GARA Euskal Herriko egunkaria

Emakumeen jabetzea, sororitatea eta gizonek eragindako indarkeria

Emakumeen jabetzeak leku berezia izan zuen atzo Sail Ofizialean. Jaione Camborda donostiarrak filmatutako «O corno»-k gorputza erditzearen erdigunean jar dadila aldarrikatu zuen bezala, Kitty Greenen «The Royal Hotel»-ek neska gazteen jabetzea hizpide izan zuen. Beste alde batetik, gizonezkoek erangindako indarkeria eta horren arrastoak kontatu zituen «Le Successeur» filmak.

Jaione Camborda zinemagile donostiarra, eskuinetik hasita bigarrena, «O corno» filmeko lantaldearekin. (Jon URBE | FOKU)

 

Jaione Cambordaren txanda izan zen atzo Zinemaldian. Donostian jaiotako zinemagileak ilusio bereziz aurkeztu zuen ‘‘O corno’’ bere bigarren film luzea -aurretik ‘‘Arima’’ estreinatu zuen 2019an-, azken 15 urteotan bizileku duen Galizian -eta galegoz- filmatutako lan bat sorlekuan aurkezteak sortzen duen irrikaz.

Denboran atzera eginda, 1971ko Illa de Arousara garamatza lanak, Maria emaginaren urratsei jarraitzeko: gertakari baten ondotik muga zeharkatu eta Portugalera ihes egitera deliberatuko da, eta bidaia fisiko eta emozional horretan jaiotzen eta abortuen, irriken eta elkartasunaren lekuko bilakatuko du ikuslea, finean, gertatzen dena gertatzen dela ere, bizitzak aurrera egiten duela erakustarazteko.

Amatasuna eta erditzearen ekintza bera modu pertsonalean aurkezten ditu Cambordak, arreta emakumearen gorputzean jarriz eta intuizioa helduleku duela. «Emakume bezala, haurdun geratzea eta erditzea aztertu nahi nituen, eta modu zinematografikoan aurkeztu, senari bidea irekiz, nire zalantzak ikusleekin partekatzeko», adierazi zuen Cambordak emanaldiaren ondoren, prentsaren aurrean.

Erditze batek abiatzen du istorioa, eta hura filmatzeko plano itxiak erabili eta odol tantarik ez erakustea erabaki zuen Cambordak, azaldu zuenez, erditzeak «era oso psikologikoan aurkeztu zaizkigulako zineman, emakume histerikoekin eta haurra irteten den unean zentratuz; nik gorputzarekin sortzen den konexioa erakutsi nahi nuen, gure ugaztun izatearen esnatzea, animaliak garela gogora ekartzen diguna». Plano luze honetan -minutu batzuk irauten du erditzeak- arnasketetan eta sentipenetan arreta jarri du, erditzea ezohiko optika batekin begiratzeko.

70eko hamarkada hautatu izanagatik galdetu zioten. Azaldu zuenez, lurrari lotuta bizi diren pertsonaiak eta erditze «ez horren medikalizatuak» nahi zituen, animaliatasun horretara iritsi ahal izateko, eta, bestetik, filmean frankismoa aipatzen ez bada ere, abortua debekatua egotea behar zuelako. «Garai ilun bat izan zen, emakumeek erabakitzeko aukera gutxi zutena. Eta inportantea izan da lan estilistiko bat egitea, hori guztia gaur egunera ekartzeko», esan zuen.

Rol nagusia Janet Novas antzezle eta dantzariak jokatzen du, gorputzarekiko duen jarrerak erakarri baitzuen Camborda: «Berak duen gorputzean egote hori behar nuen eta, gainera, galiziarra da eta ondo ezagutzen du landa gunea: erraz konektatu du irudikatu nahi nuen munduarekin», nabarmendu zen.

Sail Ofizialean emakumeek zuzendutako hiru film egotea «poztekoa» dela ere esan zuen, «baina lehenago etorri behar zuen: orain emakumeok zuzendutako film onak ikusten ari gara, lehenago ez zigutelako pelikulak egiten utzi, eta hori inportantea da baita ere».

