GARA Euskal Herriko egunkaria

Espetxe eskumenaren balorazio «itxaropentsua» egin du Sarek

Sarek irakurketa itxaropentsua egin du, Lakuak espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik bi urte bete direnean. «Bilakaera geldoa» baina «gutxienez eboluzioa» dagoela nabarmendu zuen antolakundeak. Hala ere, oraindik Fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren «jarrera blokeatzaileak» daudela adierazi du, «ardura handia» onartuz.

Sare itxaropentsu agertu da espetxe «eskumenaren eboluzioaren» harira. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Espetxe eskumena bere gain hartu zuen Lakuak 2021eko urriaren 1ean. Bi urteren buruan Sarek irakurketa «itxaropentsua» egin du. «Aurreko egoera batetik etorrita, non salbuespenak baitziren jarduteko arau komuna, EAEko espetxe administrazioak izandako bilakaera geldoak, baina, gutxienez, eboluzioak balorazio horretara garamatza, non itxaropena zabaltzen den, zenbait hamarkadatan esparru horretan jasan den bidegabekeriaren aurrean».

Euskal presoen eskubideen aldeko antolakundeak gogora ekarri zuen duela bi urte abiatutako prozesuak «ikusmin positiboa» sortu zuela. «Garai berri horretan espetxe politika normalizatu batek bidea ireki behar luke, euskal presoen kasuan eskubideen urraketa argiak ekarri dituzten eta eragiten jarraitzen duten zenbait hamarkadaren ondoren». Gogora ekarri zuten eskariak ez duela «inolako zerikusirik pribilegioekin». «Espetxe politika eta justizia baten beharrarekin lotzen da gure eskaria».

Sarek datuetan oinarritu du balorazioa. 2021eko urriaren 1etik, 3. gradura 846 progresio onartu dira, eta horietatik 16 Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baliogabetu ditu, hau da, %1,89. «ETArekin lotura» duten presoen kasu espezifikoan, 55etik 13 baliogabetu dira eta 7 Fiskaltzaren helegitearen zain geratu dira. Hau da, %24 baliogabetu dira. «Horrek alde ikaragarria dakar, beste delitu mota batzuetako baliabideekin alderatuta».

Honek iraganarekin lotuta mantentzen dituela adierazi zuen Sarek. «Salbuespenezko espetxe politika aplikatzen jarraitzen da. Duela 20 urte baino gehiago sortu eta onartutako ‘terrorismoaren aurkako borrokan’ pentsatutako legediak jasaten ari gara, egungo egoerarekin zerikusirik ez duen legedia, alegia».

«BLOKEATZAILEAK»

Hala ere, erabakiak oraindik Euskal Herritik urrun hartzen direla kritikatu zuen. «Fiskaltzatik eta Auzitegi Nazionaletik presoei buruzko erabakiak hartzen dituzte. Ez dakite ezer presoen benetako bilakaeraz, eta ez zaie ezer axola. Ez dute aitortzen haien jardunak zuzenean alderatzen dituela espetxeetako tratamendu batzordeetako kideek, profesionalek hartzen dituzten presoen aldeko erabakiekin, haiek baitira preso horien bilakaera hobekien ezagutzen dutenak».

Jarrera «blokeatzaile» horrek «ardura handia» sortzen duela onartu zuen Sarek. Dena den, oro har «aurrera» egiten ari dela nabarmendu nahi izan zuen. «Aurrerapen hori azkarrago egin nahi genuke. Izan ere, askatasunik gabeko pertsonak dira, urte askotako zigorrak betetzen ari direnak, eta hirugarren gradura igarotzeko proposamena egin beharko zuketenak, aspalditik».

Honela, «ausardia» eta «egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea» eskatu zituen, «bizi dugun unean kokatuta, gertatutakoaz ezer ahaztu gabe, baina behar diren neurriak hartuta, gainditutako faseari behingoz bukaera emateko, minik sor ez dadin».