GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal derbien handitasuna


Lehen Mailako bi euskal derbi jokatu dira joan berri den asteburuan, eta bai Donostian bai Gasteizen adiskidetasuna izan da nagusi. Eta hauxe da, hain zuzen ere, euskal derbien handitasuna, nahiz eta gutxi batzuk dena kakazten saiatzen diren. Areriotasunak, betiere errespetuz eta kirol legez, partidan zehar besterik ez dauka tokia, baina batak edo besteak irabazi edo galdu, emaitza pike sano batean oinarrituta bizitzea baino ezer politagorik ez dago. Uneko txantxak, batzuetan baten irribarrea eta bestearen negarra, hurrengoan alderantziz, aurreko urteetako pasadizoak gogoratu, estadioan zein estadiotik kanpo...

Derbiak, izan ere, iraupen luzekoak dira. Iraupen luzeko kirola da derbien auzia, zelaitik kanpo hasi eta bukatzen baita. Eta elkarri mokoka aritu baino, ez al da hobe hainbeste denbora elkarrekin aritu behar dugun horrekin rollo onean aritzea? Bai, noizean behin apustuak ere galduko dira, haserreren bat ere tarteka... Baina beti itzuliko da mendekurako tartea. Eta urtero ostera hastera.

Denboraldiko derbi guztiak egutegian ondo markatu, egun-pasa polita antolatu eta adiskidetasunaren sailkapenean puntuak batzen joan. Osasuna eta Reala izan ziren derbietako garaileak, baina euskal zaletu guztiek irabazi zuten, Donostian zein Gasteizen jarritako giroagatik.