NESKA GAZTEEN JABETZEA

Emakumeen jabetzeari buruzko bigarren filma Kitty Green australiarrak ekarri zigun atzo. ‘‘The Royal Hotel’’ pelikulako protagonistak bi neska gazte kanadar dira, egiten ari diren bidaiarekin jarraitu ahal izateko dirua lortzearren Australiako herrixka bateko pub batean lan egitea onartzen dutenak. Edozein lekutatik urrun -ospitalera joateko bi orduko bidaia dute autoan, eta hirigune nagusia sei ordura-, gizonezkoek gidatutako legerik gabeko ingurune batean aurkituko dituzte euren buruak. Gutxiesten dituen esparru batean eta babesgabe, euren kabuz defendatzen dakitela erakutsi beharko dute.

«Emakumearen aurkako bortizkeria sistemikoak sortzen duen ezerosotasuna aztertu nahi genuen», esan zuen Greenek prentsaurrekoan. «Zinema aretoetan emakumearen aurkako biolentzia askotan ikusi dugu; eta zerbait ezberdina nahi nuen, jarrera matxistak biolentziaren ataria direla erakutsi nahi nuen eta biolentzia hori iritsi aurretik ekidin behar direla nabarmendu».

Beldurrezko zinemaren osagaiak ditu filmak, tentsioaren kudeaketa edo argiztapen iluna kasu, baina Greenek ez zuela hala landu nahi izan ziurtatu zuen. «Australiako eguzkiak gogor jotzen du, eta barrualdeetan iluntasun giro hori bilatu nahi izan dugu, entzumen eta ikusmen efektu sotilen bidez», adierazi zuen. Beldurrezko generoan «espektatiba asko» daudela eta emakumeak ez direla sekula heroitzat hartzen salatu zuen. «Eta nik espektatiba eta generoekin jokatu nahi izan dut, pelikula mota hauek egiteko bestelako erak badaudela erakusteko, eta baita emakumeak indartsuak direla ere», baieztatu zuen.

Herrixkara iristen direnean, emakume aborigen batek jasoko ditu, pubera eramateko. Greenek argi zuen pertsonaia honek emakumea izan behar zuela: «Mundu hori pertsonaia horrek erakutsi behar zien neskei. Gizonezko batek jaso izan balitu, ‘bai, hil egingo dituzte’ pentsatuko genukeen. Emakume hori indartsua da, zerbait gertatu zaio, nazkatzen ari da… eta lehen pausoa berak ematen du. Neskek ulertzen dute emakume hau jabetua dagoela».

ETENGABEKO TENTSIOA.

Xabier Legrand zinema zuzendariak, bere lehenengo film entzutetsuaren ondoren (‘Jusqu’ à la garde’), bigarren filmarekin iritsi da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialera: ‘Le Successeur’ thrillerra. Ellias (Marc Andre Grondin) Parisko moda-etxe bateko zuzendari izendatzear dira, baina Quebecera itzuli behar du, jada harremanik ez zuen aitaren hiletara.

«Nire aurreneko filmean emakumeen aurkako indarkeriaz hitz egin nuen; gizonek eragiten duten indarkeriaz hitz egin nahi nuen oraingoan, eta horrek emakumeei ez ezik seme-alabei, lagunei... ingurukoei nola eragiten dien erakutsi nahi nuen», esan zuen Legrandek atzo, proiekzioaren osteko agerraldian. Tentsioa film osoan mantentzen da, eta nola egin hausnartuta zuen zuzendariak. Tentsioa zinta elastiko baten modukoa dela defendatu zuen: «Tira egin behar zaio, eta gero, askatu». Sarritan, tentsioa sortzeko ekintza asko sartzearen joera dagoela azaldu zuen, eta bere iritziz kontrakoa egin behar dela: «Tentsioari lekua uzten diozunean bakarrik sor daiteke tentsioa. Lekua egin behar zaio».

Marck Andre Grondin eta Yves Jacques dira pertsonaia nagusiak, hildakoaren semea eta laguna. Legrandek aitortu zuen argi zuela semearen papera Grondinek bete behar zuela: «Gizontasuna du, eta aldi berean haur baten begirada».

Maskulinitate hori deseraiki nahi zuela azaldu zuen: «Behar nuen gizon antiheroi bat, ez zituena besteak salbatuko, zaurgarria zena eta bere burua salbatu beharko zuena. Zaurgarritasun horretatik negar egiten du, pixa egiten du galtzetan».

Grondinek pozez hartu zuen pertsonaia. Eta negarra zein antsia irudikatzea nola lortu zuen galdetuta, kontatu zuen ez zuela aparteko ezertan pentsatzen: «Neke fisiko eta emozionalarekin iritsi nintzen grabaketaren momentu horretara. Babes geruzak kentzen joan nintzen eta nire buruari joaten utzi nion».