GARA Euskal Herriko egunkaria
ERRUGBIA

Eskoziarren kuraia eta final zortzirenetako kanporaketak

Munduko Txapelketan ez da inolako ezustekorik izan eta azken jardunaldian erabakiko dira final laurdenetarako txartelak. Argentinak eta Japoniak final moduko bat jokatuko dute. Irlandaren kontrako garaipen handi bat behar du Eskoziak.

Darcy Graham hegaleko eskoziarrak lau entsegu egin zituen Errumaniaren aurka. (Sameer AL-DOUMY | AFP)

Irlandak egungo Munduko txapelduna den Hegoafrika mendean hartu arren, final laurdenetarako sailkapena ziurtatu gabe dauka. Sailkatze multzoen faseko azken jardunaldian erabakiko da aurrera egingo duen, Parisen Eskoziaren aurka jokatu behar duen norgehiagokan. 80.000 zale elkartzea espero da harmailetan, partida gogoangarri bat ikusteko.

Eskoziak, garaipenarekin batera, Irlandak bonus puntuak lortzea ekidin beharra dauka. Gregor Townsend entrenatzaileak nabarmendu duen bezala, Munduko Txapelketa batean inoiz egin duten partidarik biribilena burutu beharko dute. Ez da batere samurra izango.

Irlandak oso indartsu dagoela erakutsi du. Munduko talderik onena da, eta atseden hartzeko astia izan du, Hegoafrikaren kontrako partida gogorra irabazi ondoren. Irlandak ematen duen mailan egongo da gakoetako bat.

Eskozia gogotsu iritsiko dela argi dago. Errumaniari sekulako jipoia eman zioten larunbatean (84-0), eta hamabi entsegu lortu zituzten. Azken partidan 7 eta 22 gailendu ziren irlandarrak Sei Nazioetan. Joan den urteko torneoan ere Irlandak garaipena lortu zuen eta 26-5 menderatu zuen Eskozia Dublinen jokatutako partidan. 2021eko edizioan ere 24-27 gailendu ziren irlandarrak Murrayfield-en eta 2020an ere nagusitu ziren etxean (19-12).

Bien bitartean, Hegoafrikak etxeko lanak egin zituen igande gauean Tongaren kontra (49-18), eta final laurdenetarako txartela poltsikoan daukala esan daiteke. Kalean geratuko litzateke, Eskoziak Irlandaren aurka 21 puntu baino gehiagorengatik irabaziko balu, lau entsegu baino gehiago lortu eta irlandarrek ere bonusa erdietsiko balute.

Irlandaren kontrako porrotean puntu ugari galdu zituen hankarekin egindako jaurtiketetan, baina kanporaketa erabakigarriak jokatzeko unea heldutakoan berreskuratu dute Handre Pollard. Ez zuen hutsik egin Tongaren aurka. Mapimpi hegalekoak, ordea, matrail hezurra apurtu zuen, eta ezingo du gehiago jokatu.

ESKURA

Eskoziaren eta Irlandaren arteko emaitzak baldintzatuko du zein izango diren final laurdenetarako kanporaketak. A multzoan Zeelanda Berriak eta Frantziak eskura daukate sailkapena. Munduko Txapelketa etxean jokatzen ari den selekzioak Italiaren kontra neurtuko ditu indarrak, eta garaipen batekin lehen postua ziurtatuko luke ostiralean Lyonen jokatuko den partidan. Italiak, Eskoziarekin gertatzen den bezala, aurrera egiteko aukerak ditu.

Hala ere, Zeelanda Berriaren kontra jasotako jipoiarekin (96-17) Frantziari gailentzea ezinezkoa dirudi. Goi mailako selekzioen eta gainerakoen arteko aldeak oso handiak izaten jarraitzen dute eta ez da ezusteko emaitzarik gertatu txapelketan zehar. Namibiari irabaztea lortu zuen Uruguayk Zeelanda Berriaren kontra abiatuko du azken jardunaldia ostegunean.

ITXAROPENA

Sailkatze multzoetako fasean hirugarren postuan amaitzen duten selekzioek ere hurrengo Munduko Txapelketarako sailkapena eskuratuko dute. Krisi larrian dagoen Australian ospatuko da 2027an. Eddie Jonesek zuzentzen duen taldea kanporatua izateko zorian dago Fijiren eta Galesen kontra galdu ostean. Portugalen aurkako garaipenak (34-14) itxaropena ez galtzeko aukera eman dio Australiari, baina aurrera egiteko Fijik galdu egin behar luke azken jardunaldian. Uste baino gehiago kostatu zitzaion arren Georgiari irabaztea (17-12), zaila dirudi Fijik Portugalen aurka huts egitea. Bonus punturen bat lortuta ere aurrera egingo luke Fijik. Baionan eta Biarritzen jokatutako Patrice Lagisquet entrenatzaileak lan bikaina egin du Portugalekin, baina erronkak zailegia dirudi.

Berdintasun gehien D multzoan egon da. Ingalaterrak sailkapena ziurtatuta dauka eta Samoaren kontra neurtuko ditu indarrak azken jardunaldian. Bigarren txartela Argentinaren eta Japoniaren arteko norgehiagokan erabakiko da. Bi taldeak sailkapenean puntutara berdinduta daudenez, irabazten duenak lortuko du txartela.

Emaitzak ikusita, Argentinak faboritoa dirudi, baina, Michael Cheika hautatzaileak gogoratu duen bezala, 2019ko Munduko Txapelketan Japoniak final laurdenak jokatu zituen eta Argentinak ez. Nantesen jokatuko da igande eguerdian final zortzirenetako kanporaketa bat ematen duen norgehiagoka. Argentina aise gailendu zitzaion Txileri azken partidan (59-5), eta Japoniak, arazo gehiagorekin, Samoa menderatu zuen (28-22).