GARA Euskal Herriko egunkaria
40. URTEURRENA

«Lasa eta Zabala»: Gertatu zela gazteenek jakin dezaten

40 urte beteko dira Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazte tolosarrak bahitu, torturatu eta hil zituztela. Urteurrenaren harira, Egiari Zorrek, Tolosako ikastetxeekin elkarlanean, ikasleentzat filmaren proiekzioa eta ondoren senideekin solasaldia antolatu zituen Leidor aretoan, atzo goizean. Gertatutakoa ezagutu eta «iraganetik ikastea» izan zuten helburu.

Pili Zabala, Axun Lasa eta Martxelo Otamendi, atzoko solasaldian. (Maialen ANDRES | FOKU)

“Lasa eta Zabala” filma proiektatu zuten atzo Tolosan, duela bederatzi urte estreinatu zena. Baina proiekzio honek bazuen berezitasun bat: ikusleak. Joxean Lasa eta Joxi Zabala desagertu zirenean jaio gabeak ziren artean, ezta hamar urte geroago beren gorputzak aurkitu zituztenean ere, ez gazteen gorpuzkiak Tolosara heldu eta Ertzaintzarekin izandako liskarrak gertatutakoan. Tolosako ikastetxeetako ikasleak izan ziren ikusleak, eta ondoren Axun Lasa eta Pili Zabala senideak mintzatu ziren, Martxelo Otamendi kazetariaren gidaritzapean.

400 bat ikasle elkartu ziren Leidorren, eta gertakari haiek urrun ikustearen sentipenez edota filmean ezagutu zutenarekin oraindik ere harrituta, ez zen inor galderarik egitera ausartu, nahiz eta oholtzatik behin baino gehiagotan amua bota mikroa hartzeko. Egiari Zorrek antolatu zuen, ikastetxeekin elkarlanean, 40. urteurrenaren harira. Gazteekin gaia lantzea erabaki zutela kontatu zuten proiekzioaren hasieran: «Egungo gazteak izango dira etorkizuneko kudeatzaileak, eta iraganetik ikaspenak atera behar ditugu».

Axun Lasa eta Pili Zabala maiz agertu izan dira bien anaien kasuaz hitz egiteko, baina atzo «hunkiturik» zeudela adierazi zuten. Izan ere, Lasak aipatu zuen Estatuaren indarkeriaren biktimak izanik, informazio gutxi zabaldu dela haien kasuaz, eta beraiena ere «egia dela». Gehitu zuen: «Hunkitu egiten nau horrenbeste gazte hemen ikusteak, testigantza hau ere jaso duzuela jakiteak». Zabalaren ustez garrantzitsua da gazteek film hau ikustea, beraiek direlako etorkizuna: «Ez da ezkutatu behar, ezta isildu ere. Euskal Herrian gertatu da hau ere».

FILMAREN OSTEA

Lehen aldiz pelikula ikusitakoan sentitu zutenaz galdetuta, Lasak aitortu zuen gogorra izan zela: «Ezinegona sortu zidan gure mina horrela zabaltzeak. Filmarekin gure mina herri guztiak zekien, eta intimitatea galdu genuen horrekin». Hala ere, nabarmendu zuen «aukera» gisa ikusi zutela: «Egia zabaltzeko aukera bat da, Estatuaren indarkeriaren biktimek ez ditugu gure egia zabaltzeko bitartekoak». Zabalak ere bat egin zuen inoiz imajinatutakoari irudiak jartzea gogorra dela esaterakoan, eta adibide partikular bat ipini zuen: «Gure etxean ahizpa batek ez du ikusi, ezin du».

Pasarte gogorren artean, Tolosako hilerrikoa gogoratu zuten; beraiek ere bertan baitzeuden. Lasak kontatu zuen bizi zuten «krudeltasuna» adierazteko ez duela hitzik: «Hamabi urte beraien bila igaro ondoren, hilerrira joan eta jipoitzea, hitzik ez duen krudelkeria da». Eta Ertzaintzaren orduko jarrera kritikatu zuen: «Haiek dira profesionalak, haiek bitartekoak dituzte horrelako egoerak nola kudeatu ikasteko, eta senideei eskatzen digute horrelako egoera batean garrasirik ez egiteko? Hori non gertatzen da?».

Zabalak oso presente ditu egun hartako gertakariak, eta Ertzaintzaren aurkako salaketa guztiak artxibatu izana salatu zuen. «Araututa dago bortxazko desagerpenen kasuan nola entregatu hilkutxa senideei, eta ez zuten hala egin. Familiek eskertuko genuke barkamena, gertatutakoa delitua delako. Konponbide bat behar dute gertatutakoek, eta bitartean guk ezin dugu dolu bat egin».

MINA ETA MAITASUNA

Dolua egoki kudeatzea izaten da zenbait kasutan bizipen horiei heltzeko modua, baina zaila izaten da mina sendatzen, hala uste dute behintzat gazte tolosarren senideek. Zabalak maitasunarekin aurrera egin duela kontatu zuen: «Ez genuen gorrotatzeko astirik, energia guztia senideak bilatzera bideratu genuen». Lasak aitortu zuen egindako bidea oso zaila izan dela, eta horrenbestekoa zela bere mina, gorrotatzeko indarrik ez zuela.

Minen aitortzak eta erreparazioak duela hogei urte baino presentzia handiagoa dute gaur egun. Hala ere, kontatu zuten Estatuaren biktimen aitortza «beti berandu eta mantso» doala.

Lasak azaldu zuen «estatu terrorismoko biktimak» aitortzeko eskatzen dutela; horrekin ez dutela esan nahi, sarritan leporatu zaien bezala, «ETAren biktimak ez aitortzeko», baizik eta den-denak aitortzeko. «ETAren biktimak 100 volteko foku baten azpian baldin badaude, guk ezin dugu 25 wattekoarekin egon; denok aitortuak izan behar dugu». Eta, bide horretan, filmak bide bat egin dezakeela sinetsita daude, are gehiago gazteekin landuz gero.