2023 URR. 07 GAURKOA Joxi eta Joxean gogoan Iñaki EGAÑA Historialaria Aspalditik dut zuen berri. Anaiak bezala sentitzen zaituztet. Joxi, zurekin akordatzen naiz, Biarritzeko hondartzan: egun batean, itsaso zakarretik erreskatatu behar izan zintugun. Zurekin, Joxean, Aize-Orratzen, elkarrekin arraun eginez batel txapeldun hartan. Ez dut denborarik ahazteko, oroitzapenak gizaki egiten nauelako. Horregatik, nire azalaren zati batean zaituztet itsatsita, gu garen familia handi horretako kide bazinete bezala. Oskoletik atera berriak zineten, eta gurekin batera zahartu zarete. Zuek 18 urte zenituzten. Gazteak. Imajina ezazue, Zaldibiako Nikolas Mendizabali, trikorniodunek zuek eraman baino sei urte lehenago sarekada batean hil zutenari, Zaharra deitzen genion. 30 urte besterik ez zituen. «Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme mundu garbiago bat bizi nahi genduke», zioen kantu herrikoi zahar batek. Etxahunek errezitatzen zuen: «Adin hortan, sükhar handi bat bihotzetan». Eta Mixel Labegeriek osatu zuen: «Gu gera Euskadiko gaztedi berria, Euskadi bakarra da, gure aberria». 40 urte igaro dira Baionako auto gaizto hartara igotzeko zoritxarra izan zenutenetik; guardia zibil batzuek -oraingo honetan nahiago dut euren izenak ahaztu- identifikatu genuen soto batera eraman zintuzteten. Zuentzat, bat-batean, infernu bihurtu zen leku hura. Amaiurren eraso, Zugarramurdin erre, Baionan gillotinatik pasatu eta Gernikan bonbardatu gintuztenetik, gure lurraldea okupatzen dutenen egoitza berbera zen, gobernadore batena kasu honetan. Zuena beste amesgaizto bat izan zen, gauaren erdian. Identifikatu ere egin genuen tokia, baina 12 urte geroago. Busoteko muino batean, Tolosatik 700 kilometro baino gehiagora. Handik Euskal Herrira ekarri zintuztegun arren, gaur egun lur gaizto hori gure fisionomiaren beste zati bat da, gertuko Bedaio, Atharratze, Ahetze, Baigorri, Larrabetzu, Kuartango bezala. Joxi, Joxean, gure ametsetako zazpi lurralde haiek errealitate bihurtu dira. Inoiz baino komunitate indartsuagoa gara: mila kargu independentista baino gehiago ditugu, eta herria kohesionatzen dute. Gure lurraldera ekarri dugu Busoteko zati hori. 40 urte dira planetak eta gure Euskal Herriak bertigoa ematen didan abiadura hartu zutela. 40 urte igaro dira, baina haizeak nire leihoa gogor jotzen duenean eta Tolosara iristen den kresal horrek zuen oihartzuna ekartzen didanean, zuen amesgaiztoa atzokoa izan zela iruditzen zait: Uzturrek itzala ematen jarraitzen du, Oriak hezetasuna, Berazubin baloiari ostikoak ematen jarraitzen dute, Zerkausian babarrunak urre prezioan kotizatzen dira, eta inauterietan pirata eta astronauta bihurtzen gara. Eta gogor erasotzen dit zuen irribarreak, Joxi, Joxean, horretan ere bereziak garelako, oroitzapen onek gaiztoak estaltzen dizkigutelako. Gaztetasuna da, baina baita nahia ere garenak izaten utz diezaguten. Zuek eraman baino egun batzuk lehenago, kalera irten ginen «Ez NATO, ez Zen Plana» oihukatzera. Tolosan kaleak bete genituen, Goio aske uzteko eskatzeko, Atlantikoaren beste aldean atxilotu zutelako, Costa Rican. Ez ziguten bakean bizitzen uzten, nahiz eta hori izan gure lehen irrika. Bakean bizitzeko eskubidea, Victor Jara txiletarraren abesti hura, gure egin genuen. «Herri hau saltzeko ez guri egiteko deia. Bakezaleak gara, bakea nahi dugu», zioen Anje Duhaldek. 