2023 URR. 14 EUSKAL HERRIKO NESKA* GAZTEEN BATERAJOTZEA Distopia bizi duten gazteak etorkizunera saretzen Atzo arratsaldean hasi zen Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea, Usurbilen. Ekitaldi batekin abiatu zuten topaketa jendetsua, sare zabal eta sendo honen aniztasuna erakutsiz. Bihar arte, eztabaidak, mahai-inguruak, hitzaldiak, tailerrak eta festa izango dituzte gazte feministek, utopien etorkizuna amaraun emankor bihurtzea helburu. Kortaberria, Letamendi, Zubizarreta, Bosque eta Argiñena, mahai-inguruan. (Gorka RUBIO | FOKU) Maddi TXINTXURRETA Sarea egin eta alternatibak josteko topaleku da Usurbil asteburuon. Euskal Herriko Neska* Gazteek (EHN*G) atzo hasi zuten Baterajotzea eta, asmo handien iragarle, frontoia aulki hutsez goraino beteta eta kartel bat: «Historia feminista idazten jarraituko dugu». Bete dute gazte feministek frontoia, okupatu dituzte aulkiak -guzti guztiak- eta Beatriz Egizabal umoristak egin zien harrera: «Has dadila iraultza!». ”Utopiak lehertzeraino” leloa aukeratu dute Baterajotzerako eta izen bera hartu zuen egunotan egingo diren hiru mahai-inguruetan lehenak -zortzi hitzaldi edo tailer, ekitaldiak, mobilizazioa eta kontzertuak ere egingo dira-. Euskal Herriko talde feministetan aritzen diren bost neskak lagundu zuten topaketa hauek kokatzen, eta EHN*Gen sare zabala osatzen duten esperientzien lagin txiki bat eskaini zuten: Nerea Zubizarreta Algortatik etorri zen (Haziak talde feministatik), Malen Letamendi Donostiatik (Intziri), Amaia Bosque Bilboko Zazpikaleetatik (Kalamiak) eta Amaiur Argiñena Iruñerriko talde feministatik. Naia Kortaberria eibartarrak, EHN*Gen koordinakundekoak, egin zituen moderatzaile lanak. Ezinbestekoa denez etorkizuna irabazteko, hasteko, oraina kokatu zuen Kortaberriak. «Asko hitz egin da distopia eta utopiei buruz. Azken urteetan orokortu egin da mundua amaitzera doan ideia, gure belaunaldia izango dela inork bizi ez duen hori biziko duena, katastrofea datorrela. Baina distopia ez dago etorkizunean; gaur distopia bizi dugu». Distopia horren seinale, zehaztu zuenez, Haziak taldeak jasan duen kriminalizazioa. 2022ko abuztuan Haziak taldeko bi kide identifikatu zituen Ertzaintzak, eraso matxista baten ostean dagokion protokoloa martxan jartzeagatik. Desobedientzia larria egotzita, prozesu judizialak martxan jarraitzen du egun. «Eta seguruenik epaiketa egongo da», ohartarazi zuen Zubizarretak. Nabarmendu zuen identifikazioak ez zirela ausazkoak izan -Poliziaren arabera, haien lana «oztopatu» zuten erasotako pertsona artatzerakoan- eta, are, ez zela izan, besterik gabe, «bi izenen kontrako operazioa». «Saiatzen ari dira mugimendu feminista eramaten epaiketara, batez ere gazteen mugimendu feminista. Ez dute lortuko», ziurtatu zuen. Etorkizuna eta utopiak, beraz, irabazteko daude. Eta EHN*Gek argi dute antolakuntza feministatik etorriko direla horiek. Antolakuntzaren eredu da, adibidez, Nafarroako kasua, Amaiur Argiñenak kontatu zuenez. Greba feministek eragin zuten «loraldiarekin» batera sortu zen Iruñerriko talde feminista ere eta, hasieratik, talde desberdinen arteko artikulazioa eragiteko egin dute lan. «Olatu honetan giltzarria izan zen taldeen arteko harremana», zehaztu zuen Argiñenak. ALTERNATIBAK, PRAKTIKARA Donostiako Intziri taldeak kalera egin zuen, kalea hobea egiteko: Gipuzkoako hiriburuko gune beltzak markatzen hasi ziren, ikusita Udalak aurrez prestatu zuen “mapa” «oso pobrea» zela, Letamendiren esanetan. Modu zuzenena aukeratu zuten emakume eta bestelako disidentzientzako arriskutsuak izan daitezkeen eremuak identifikatzeko: jendeari galdetzea. Aurtengo Baterajotzearen helburu behinenetako bat saretzea da, eztabaidatzea, proposamen berriak bilatzea. Elkarrengandik eta elkarrekin ikasteko erdu zen neska gazte saldoa Usurbilera eta adi entzun zioten Amaia Bosquek ekarri zuen esperientziari. Kalamiak taldeak ibilbide luzea du Bilboko Alde Zaharrean gertatzen diren erasoak kudeatzen. Komunitatearen parte-hartzea sustatuz -izan erasotzailearena, erasotakoarena, edo inplikazioa auzora zabalduz- erreparazio prozesuak jartzen dituzte martxan, erasotakoa berriz ere komunitatearen parte senti dadin, zauriak senda ditzan. Erasoei erantzutea militatzeko molde «gogorra» dela eman zuen aditzera Bosquek; «desmotibazioa eragin dezake» eta «ez dago formula magikorik», baina bidean lortutakoak merezi du, bere esanetan: «Zerbait ondo egiten ari gara». Hala, hausnarketa bat plazaratzeko tartea ere hartu zuen: «Batzuetan pareta baten kontra ari gara; agian hausnartu behar dugu erasoei erantzuteko ditugun metodologiei buruz». ��En los ��ltimos a��os se ha generalizado la idea de que el mundo se acaba, que viene el... Pero la distop��a no est�� en el futuro; hoy estamos viviendo la distop��a��