GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Bilbao Basketen defentsak hitzetatik ekintzetara dagoen pausoa eman du

Lau neurketatatik hiru irabazi ditu Jaume Ponsarnauren taldeak eta hiruretan aurkariek 80 puntu baino gutxiago lortu dituzte; gaur, Miribillan, Granada izango du aurrean, orain arte partida guztiak galdu dituena eta batez beste 95 puntu jasotzen dituena.

Bilbao Basketen defentsak UCAM Murtzia itoarazi zuen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Abuztuaren 14a zen eta oraindik Surne Bilbao Basket taldeko zenbait jokalari Bilbora etortzeke zeuden. Baina ordurako Jaume Ponsarnauk bere taldeak 2023/24 denboraldiari begira zer-nolako jokoa egitea nahi zuen buruan zeraman.

«‘Sule’ -Emir Sulejmanovic- galdu dugu eta ondorioz barruko jokoa moldatu behar izan dugu. Baina barruko joko berri honek defentsan oldarkorrago izatea ahalbidetzen digu. Jeff Witheyk intimidatzeko zuen gaitasuna ere galdu dugu, baina defentsa gogorragoa egiteko moduan egon gaitezke, eta horrek erasoan ere korrika eginaraztea erraztu diezagukeela espero dugu», adierazi zuen Tarregako entrenatzaileak.

Lau jardunaldi baino ez dira igaro oraindik eta beltzezko gizonen defentsa ACB Ligako onenen artean dagoela esatea oso ausarta da. Baina egia da bilbotarrek lortu dituzten hiru garaipenetan beren aurkaria 80 puntutik behera geratu dela; UCAM Murtziaren kasuan 68rekin konformatu behar izan zuen eta, biko zein hiruko jaurtiketak batuta, 69 saiakeratik 25etan baino ez zuen asmatu Sito Alonsoren taldeak; hau da, %36 eskas, aurreko hiru neurketetan batez beste 90 puntu sartu eta %45etik gora asmatu ondoren.

Berba politak esatea errazagoa delako esaten den hori kantxan ikustea baino, meritua onartu behar zaio Bilbao Basket defentsan erakusten ari den sendotasunari.

Kontuz, ordea! Ezin da ukatu Bilbao Basketek Saski Baskoniaren aurkako euskal derbian bere gabeziak agerian utzi zituela. Horrez gain, kezkatzeko moduko etsia hartu zuen behin Baskoniak hamar puntuko aldea hartu zuenean.

ORAIN DATOZ KONTUAK

Azken batean, taldeak oraindik «eraikitze prozesuan» daude. Badirudi bilbotarren jokoaren oinarriak sendoak direla, baina hurrengo asteetan Bartzelona, Real Madril, Tenerife, Unicaja, Joventut eta Valentzia Basket izango ditu aurrean; Barça, Penya eta Valentzia Basket, etxetik kanpo. Bilbao Basketen defentsa sendoa den ala ez den jakiteko proba oraintxe dator.

Are gehiago, hilaren 18tik aurrera FIBA Eurocupeko partidak jokatzen hasiko dela aintzat hartuta; hau da, astean partida bat gehiago -azaroaren 22ra arte bederen-, bidaia gehiago -hasteko, Anwil Wloclawek talde poloniarrari bisita asteazkenean-, entrenatzeko denbora gutxiago eta min hartzeko arrisku handiagoa. Orduan ikusiko da denboraldi hasiera honetan Bilbao Basketek erakutsi duen sendotasuna benetakoa den ala ez.

«AURKARI TRANPA»

Hurrengo asteetako joan-etorriei heldu aurretik Coviran Granada izango dute beltzezko gizonek aurkari gaur, 18.00etan, Bilbao Arenan. Palentzia igoberriarekin batera, oraindik partidarik irabazi ez duen talde bakarra da Granada eta andaluziarrena da lehiaketako defentsarik eskasena: batez beste 95,5 puntu jasotzen ditu.

Granada «aurkari tranpa» dela ere azpimarratu du Jaume Ponsarnauk asteon. «Erasoan jokalari onak ditu eta bolada ona harrapatzen dutenean oso erraz jokatzen dute. Zaleen artean ilusioa piztea ondo dago, baina nire lana astean zehar ezartzen ditugun helburu horiek taldeak bete ditzala lortzea da. Horrela bakarrik has gintezke helburu handiagoei begira, eta, aurkariaren maila aintzat hartu behar da hasteko», gaineratu du.