GARA Euskal Herriko egunkaria

Zinemaldiko filmen herenak, aurten euskaraz ere bai

Euskararen presentzia oraindik ez da gaztelaniaren parekoa Donostiako Zinemaldian; desoreka nabarmena dago bi hizkuntzen artean, baina aurtengoan urrats bat aurrera egin du euskarak eta Sail Ofizialeko film guztiak euskarazko azpidatziekin eskaintzen ari dira.

Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko kidea eta Ruth Perez de Anuncita Zinemaldiko komunikazio arduraduna. (Andoni CANELLADA Jon URBE | FOKU)

Kursaal kanpoaldeak urtero eszenografia bera duela ematen du Donostiako Zinemaldian. Aurtengoan, baina, kubo barrura sartu eta argiak itzali orduko suma daiteke aldaketa bat: Sail Ofizialeko film guztietan euskarazko azpidatziak daude. Guztira, filmen %32 inguru ikusi ahal dira euskaraz.

Donostiako Bagera Elkarteak hamarkadak daramatza Zinemaldian euskararen presentzia urria salatzen eta euskarazko eskaintza handitzeko aldarria egiten. Aldaketa Zinemaldiaren 71. edizioan etorri da. Ez da kasualitatea eta Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduradunak azaldu du zein izan den giltzarria: Zinemaldiaren euskara plana.

Joan den urteko Zinemaldiaren irekiera galaren egunean protesta bat antolatu zuen Pantailak Euskaraz plataformak, «euskarak zuen presentzia txikia, %10a baino txikiagoa» salatzeko; hala kontatu du Alex Aginagalde eledunak. Protesta ez zen Donostiako Zinemaldiaren aurkako zerbait; Aginagaldek dioenez, ikus-entzunekoetan euskarak bizi duen egoera kaskarra eta euskaldunek bizitako diskriminazioa salatzeko egin zuten, «boom mediatikoa» baliatuz. Izan zituzten bilerak Zinemaldiko arduradunekin, eta kezka partekatzen zuten guztiek; nolabait euskararen presentzia handiagoa bultzatu behar zela uste zuten. Azkenean, Zinemaldiak euskara plana onartu izana eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzea izan da Sail Ofizialeko film guztiak euskaraz azpidaztea ahalbidetu duena.

Orain arte jauzi hori zergatik ez den eman galdetuta, Perez de Anuncitak argi azaldu du arrazoia: «Aspaldiko eskaria zen, baina ekonomikoki eta teknikoki ez zen batere erraza». Batetik, alor ekonomikoa zegoen, kasu honetan, Foru Aldundiak egindako ekarpenarekin konpondu dutena, eta alor teknikoari dagokionez, zinemagileei ere konpromisoa eskatu behar zitzaien: «Jon Muñozek egiten ditu azpidatziak, eta berari proposatu genion Sail Ofizialekoak egitea. Baldintza bat jarri zigun berak: irailaren 1erako izan behar genituen film guztiak».

BORONDATEA ETA BALIABIDEAK

Balorazio positiboa egin du Pantailak Euskarazeko ordezkariak: «Borondatea baldin badago eta baliabideak horretara bideratzen badira, posible da aurrerapausoak egitea. Baina, gure ustez, oraindik asko dago egiteko».

Zinemaldiko arduradunari ere ilusioa sumatzen zaio emandako pausoagatik: «Uste dut nazioarteko prentsa inkontzienteagoa dela, eta uste dut garrantzitsua zela Zinemaldiarentzat nazioarteko kritikariei, kazetariei eta zinema industriari ikusaraztea euskara toki nagusi batean dagoela, azpitituluen bidez eta Sail Ofizialean, Kursaalen».

Ikusarazi bai, baina egin ere egin behar izaten da, gazi-gozoa baita errealitatea; izan ere, filmen hizkuntza-erabilerari erreparatuta herenak euskaraz ikusteko aukera dago aurtengoan, baina emanaldiei begiratuz gero, bestelakoa da errealitatea. 601 emanaldi egingo dira guztira, eta horietatik euskararen presentzia 116tan besterik ez da izango; %19,5ean beraz. «Aurrerapauso bat da, baina oraindik ere bi hizkuntza ofizial daude hemen, eta, bi hizkuntza horien arteko berdintasuna bermatzeko, guztia eskaini beharko litzateke euskaraz, gaztelaniaz den bezala», gaineratu du Aginagaldek.

Euskarak gaztelaniaren presentzia bera izan dezan, ordea, oraindik bidea dago urratzeke eta espazioa hartzeke; eta hori erabaki politikoek soilik egin dezakete posible. Aginagaldek ulertzen du etengabean hiru hizkuntzetako azpidatziak izatea akaso ez dela «erosoena», baina film bakoitzak euskarazko azpidatziekin gutxienez emanaldi bat izatea proposatzen du. Zinemaldiko arduradunak ere aitortu du film bakarrean hiru azpititulu izateak sortu duela kritikarik, baina berak ohitura kontua dela dio, eta nabarmentzen du kritika positiboak gailendu direla bertako hedabideen eta komunitatearen ahotik.

Pantaila handian, beraz, aldaketa nabarmena izan da aurten, beranduegi etorria askoren ustetan, baina aldi berean garaiz. Beste gidoi bateko kontua izango da filmen herenak euskaraz izatea, kuboaren edota bere inguruabarretan dabiltzanen euskararen erabilera herenera noiz iritsiko den.