orain arteko saridunen profila desberdina izan da, eta horrek esparru digitalean aritzen diren emakumeen arteko aniztasuna eta hauek gizar- teari alor desberdinetan egiten dizkioten ekarpenak agerian uzten ditu».

«Urtetik urtera egiten dugun balorazioa gero eta positiboagoa da», gaineratu zuen Lorea Arakistain Puntueuseko marketin zuzendariak. «Aurten ebaluatu ditugu 28 hautagaitza, denak maila oso altukoak. Honen aldeko apustua egiten jarraituko dugu».

INFORMATIKARA BIDERATUTAKO MATEMATIKARIA

Amaia Abanda matematikaria da, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen ikasketak. Ondoren, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuko (KISA) masterra egin zuen EHUn. Gaur egun Tecnalia ikerkuntza zentroan lanean dihardu, datuen zientzian ikertzaile. Azken urteetan lankidetzarekin, dibulgazioarekin eta genero berdintasunarekin erlazionatutako proiektuetan parte hartu du.