GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Bizkaia-Durango eta Sopela taldeen etorkizuna kolokan dago

Espainiako Federazioaren araudi berriaren arabera, UCI Kontinentaleko taldeek gutxieneko baldintza batzuk bermatu behar dituzte eta honek aurrekontuak igotzea dakar, «600.000 euroraino». Bizkaiko bi talde hauentzat baldintza beteezina da.

2022 denboraldiko Sopela taldeko txirrindulariak, klubaren egoitzan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bi euskal talde gutxiago egon litezke lehian 2024ko txirrindularitza denboraldian. UCI Kontinental mailako -bigarren mailatzat har daitekeena, neoprofesional egiturarekin- Bizkaia-Durango eta Sopelaren etorkizuna kolokan baitago.

Talde sopeloztarraren kasuan, ziurta daiteke hurrengo urtean ez dela lehiatuko. Hala, argitu zion Emilio Ramos zuzendariak GARAri. Eta Durangaldeko taldeari dagokionez, Eukene Larrarte txirrindulariak Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan iragarri zuen desagertu egingo dela eta, beraz, bera talde gabe dagoela errepideko denboraldirako. Hala ere, Agurtzane Elorriaga taldeko kirol zuzendariak hedabide honi adierazi dionez, oraindik ezin daiteke ziurtzat jo desagertuko dela.

Kasuak kasu, bi talde hauen etorkizunean oztopo handi bat dagoela agerikoa da. Zenbait faktore uztartzen dira honetan, baina indartsuena araudi berria da. UCI-Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak, emakumezkoen txirrindularitzak pauso profesionalak eman ditzan, legedi berria ezarriko zuela iragarri zuen. Hau baina, 2025erako ezarri zuen, Ramosek GARAri argitu legez. Eta beraz, egoera hau orain ematearen erruduntzat Espainiako Federazioa jotzen du, honek legedi hori indarrean ezartzeko epea aurreratu egin baitu.

«Berez, aurtengo dagoen denboraldirako ezarri nahi zuen legedi hau, baina talde batzuk elkartu ginen eta hau atzeratzea lortu genuen», adierazi du Sopelako zuzendariak. Atzerapena, baina, behin-behinekoa izan zen eta orain egoera saihetsezina bilakatu da. Erabat konfirmatu du Sopelak ez dela lehiatuko hurrengo denboraldian.

GUTXIENEKO BALDINTZAK

Eta zeintzuk dira exijitzen diren gutxieneko baldintza horiek? Bada, besteak beste, gutxieneko soldata bat bermatzea, UCI Kontinental mailarako 26.846 euroan ezarrita -nazioarteko erakundearen araudian ezarritakoa- eta azpiegituretan ere inbertsioak handitzea, txirrindularien beharrak behar bezala asetzeko helburuz.

Emakumeen txirrindularitza profesionalizatzea eta horien baldintzak hobetzea da, noski, honen xedea, baina bat-batean aurrekontua hirukoiztu behar izatea ezinezkoa dute zenbait taldek, tartean aipatu Bizkaia-Durango eta Sopela. «600.000 euroko aurrekontua osatzea ezinezko» zaio talde sopeloztarrari, Ramosek argitu duenez eta, beraz, impasse moduan hartuko dute datorren urteko denboraldia.

Atzerapauso hau etorkizunerako bultzada izan daitekeela sinetsita hartu dute erabaki hau. Azken 25 urtean etengabe lanean jardun dira eta, orain, apur bat geratu, egoera aztertu eta datorrenari aurre egiteko oinarriak sendotzeko lanetan arituko dira. Hots, gaztelua teilatutik eraiki baino behetik gora nahi dute egin eta, horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio gelditu eta indarra hartzea.

Halere, Ramosek ohartarazi du Kataluniako, Kantabriako eta Estatu espainoleko beste zenbait lurraldetako taldeek ere ez dutela korrituko hurrengo urtean. «Eneicat -Eneritz Iturriaga abadiñarra zuzendari den taldea- eta Laboral Kutxa izan litezke Estatu espainoleko talde bakarrak», esan du, hori erakunde espainolarentzat ohartarazpen bat izan daitekeela gehituz.

Euskal Herrian ere arreta berezia jarri da Laboral Kutxaren proiektuan, sekulako inbertsioa egin baitu -Joane Somarriba batu da talde teknikora eta Ane Santesteban fitxatu du- euskal txirrindularitzan erreferentziazko taldea izateko asmoz.

DENBORALDI BUKAERA

Hain zuzen ere, Laboral Kutxak denboraldiko azken bi lasterketak jokatuko ditu egun hauetan. Giro dell'Emilia (1.Pro mailakoa), gaur, eta Tre Valli Varesine (1.1 mailakoa), urriaren 3an, asteartean.

Usoa Ostolaza, Nadia Quagliotto, Marta Romeu, Debora Silvestri, Mireia Trias eta Eneritz Vadillo dira bi lasterketetan lehiatuko diren sei txirrindulariak, Ion Lazkanoren zuzendaritzapean. Ostolaza eta Vadillo Europako Txapelketetan jardun ziren joan den astean eta 20. postuan bukatu zuen bizkaitarrak 23 urtez azpiko ordekako proban. Joane Somarriba han izango da multzoa babesten.

«Taldeak Italiako maila handiko bi klasiko entzutetsurekin itxiko du sasoia, World Tour-eko hainbat talde tartean izango direla. Gure helburua azken lasterketetako bera da, UCI puntuak batzen jarraitzea, sailkapenean ahalik eta goren amaitzeko», azaldu zuen Lazkanok. Era berean, «taldea gogotsu» dagoela ziurtatu zuen: «Urtea ahalik eta ondoen amaitzeko gogoarekin dago, 2023. urtea aho-zapore onarekin agurtzen saiatzeko prest aurkitzen da».