GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Berriz ere Pangea


Nature” aldizkariak plazaratu duenez, 250 milioi urte barru Lurra ez da bizitoki egokia izanen gizakiontzat. Berriz ere Pangea izeneko kontinente bakar batek osatutako eremutik desagertuko dira gure espeziea bezala bestelako asko. Datu hauek eragin dezaketen antsietatetik urrun, zenbaitzuek itxaropentsu hartu dute albistea, denboran urrun dagoen eszenatokia ezin irudikatuz.

Oraindik bada Lurra gaur egunetik eta aspaldi erasotzen ari garela ukatzen duenik. Washington State unibertsitateko irakasle batek gidatutako ikerketa baten arabera, hegazti migratzaileak hiri handietako argi-kutsadura jasaten ari dira. Horietako askorengan nolabaiteko eboluzioa gertatzen ari da, euren begiak txikiagoak bilakatuz. Hori dela eta, ugalketa-denboraldian hiriko bizimodura egokitzea zailagoa gerta dakieke hegazti hauei, desoreka handiak eraginez.

Hegazti migratzaileei begietan gertatzen ari zaien lez, guk ere begiak gero eta txikiago ditugu migrazio prozesuen aurrean, eta fenomeno horietako askok klima aldaketak eragindako desesperazio egoerak dituzte arrazoi. Honezkero argi izan beharko genuke kontua ez dela nondik datozen, baizik eta zergatik. Eta horrek guztiak non kokatzen gaituen gu suntsitzen ari garen lur honetan.