GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Sariak eta ereduak


Nobel Saria emakume batek irabazten duen aldiro, tamalez ez da nahi bezainbestetan gertatzen, halako poz bat sentitzen dut, badelako halabeharrez ezkutuan eta inolako errekonozimendurik gabe aritzera kondenatu dituzten ikertzaile batzuk ezagutzeko zeharkako modua. Gainera, etorkizuneko niak marrazten ari direnentzat eredu ere bilaka daitezke, gisa honetako sariak eredu osasuntsuak eta modu egokienak diren eztabaidatzekoa bada ere.

Drew Weissmanekin batera Medikuntza Nobel Saria jaso duen Katalin Kariko-ren izena pandemia garaian entzun genuen, bera izan zen covid-19ri aurre egiteko sortu ziren mRNA txertoen teknologia ikertu eta garatu zuena, baina haiek sortu eta merkaturatzen ari ziren enpresa handien itzalak ezkutatu zuen emakume honen izena eta zeresana gehienontzat. Sariari esker lortu du berriz ere fokuak bere gain jartzea, baina non jarri da argia? Noski, egindako aurrerapen zientifikoak nabarmendu dira, gainerakoan zaila delako zientzia arloan eta mundu mailan entzutetsuena den saria jaso duela azaltzea, baina bestelakoetan ere erreparatu da: zailtasunak, ukoak, ezezkoak, eredu eta laguntzaile maskulinoak…

Ikerketek nabarmendu dute emakume zientzialariez transmititzen den irudian oraindik pisu handia duela ezohikotasunak eta euren inguruan gehien nabarmentzen den ezaugarrietako bat pertseberantzia dela; emakumeek arituaren arituz lortzen dute esanguratsua den emaitzaren bat. Ez da dohain txarra, ekinari, aritzeari eta etsipena gainditzeari esker gauza eder asko lortu direlako. Zientzian aritzen diren gizonei, ordea, beste tasun batzuk nabarmentzen zaizkie, azkartasunarekin edo jeinutasunarekin lotuagoak, eta horiek dira, hain zuzen ere, ondo edo gaizki, egungo zientzia sistemak balioan jartzen dituenak. Beraz, ezagutzaren bilaketan ari diren emakumeak saritzea bada, noski, ereduak hauspotzeko bidea -lerro hauek idazten ari naizela jakin dut Fisika saridunen artean ere badela emakume bat-, baina zaindu behar da zer diogun eta nola aritzen garen haien inguruan eta, batez ere, zergatik eta zein ondoriorekin.