GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Elkargoa etxebizitza hutsen gaineko zerga orokortzeko prest da

Ipar Euskal Herriko erakundeak deliberatu du erabilera iraunkorra ez duten egoitzei buruzko fiskalitate zama handitzea. 24 herritan aplikatzen den araua 35 herritara zabaltzekotan dela, zerga eredu berria lurralde osora eramateko proposamena egin du Etchegarayk.

Jean-Rene Etchegaray, larunbateko kontseiluan. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal Hirigune Elkargoak bere sartzea politikoa baliatu du larunbatean, Baionan, eztabaida sozialaren ardatzetako nagusia den etxebizitzaren krisiari dagokion neurri berria plantan emateko.

Erabaki horren bidez, orain arte tentsiopean dagoen eremuan soilik indarrean zegoen neurria lurralde osora zabaltzeko aukera hobetsi du Ipar Euskal Herriko erakundeak.

Oroitzearren, Lapurdiko 24 hiri eta herri biltzen ditu gaur-gaurkoz tentsiopeko eremuak. Heldu den urtarriletik goiti 35 bat herritara zabal daiteke, ordea, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko sorturiko baliabidea. Iragan abuztuan aldizkari ofizial frantsesean argitaraturiko aginduari jarraituz, herri erakundeek urriaren lehenera arte zuten eremu tenkatu zabalean sartzeko aukera. Epemuga hori amaitu aitzin, hautu horren alde bozketa egin dute hala nola Haltsu, Itsasu, Bidarrai, Senpere eta Ezpeletako udalbatzek.

GEHIENGO ZABALA

Mediabask hedabideak jaso duen informazioaren arabera, zehazki, 2024ko urtarrilaren 1etik indarrean sartuko da «bi urte jarraian altzaririk ez duten eta etxebizitza bezala baliatzen ez diren egoitzen gaineko zerga».

Frantziako Estatistika Institutuaren (Insee) arabera, hiru lurraldeetako etxebizitza parkearen %5,8 egoera horretan dago: 12.000 bizitoki inguru, orotara.

Ipar Euskal Herri osoan zergapetze sistema bera ezartzea litzateke hurrengo helburua. Jean-Rene Etchegarayk azaldu zuenez, gaur-gaurkoz hutsik diren bizitokien fiskalitatea emendatzea ahalbidetzen duten tresna ezberdinak ezartzekorik izan ez duten bertze 109 herritara neurria zabaltzea litzateke xedea. Ipar Euskal Herriko erakundeak aipaturiko herriei horren alde egin dezaten proposatu die. Bost hautetsik baizik ez dira delibero horren kontra azaldu.

Bestalde, Alda elkarteak agiri batean azaldu duenez, abuztuan argitaraturiko araua irakurrita, Airbnb plataforma jarduera mugatzeko Euskal Elkargoak onartu zuen araua aplika daiteke berehala Ainhoan, Bidarrain, Kanbon, Ezpeletan, Haltsun, Itsasun, Donibane Garazin, Senperen, Saran, Zuraiden eta Uharte Garazin. Horri begira, udal ordezkariekin harremanetan sartzeko galdetu dio Etchegaray buru duen erakundeari.