2023 URR. 09 IPBES ERAKUNDEAREN TXOSTENA Espezie inbaditzaileak, mehatxu existentzial gutxietsia Ipbes erakundeak, Bioaniztasunaren eta Zerbitzu Ekosistemikoen Gobernu Arteko Plataformak, argitaratutako txosten batek espezie inbaditzaileen desafioari aurre egiteko soluzioak proposatu ditu, desagertzera kondenaturiko animali eta landareen %60an, eta oro har, biodibertsitatearen kolapsoan, daukaten «paper garrantzitsuaz» ohartaraziz. Lirdingatik parasitoak jaurtitzen dituen Afrikako barraskilo erraldoia. (Wikipedia) Mikel ZUBIMENDI Pneumatikoetan bidaiatzen dute, kontainerretan, itsasontzien eta hegazkinen sotoetan, batzuetan nahita egindako bidaietan (maskotak, akuikulturarako edo basogintzarako direnean), edo ez. Urtero 200 espezie inbaditzaile berri zerrendara gehitzen direlarik, gizakion ekintzengatik gutxienez 37.000 espezie sartu dira munduko eskualde berrietan, nahiz eta soilik gutxiengo bat (3.500 inguru, hots, %10) bilakatu den «inbaditzaile», eremu berriak gainpopulatuz eta kaltetuz. Baina beren ondorioak irismen handikoak dira: larriak oso, eta globalak. Bertako espezieak desagertzera kondenatzen dituzte, ekosistemak existentziaren mugaraino bultzatu, bertako giza populazioen osasuna kaltetzen dute, beren baliabideak xahutu, ekonomiaren gainean sekulako pisua dute. Biodibertsitatearentzat mehatxu handia dira, atzera-bueltarik gabeko kalteak sor ditzakete, giza komunitateen ongizatea kolokan jartzeraino. DESAFIO GLOBALA, TOKIKO INPAKTUA Sarritan «biodibertsitaterako IPCC-a» bezala deskribatua (klima aldaketari buruzko ezagutza zientifikoa aztertzeko NBEren erakundea), Ipbes erakundea, berez, Bioaniztasunaren eta Zerbitzu Ekosistemikoen Gobernu Arteko Plataforma da. Biodibertsitatearen kontserbazio eta erabilera bideragarriari eta epe luzera begirako gizakion ongizate eta garapen jasangarriari begira, zientziaren bidez politikak eta erabakiak indartzeko misioa dauka. Bada, lau urtez, 50 herrialdeetako 86 ikertzaileen talde bat 13.000 ikerketa zientifiko eta herri indigenen hainbat ekarpen aztertzen jarri ditu. Helburu argi batekin: datu eta ezagutza ezberdinak bildu, sistematizatu, eta erabaki politikoak hartzen dituztenei gomendioak egitea, uste zabaldua baita orain arteko erantzunak nahiko desegokiak izan direla. Arduradun politikoentzako txostena argitaratu berri da, Ipbes erakundea osatzen duten 143 herrialdeetako ordezkariek aho batez onartua. Txostena sei ataletan egituratu da, gai honen inguruko oinarri zientifikoa eskainiz: Inbasio biologikoetara sarrera eta Ipbes-en ebaluazioa: kontzeptuak, terminologia eta arriskuak; Iraganeko eta etorkizuneko joeren laburpena, espezie exotikoen eta espezie exotiko inbaditzaileen egoera; Biodibertsitatearen aldaketarako faktore zuzen eta zeharkakoak inbasio biologikoen fase ezberdinetan: garraioa, sarrera, ezarpena eta ugaltzea; Inbasio biologikoen inpaktuak naturan, naturaren ekarpenak herriei eta bizi kalitate onari; Kudeaketa: ikuspuntua, efikazia eta mugak; Prebentzio eta kontrolerako etorkizuneko aukerak: gobernantza eta tresna politikoak. Kontzientziatzea da beste helburuetako bat. Izan ere, espezie inbaditzaileena da, seguruenik, biodibertsitatearen kolapsoan eragiten duten bost arrazoi nagusietatik gutxien ikertu dena. Gainontzeko lauak lurraren eta itsasoaren erabileren aldaketa, gehiegizko ustiapena, kutsadura eta klima aldaketa dira. Ipbes elkartearen ustez, espezie inbaditzaileok planteatzen duten mehatxu larria gutxietsi egiten da, eta, sarritan, aitortu ere ez da egiten. Eta libratu, ez da munduko bazter bat bera ere libratzen, sustrai globalak dituzten arrisku eta desafioak dira, baina tokian tokiko inpaktu oso zehatzekin. Herrialde guztietako jendeari eragiten digu, jatorri guztietakoei, komunitate orotan, Antartika bera ere kaltetzen du. KATEBEGIA ETA KATEA Hori da kontua: katebegia desagertzean, edo ingurune zehatz batean bere eragina gutxitzean, kate osoari eragiten diola. Ondorioz, ekosistemen aldaketak hain erradikalak izan daiteke, ezen gizarteetan ondorio larriak pairatu daitezkeen. Ekonomia mailakoak izan daitezke ondoriook, arrantza edo nekazaritzarako eremuen galeran, turismoan senti daitezke, elikagaien segurtasunean, bereziki herri indigenetan. Edo osasun publikoan, eltxo tigrearen eta sukar horiaren eltxoaren hedapenarekin gertatzen den bezala, Zika, Dengue eta Chikungunya bezalako gaixotasunak kutsa ditzaketen eltxo inbaditzaileen bi espezieekin. Munduko ekonomian 400.000 milioi dolarreko galerak eragiten dituztela kalkulatu da, hamarkada oro kostua laukoizten dela, eta, aurreikuspen guztien arabera, disparatu egin daiteke. Espezie inbaditzaileen zerrendara