GARA Euskal Herriko egunkaria

Pasabideak irekiko dituzte, baina trukean mugan kontrolak ugarituz

Azken bi urte eta erdian hesituta izan diren lau pasabide urriaren 30ean irekitzeko asmoa duela iragarri du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. Izpegiko, Larraineko, Aldudeko eta Etorbidea zubiko pasabideak baliatzen dituztenek igarobide horiek berreskuratuko dituzte. Hala ere, bi estatuetako poliziez osaturiko patruilak ugarituko dituzte.

Hendaia eta Irun lotzen dituen pasabidean ezarritako hesietan bizikletak jarri dituzte herritarrek protesta gisa. (Patxi BELTZAIZ)

Heldu den urriaren 30ean irekiko dituzte 2021eko urtarrilaz geroztik itxiak izan diren ondoko lau pasabideak: Aldude, Izpegi, Larraine eta Etorbidearen zubia. Horrela iragarri du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ohar baten bidez.

Estatu ordezkaritzak azaldutakoaren arabera, iragan irailaren 30ean jakinarazi zion Gerald Darmanin frantziar Barne ministroak bere asmoa jarduneko Barne ministro espainol Fernando Grande-Marlaskari. Gutunean Darmaninek azaltzen zuenez, bi estatuen artean polizia-patruilak garatzeko «eman diren urratsek» ahalbidetuko dute bi urte eta erdiz hesituta izan diren azkeneko pasabideak berriz irekitzea.

Prefeturak iragan urtarrilean Bartzelonan Pedro Sanchezek eta Emmanuel Macronek egin zuten goi-bilera aipatu du. Alta, bilera horretan Macronek patruila amankomunak osatzeko aurkezturiko egitasmoari buruz distantzia markatu zuen espainiar Gobernuak, nolabait «migranteen ehiza» irudika zezakeen egitasmoak «irudi arazoa» sor zezakeelakoan.

Ekainean eskandalu handia eragin zuen migratzaileak atxilotzearen truke poliziei egun libre gehiago izatea proposatzen zien oharrak. Polizia espainolak Irunen duen komisarian azaldu zen eta Denis Itxasok, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak, pasadizoa deitoratu eta neurriak iragarri zituen berehala.

Prefeturak «ondoko asteetan bi estatuen arteko polizien kolaborazio operatiboa areagotuko dela» nabarmendu du prentsa-oharrean eta, era berean, igarobideak berriro ireki arren mugan orain arte izan den kontrol maila bera bermatuko dela.

Oroitu behar da azkeneko urteetan hamar migratzaile hil direla Bidasoko muga zeharkatu nahian, ibaian bertan itota edo trenbidean izandako istripuen ondorioz.

Katalunian bezala, pasabideen irekiera eskatzeko Euskal Herrian hamaika protesta eta ekimen anitz egin dituzte herritarrek, batzuetan eragile politiko eta sozialen sostenguz.

Horrela nabarmendu zuen Kotte Ezenarrok, atzo, Irun eta Hendaia arteko oinezkoentzako pasabidea irekiko dela jakin bezain pronto. Joan den larunbatean herritar talde batek bildutako 12.654 sinadura jaso zituen, Igor Enparan eta Jose Antonio Santano, hurrenez hurren Hondarribiko eta Irungo alkateak, ondoan zituela.

Eskaera hori Prefeturaren esku uztea galdegin zioten Ezenarrori herritarrek. Atzo, ordea, Julien Charlesen deia jaso zuen. «Biziki kontent» azaldu zen prefetaren ahotik jakin ondoren oinezkoek eta txirrindulariek berriz ahalko dutela Etorbidea zubitik igaro.

Iragan larunbatean, ordea, kezka agertu zion GARAri, Parisek Europar Batasunari mugaren kontrolak beste sei hilabetez atxikitzeko asmoa duela jakinarazi diola eta.

HESIAK KENDU, KONTROLIK EZ

Atzera egin du Darmaninek Schengengo Ituna bertan behera uzteko erabakiarekin? Ez, nahitaez. Lau pasabideetatik hesiak kenduta ere, Parisek ez du esan pertsonen zirkulazio askea aldarrikatzen duen europar ituna zehatz-mehatz aplikatzeko asmoa duenik.

Hala, urte hasieran Santiago eta Behobiako zubietatik kontrol iraunkorrak desagertu baziren ere, Parisek berritu egin zuen Schengen ez aplikatzeko baimena joan den maiatzean.

Bi zubiotan polizien etxolak daude, baina hutsik daude gehienetan. Alta, Biriatuko ordainlekua igarota frantses poliziek postu bat plantatu dute, modu iraunkorrean Gipuzkoa atzean utzi eta A-63a hartzen duten autoei eta bereziki kamioiei kontrolak egiteko.