GARA Euskal Herriko egunkaria
[ XABIER MENDIGUREN BEREZIARTU ]

Kontseiluaren aurreneko lemazain, itzultzaile oparo eta ohorezko euskaltzaina hil da

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Xabier Mendiguren Bereziartu bart hil zen, gaixotasun batek jota, 78 urte zituela. Euskalgintzaren Kontseiluko lehenbiziko idazkari nagusia izan zen, eta orduan egin zen ezaguna batez ere iritzi publikoarentzat.

Euskal Herrian itzulpengintza modernizatu zuten eragile handietako bat izan zen. Idazle ugariren lanak euskaratu zituen: Shakespeare, Goethe, Dickens, Kleist, Gogol, Tolstoi, Txekhov, Strindberg, Mann, Pavese, Zweig, Hesse, Grass, Garcia Marquez... Alemanetik zuzenean euskaratzen lehena izan zen, filosofia itzuli zuen, Schopenhauer eta Nietzsche kasu, antzerkia ere bai, eta teorialaria eta irakaslea izan zen.

1998tik 2010era bitarte, hamabi urtez, Kontseiluko idazkari nagusia izan zen. 2022ko abenduan, antolakundearen 25. urteurrenean, hala adierazi zion NAIZ Irratiari: «Kontseiluak kohesioa eta bide berriak ekarri zizkion euskararen normalizazioaren bideari». Antolakundearen sorrera ere gogora ekarri zuen: «Urteak aurrera zihoazen eta gauzak egiten ziren. Baina oraindik euskal giroa Euskal Herri osoan ikusteko asko falta zen eta horri bultzada bat eman behar zitzaion; euskararen normalizazioa behar zen, euskaldunen artean erabili ahal izateko eta kanpotik datozenek arazorik gabe ikasi ahal izateko».

EUSKARA BATUAREN AITZINDARIETAKO BAT

Ezkion jaioa, 1945eko uztailaren 13an, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta euskara eta euskal literatura irakatsi zituen. Euskara batuaren oinarriak paratu zirenean, hizkuntza ulergarri, zehatz eta komunikatiboa sortzeko xedez, erronka horri heldu zioten aitzindarietako bat izan zen. Euskaraz idazten trebatzeko hainbat ikastaro eman zituen.

Belaunaldi horrek itzultzeko modu berriak ekarri zituen. Itzulpen literala ez, baizik eta testu ulergarriak lortzea zen helburu nagusia.

Ikastolak zabaldu ziren garaian, 1974an, Iker taldearen fundatzaile izan zen. “Saioka” euskarazko lehen ikasliburuak sortu zituen kide ugarirekin.

Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorreran parte hartu zuen geroago. Hango irakaslea eta zuzendaria izan zen 1990era arte. Eskola horren fruitu izan ziren Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (Eizie) eta “Senez” aldizkaria, itzultzaile eta itzulpengintzaren ikertzaileen erreferentzia. «Airearekin bezala gertatzen da, garbia denean inor ez da hartaz ohartzen, kutsatzen denean sentitzen dugu haren mira; berdin gertatzen da itzulpenekin ere», adierazi zuen 2012an.

“Pentsamenduaren Klasikoak” bildumaren zuzendari teknikoa, haur literaturako itzultzaile nekaezina izan zen, batez ere ingelesetik eta alemanetik. 1989an literatur itzulpenik onenaren Euskadi Saria jaso zuen “Xiberotar bat Nevadan” liburuarengatik (“Sweet Promised Land”, Robert Laxalt).

Euskaraz traduktologiaren inguruan jardun zuen egilerik oparoenatakoa ere izan zen. “Itzulpen teoriazko ezagupenak” (Lazkao, Pax, 1983), “Itzulpengintza, historia eta teoria” (Donostia, Elkar, 1995) eta “Euskal Itzulpengintzaren Historia Laburra” (Donostia, Elkar, 1996) saiakeretan irakur daitezke bere analisiak, edo “Senez”, “Riev” eta “Jakin” aldizkarietako artikuluetan.

“Europako ezker berria” (1972, Mensajero) eta ”Euskal historian zehar” (1980, Ikastolen Elkartea) saiakerak idatzi zituen, eta “Iparragirre” (1981, Elkar) biografia eta “Bi istorio” (1997, Elkar) narrazioa. Elhuyar Hiztegiaren 2013ko bertsioa egin zuen taldea zuzendu zuen Miren Azkarate eta Xabier Kintanarekin batera.

Egindako ibilbide eta lan oparoaren erakusle da 2021ean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu izana.