urtero 200 espezie berri batzen badira, honek ba al du soluziorik? Izan al dezake? Txostenak 3.500 espezie inbaditzaile zerrendatzen ditu, horien artean 1.061 landare, 1.852 ornogabe, 461 ornodun eta 141 mikrobio. Tokian tokiko espezieen desagerpenaren arrazoi nagusia dira kasuen %60an, eta kasu horietatik %16 desagerpen erabatekora iristen da. Nola eman dakioke buelta joera arriskutsu horri? Nola borrokatu efikaziaz biodibertsitatearen galeran hain inportantea den faktore honen aurka? Ipbes erakundeko nazioarteko adituek azpimarratu duten bezala, kontuan hartu behar da kanpotik datozen espezie gehienak ekosistema berrietan lekutzen direla, ekosistema hauek ezegonkortu gabe, bertako espezieen garapena inbaditu gabe. Faunak eta florak osotasun bat eratzen dute non, egoera gehienetan, espezien arteko lehia oreka baten barruan mantentzen den. Baina beste batzuetan ez da halakorik gertatzen, kanpoko espezieak, lorgarri dauden baliabideen inguruan, bertakoekin borrokan garatzen direlako. Batzuetan bertako espezieak etorri berrien harrapakin bihurtu daitezke, ikusi besterik ez dago gure erleekin gertatu dena, liztor asiarra Euskal Herrian sartu denetik. Edo, nola ahaztu, nonahi egotetik ia desagertzeraino iritsi den gure ibai-karramarro arruntaren kasu lazgarria! Garai batean Euskal Herriko ibai eta erreka gehienetan bertako karramarroa ugaria zen. Arrantzak edo euskaldunen artean karramarro-jateak egiteko ohiturak populazioetan eragin handiegirik ez zutela zirudien. Urte gutxitan ordea, jaitsiera izugarria pairatu zuten populazio guztiek, ia desagertu arte. Egun, populazio erreliktikoak besterik geratzen ez direnez, ez da komeni non dauden zehaztea, sekretua da. Zer dela-eta, nondik etorri zen hondamendia? Espezie inbaditzailetik. Aphanomyces astaci izeneko onddoak sortutako afanomikosi deritzon gaitzagatik, hainbat lekutan «karramarroaren izurritea» deitu den horregatik. Onddo hori Ameriketatik Europara ekarri ziren karramarro gorri eta seinaledunen bidez ailegatu zen gure ibaietara, eta, urte gutxitan, bertakoen populazioak suntsitu zituen. Onddoaren eraginez, karramarroei maskorra ahuldu eta hankak paralizatu egiten zitzaizkien eta 10-15 egunen buruan hiltzen ziren. Hilkortasuna, gehienetan, %100 izan zen. DENBORA AGORTZEN ARI DA Kasu hauei begira, Ipbes erakundeak lehenik prebentzio neurriak eskatu ditu, bereziki mugetako segurtasun biologikoa hobeto zaintzea eta merkantzien garraioan inportaziorako arauak zorroztea. Gero, espezie inbaditzaileen populazioak kontrolatzeko metodo zorrotzagoak datoz. Posible denean, hau da, indibiduoak gutxi badira eta populazioak poliki-poliki garatzen badira, espezieak ingurune zehatz horretatik desagerrarazi behar dira. Ez bada posible, populazioak eremu zehatz batean mugatu behar dira, adibidez, harrapakari bat (kontrol biologikoa) sartuz. Metodo efikaza floraren kasuan, gaitzagoa landareenean. Ipbes-eko adituek diote desafio hauei aurre egiteko hartzen diren neurriak, orokorrean, ez direla nahikoa. Hala, herrialdeen %80k espezie inbaditzaileen aurkako kudeaketarako helburuak biodibertsitatearen aldeko beren planetan badituzte ere, soilik %17k dauzka arrisku honen aurrean arau zehatzak. Auzokideak diren herrialdeentzat inbasio biologikoen arriskua handitzea dakar horrek. Bestalde, txostenean kezkaz nabarmentzen denez, herrialdeen %45ek ez du espezie inbaditzaileen aurkako kudeaketan inbertitzen. Positibotik ere badago. Txostenean irakur daitekeenez, etorkizuneko inbasio biologikoak, bere espezie berri eta inpaktuekin, kudeaketa efikaz eta ikuspuntu integratzaileago batekin prebeni daitezke. Baina denbora agortzen ari da eta biodibertsitatearen iraupenerako bideratzen diren baliabideak egiatan behar direnak baino askoz ere gutxiago dira. Izan ere, ez da espezie inbaditzaileena bakarrik, ingurumen naturalen zatiketa eta hondamena ere badago, espezie basatien gainesplotazioa, uraren, lurraren eta airearen kutsadura, eta klima aldaketa ere bai. Den-denak dira arazo globalak, paraleloan heldu beharrekoak denak, benetako politika bat benetan efikaza izan dadin. NABARMEN GORA Urtero 400.000 milioi dolarreko kostua eragiten dute; 1970etik hamarkada oro laukoiztu da. Jende eta ondasunen mugimendu handiagoarekin, ingurumenaren andeatze eta klima aldaketarekin, espezie hauen zenbakiek eta inpaktuak nabarmen gora egingo dute. DESAGERTZEEN ERAGILE Dokumentatu diren desagertze globalen %60an zerikusia izan dute espezie inbaditzaileok, eta irletan ematen diren %90ean. Izan ere, urrutiko ingurumenak, irlak, eskualde menditsu, polar eta basamortukoak, bereziki sentikor eta hauskorrak dira inbasio biologikoen aurrean.