40 urtean gauza asko gertatu dira, egia da. Eraman zintuzteten guardia zibilek ere hil zituzten Katu, Txapela, Stein, Tomason, Potros... Pakito borrokan hil zen, Goio preso zuten lekutik gertu; Satza segada batean hil zuten; Joseba, tuberkulosiak jota, Herrera de la Manchan; Txomin, istripuz, Aljerian; Josu, metrailatuta, Madrilgo hotel batean; Jokin, Morlansen; Iñaki, Venezuelan; Angel, Cabo Verden; Oihane, Fleuryn; Igor, Cuencan; Jon, Toulousen. Berriz diot, gauza asko gertatu dira 40 urte hauetan, eta zuen oroitzapenak erre egiten digu oraindik. Esne Beltzaren abestiak esaten zuen bezala: «Freedom! Kate motzez gaituzte lotzen. Bagoaz aitzina bai. Bizi eredu berriak sortzen. Hemen eta noiznahi!». Gontzal Mendibilek eta Xeberrik abesten zuten: «Nagusi lantokietan baserri ta eskoletan gure herriko nausiak izan arte aurrera». Gaur, Andu gure alkate independentista da Tolosan. Ipar Euskal Herriak entitate administratibo propioa du. Gure seme-alabek eta bilobek euskaraz ikasten dute, baita unibertsitatean ere. Emakumea bizitzaren erdigunean jarri da -bazen garaia!-. Gehiengo sindikalak, ELAk eta LABek, patroiak eta enpresaburuak estutzen ditu. Soldadutzarekiko intsumiso bihurtu ginen, eta itxi egin behar izan zituzten, guretzat behintzat, Armadako kuartelak. Zuen lagunek zikloa amaitu, eta gure etxe handira itzuli ziren. Durango eta Iruñea lotu genuen giza kate batez: «Nazio bat gara eta erabakitzeko eskubidea dugu». A! Eta, bide batez: NATOn sartzearen aurka bozkatu genuen. Egia da torturatzen eta gezurretan jarraitu zutela, izan zutela zigorgabetasuna, inpunitatea, eta oraindik 150 preso politiko eta dozenaka errefuxiatu eta deportatu ditugula. Baina, Arabako abesbatzek kantatzen zuten bezala, «Gurea da, gurea da etorkizuna bizitzaren nahia!». Ez dituzu guk bezala sentitzen, Joxean, zure ondorengo 15 senide gaztetxo horiek?: Aitor, Axier, Haritz, Beñat, Mikel, Ander, Joseba, Mikel, Aratz, Ane, Iker, Unai, Naiara, Gorka eta Maitane. Eta zuk, Joxi? Energia xurgatu, gorde eta transmititzen duten ipurtargiak bezala: Aitor, Iñigo, Xabier, June eta Hisham. Ez al dituzue guk sentitzen ditugun bezala sentitzen? Badugu herria, miretsi egiten dugu, eta, bide batez, hunkitu egiten gaitu. Moztu nahi eta ezin izan zituzten hegoak dira gure indarra. Hegan egiten ikasi dugu, Mikel Laboaren abestia entzunez. Xalbador eta Ihidoik kantatzen zuten «baina hala ere hemen girade, arbasok utzitako lurarren artatzaile sutsu eta leialak». Joxi, Joxean, zuek zarete arbaso horiek, baina baita oraina ere -hemen gaude- eta etorkizuna. «Gure haurrek biharko ikastoletan zuen izenak abestu ditzaten». Saseta eta Txikia, Joxi eta Joxean. Hala izan dadila. Xalbador eta Ihidoik kantatzen zuten «baina hala ere hemen girade, arbasok utzitako lurarren artatzaile sutsu eta leialak». Joxi, Joxean, zuek zarete arbaso horiek