GARA Euskal Herriko egunkaria
JOE BIDEN MICHIGANEN

Presidente bat grebalariekin batera piketean

Joe Biden Amerikako Estatu Batuetako presidenteak historia egin du asteon: lehen aldiz, agintean dagoen presidente batek greban ari diren langileekin bat egin du piketean. Autogintzako beharginek duela bi aste hasi zituzten lanuzteak; Detroiten, piketean Etxe Zuriaren bisita hartuta ere, protestei eutsi diete.

(Jim WATSON | AFP)

Presidentearen zigilua paparrean daraman jaka ofiziala aldean, eta UAW autogintzako sindikatuaren bisera buruan, Joe Bidenen irudiak bidaltzen zuen mezua oso indartsua izan da: AEBetako Gobernua eta langileen sindikatua pertsona bakarrean uztartuta. Estatu Batuetako lehendakaria, beharginen ordezkariak eta grebalariak eurak ere, euren arrangura eta eskaera guztiekin, lantegiko piketean elkartu dira asteon.

200 lagunen aurrean bozgorailua hartu zuen Etxe Zuriko maizterrak, sindikatuko burua aldamenean zuela, eta elkartasuna adierazi zien lanuztea egiten ari ziren manifestariei. «Askotan esan dut: Wall Street-ek ez zuen herrialde hau eraiki, klase ertainak eraiki zuen, eta sindikatuek eraiki zuten klase ertaina. Zuek eraiki zenuten. Halaxe da. Eutsi horri. Irabazi duzuena ordaintzea merezi duzue, eta ordaintzen dizuetena baino askoz gehiago merezi duzue», esan zien manifestariei. Geroago, sindikatuak eskatzen duen %40ko soldata-igoeraren alde ote zegoen galdetu zioten kazetariek Joe Bideni. Aldamenean zituen grebalariek «bai!» egin zuten oihu. Presidenteak pixka bat gehiago itxaron zuen, eta baietz erantzun zuen berak ere.

Zalantzarik gabe, Washingtonek grebak zapuzteko eta korporazio handien alde egiteko izan duen jarrera historikotik aldaketa handia da Bidenek adierazitakoa. Bidenek ez du lehen aldia ere. Etxe Zurira iritsi eta gutxira esan zuen agintaldiko esaldi ezagunenetakoa, zenbait sektoretan langileak falta zirela-eta galdetu ziotenean: «Gehiago ordain iezaiezue», erantzun zuen xuxurlaka, enpresaburuei zuzenduz. Amazon, Starbucks eta halako konpainia handietan sindikatu diren langileak ere hartu zituen iaz Etxe Zurian Bidenek. Beraz, AEBetako Gobernuaren barruan urrats historikoa izan arren grebalariekin bat egitea, Bidenen ibilbidean ez da erabateko ezustea ere. Bera ere, azken batean, Filadelfiako eskualde industrialeko irlandar jatorriko langile familia katoliko batean hazitakoa da.

HISTORIKOA BAI, BAINA BIDENEN MUGIMENDUAK, ELKARTASUNAREKIN BATERA, BADU KALKULU POLITIKOA ERE:

2024ko presidentetza-hauteskundeetan berebiziko garrantzia izango dute langileek eta horien ordezkariek. Azken hilabeteotan beste lan-gatazka batzuk bideratzeko gaitasuna izan du Etxe Zuriak, ezkutuko negoziazioak bideratuz eta konpainiei presio eginez beharginen eskaeretara hurbiltzeko. Autogintzako lanuzte berri honek Detroiteko «hiru handiei» eragiten die Ford, General Motors eta Stellantis konpainietako zenbait lantegitan. Kasu honetan, baina, UAW sindikatua kritiko agertu da Washingtonen mugimendu eta adierazpen batzuekin eta, oraingoz, ez dute 2024rako Bidenen aldeko botorik eskatu (hori bai, argi esan dute ez dutela Donald Trump babestuko).

Presidentearen bisitak Administrazioaren eta sindikatuen arteko mesfidantza baretzeko balio izan du, baina autogintzako langileen protesta ez da amaitu. Areago, ekintzak gogortu egingo dituztela iragarri du Shawn Fain UAWko buruak, eta greba herrialde guztira zabalduko dela. Ostiralean bertan milaka lagunek, Detroiteko faktorietan ez ezik, AEBetako beste 20 estatutan ere egin zuten greba, General Motors eta Stellantiseko fabriketan deitutako lanuztea. Fordek langileen eskaerekiko jarrera hobea erakutsi du, eta greba-deialditik kanpo utzi dute auto-enpresa hori. «Fordek erakutsi digu serio ari direla (negoziatzen) akordio batera iristeko; GM eta Stellantis-en, bestelakoa da kontua», salatu zuen Fainek. Kontuak kontu, greba luzatzeak agerian uzten du AEBetako Gobernuak ez duela aurreko lan-gatazkak bezala konpontzerik izan.

DONALD TRUMP ERE BAI.

Michiganen Donald Trumpek irabazi zuen 2016an, eta Joe Bidenek 2020an; 2024ko hauteskundeetako gakoetako bat izango da estatu hori. Hala, bezperan presidentea joan zen legez, iritsi zen Trump Detroitera asteazkenean. Herrialdearen beste puntan errepublikanoen primarioetako hautagaiek Fox telebistan debatea zeukaten arren, Trumpek Michiganeko lantegi batera joatea hobetsi zuen. Itxuraz, greban diren langileen aldeko ekitaldia deitu zuen. Itxuraz, esan bezala, itxurakeria hutsa baitzen Detroit kanpoaldean antolatutako ekimena: sindikaturik gabeko fabrika batean izan zen agerraldia, jarraitzaileetako batzuek «autogintzako langileak» zioten pankartak eraman arren.

Trumpentzat, noski, beharginen kexuaren erantzuleak ez dira konpainiaren jabeak: Bidenen, auto elektrikoen eta, zelan ez, Txinaren aurka jo zuen: «Joe (Biden) ustelaren aldeko botoak esan nahi du auto-industriaren etorkizuna Made in China» izango dela.