GARA Euskal Herriko egunkaria

AEBetan itxiera saihestu dute azken unean, 45 egunerako akordio bat eginik

AEBetako Gobernuaren itxierak ezinbestekoa zirudienean, behin-behineko irteera bat aurkitu zuten Kongresuan. Kevin McCarthyren finantzaketa proposamenak bere alderdikide askoren ezetza ekarri zuen, baina demokraten botoekin aurrera egin zuen. Orain, Ordezkarien Ganberako burua kargugabetu nahi dute zenbait errepublikanok.

Kevin McCarthy, Ordezkarien Ganberako burua eta Alderdi Errepublikanoko kidea. (Andrew CABALLERO-REYNOLDS | AFP)

Dena prest zegoen itxierarako. Capitol Hill, Kapitolioaren muinoaren magalean hedatzen den National Mall-ean milaka lagun zeuden Munduko Kulturen festibalean larunbatean, biharamunean jaialdia leku berean egiterik izango zen jakin ezinik. Gunea parke nazionala izanik, bertako langileen ordainketek etetear ziruditen. Inguruko Smithsonian museoetako ardura- dunek ere oharra argitaratu zuten: aurreztutako diruari esker, astebetez mantendu ahalko zituzten museoak, itxiera gertatzekotan. Estatu Batuetako lau milioi langile inguru egoera berean zeuden, larunbat gauerdian, urria hastean soldatarik izaten jarraituko ote zuten: militarrak horietako asko, baina baita beste milaka behargin federal ere, parke nazionaletatik aireportuetako kontrolatzaileetara.

Azken orduko konponbideren baten esperoan zeuden asko, egia da. Baina ez zegoen erraz akordioa, besteak beste, auzia ez zelako Gobernuaren eta oposizioko hautetsien akordio faltagatik bakarrik; Ganberako errepublikanoen arteko zatiketagatik ere bazen.

Gobernuaren itxierak eskaera baten inguruan antolatu izan dira. Barack Obamari, kasu, “Affordable Care” legea aldatzeko exijitzen zioten. Edo Mexikoko mugako harresia eraikitzea. Oraingo honetan, baina, ez zegoen errepublikanoen eskaera zehatzik, eta ezinikusi luze eta itsusi baten ondorioa ere bada egunotan gertatutakoa, Kevin McCarthy Ganberako buruaren eta Matt Gaetz Floridako eskuin muturreko kongresistaren artean, esaterako. «Bien artean badago zerbait, eta ez dakit zer den», esan zion Mike Rogers Alabamako senatari errepublikanoak “Politico”-ri. «Eta irudipen hori daukat McCarthyrekin ere: ez da politika zehatzengatik; pertsonala da».

Gaetzek CNNri emandako elkarrizketan esan zuen asteon McCarthy alderdikidea Ordezkarien Ganberako presidentetzatik kargugabetzen saiatuko dela. Hala gertatuz gero, litekeena da demokratek baietz bozkatzea; Gaetzen kontrako motiboengatik, baina kargugabetzearen alde. Gaur izan liteke, eguerdian saioa baitauka Kongresuak.

UKRAINARAKO DIRURIK EZ

Larunbat arratsaldean iragarri zuten akordioa. McCarthyren proposamenak hilabete eta erdiko finantzaketa eman dio Gobernuari, gastuan askorik estutu gabe. Hala, Bidenen administrazioak eskatu bezala, 16 mila milioi dolar gehiago daude hondamendietarako laguntza federaletan, baina ez du Ukrainarako finantzaketarik barnean hartzen. Donald Trumpen jarraitzaileek Vladimir Putini egindako oparia zela salatu zuten zenbait kongresukide demokratek, baietz bozkatu arren. Kontuak kontu, datorren asterako gai zehatz horretarako finantzaketa akordio bat bultzatzeko eskatu du Joe Bidenek, eta gaia lehenbailehen ateratzeko konpromisoa hartu dute hautetsiek. Hala, Chuck Schummer eta Mitch McConnell Senatuko talde errepublikanoko eta demokratako buruek agiri bateratua atera zuten, adierazten datozen asteetan AEBetako Gobernuak Ukrainari babes ematen jarraitzea ziurtatuko dutela.

Urte fiskala urriaren 1ean hasten da, eta ordurako AEBetako bi Ganbarek gastu federalaren %30 adostu behar dute. Ordezkarien Ganberan errepublikanoek gehiengo txiki bat daukate, eta Senatuan demokratek ordezkari bat gehiago baino ez. Azken asteotan egindako ahaleginek kale egin dute. Eskuin muturreko kongresukide errepublikanoek estu hartu dute McCarthy, eta gastua murrizteko neurri oso zorrotzak eskatu dituzte, Senatuan onartzerik ez zeukatela jakin arren. Era berean, Ganberako buruak ez du ordezkari demokratekin negoziatu nahi izan, Donald Trumpen itzalean mugitzen den talde hori asaldatu ez dadin. Azkenean, baina, demokraten babesak askatu zuen korapiloa beste behin ere, 90 errepublikanok aurka bozkatu baitzuten.

AZKEN UNEKO AKORDIOA

Washingtonen gauez zela iritsi zen gaia Senatura, eta hor bozketa errazagoa izan zen: bederatzi senatari errepublikanok bozkatu zuten ezetz, baina bi alderdietako 88 ordezkariren babesa jaso zuen neurriak. Onartu eta berehala sinatu zuen Joe Bidenek. Gobernuaren itxiera eragoztea lortu zuten, urria hasteko hiru ordu besterik falta ez zirela.

Edozelan, berehalako krisia gaindituta ere, zazpi asterako baino ez dute onartu finantzaketa. Azaro erdialdean auzia mahai gainean izango da berriz, demokratek eta errepublikanoek finantzaketarako konponbiderik aurkitu ezean. Asteon bozkatutako proposamen batzuek Hezkuntzan eta oinarrizko zerbitzuetan mozketa handiak zekartzan, eta demokraten botoek eragotzi dute hala izatea.