GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren erreguak


Euskaraz ekoitzi, sortu eta osatzen den musika da euskal musika. Ba al du mekanismo erregulatzailerik euskal musikak? Erregutzaileak al dira euskal musikariek erabiltzen dituzten mekanismoak, kontuan har daitezen Euskal Herrian bertan? Zer erregutu behar dugu euskal musika doitzeko merkatuan, irratian, telebistan, tabernetan, agertokietan, estadioetan eta eguneroko bizitzan? Arautu behar edo orokortu, edo indarrean jarri iritziren bat ez sentitzeko euskaldunok beti beste kulturen indarraren mende gaudela geure herrian? Autokritikarako edo zalantzarako zirrikituak irekitzea komenigarria da. Mailarik ba al du gure musikak, atzerrikoekin lehiatzeko? Zergatik euskaldunak ez du entzuten euskal musika gehiago? Konpetentzia handia duelako edo gustukoagoak dituelako gaztelaniaz eta ingelesez egiten direnak? Galdera asko, erantzunak ere mordoxka, baina, oro har, esan daiteke entzuleak beste interes batzuk dituela, eta aukeraketetan gureak albo batera baztertzen dituela behin eta berriz gehiengoak. Reggaetona gaztelaniaz egiten duten artista hispanoamerikarrak nagusi dira jaialdi, kale, diskoteka eta tabernetako bozgorailuetan, eta Espainiako musikari ospetsuenen gainetik dabiltza.

Ez erregurik, ezta erregulatzailerik ere. Euskaldunok euskaraz sortzeko ekimenak bultzatzea eta kontsumitzea da geure kulturaren irtenbidea, txikienak garenak ez gaitzaten beste kulturek txikitu.