GARA Euskal Herriko egunkaria

«Internazionala» kantuaren itzulpen landua, Arestik egina, «herriaren esku»

Gabriel Aresti idazle handiaren jaiotzaren 90. urteurrenean, «L’Internationale» kantuaren bi itzulpen egin zituela egiaztatu ondoren, bigarrena osorik aurkeztu zuten atzo Iruñeko Katakrak liburudenda, taberna eta aretoan Hedoi Etxarte Katakrakeko kide eta idazleak eta Arestiren obran aditu Karmelo Landak. Halaber, noiz eta nola egin zituen azaltzen duen dosierra aurkeztu dute, Arestiren itzulpen landu hori «herriaren eskuetan» jartzeko asmoz.

Karmelo Landa, Arestiren lehen itzulpenaren eskuizkribua eskuan, eta Hedoi Etxarte. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Susa argitaletxeak 1986an Gabriel Arestiren obra osoa argitaratu zuen. Zortzigarren liburukian, “L’Internationale” kantuaren euskarazko itzulpen labur bat dago jasota.

Ezaguna zen, halaber, manifestazioetan abesten zen beste bertsio bat, hori ere oso laburra, eta Arestirena zela esaten zela dio Arestiren obran aditu Karmelo Landak, baina ez zegoela horren frogarik. Orain, ordea, ez dago zalantzarik, eta ikerketan autoretza ez ezik, itzulpen osoa ere topatu dute, zenbait hamarkadan haren arrastoa galduta egon ostean.

Bi bertsioak jasota eta Arestik noiz eta nola egin zituen azaltzeko, baita beren ikerketaren berri emateko ere, dosier bat prestatu zuten. Hartarako, Karmelo Landaren eta Natxo de Felipe abeslari ezagun eta Arestiren lagun handi eta, Landaren hitzetan, «dizipuluaren» laguntza izan dute. Atzo aurkeztu zuten Iruñeko Katakrak liburu-denda, taberna eta aretoan Landak berak eta Hedoi Etxarte Katakrakeko kide eta idazleak.

LEHENENGO ITZULPENA

Frankismo betean, Jesus Mari Begoña Txo militante politiko bermeotarrak Arestiri eskatu zion itzulpena Natxo de Feliperen bitartez, bere aurka egitekoa zen epaiketan euskaraz abestu nahi baitzuen Eugene Pottier Parisko Komunako iraultzaileak 1871an sortu zuen kantua.

Hala, Natxo de Felipek jatorrizko kantuaren zati labur bat eta gaztelaniazko itzulpena bidali zizkion Arestiri eskuz idatzitako ohar batean. Eta eskuizkribu batean bidali zion Arestik De Feliperi lehen bertsio labur hori.

BIGARRENA

Zenbait urte geroago, 1971n, Natxo de Felipek “Internazionala”-ren bigarren itzulpen bat eskatu zion Arestiri, bertsio landuago eta osoago bat, Parisko Komunaren eta Pottierren kantuaren beraren mendeurrena zela eta. Izan ere, sasoiko euskal alderdi batek, EMK-k, kantuaren euskal bertsioa ezagutarazi eta zabaltzeko asmoa zuen. Jatorrizko bertsioarekin batera, Parisko Komunaren gaineko informazioa eta garai hartako “China Reconstruye” aldizkari komunista txinatarraren gaztelaniazko ediziotik hartutako beste batzuk bidali zizkion De Felipek Arestiri.

Bigarren itzulpen hori bi bidetatik berreskuratu dute. Alde batetik, Landak azaldu zuenez, 1977ko ekainaren 12an, EMK, EIA eta Euskal Komunistak alderdiek osatutako Euskadiko Ezkerra koalizioaren mitin batean itzulpen hori banatu zen paskinetan. Beste batetik, urte bereko urriaren 1eko “Anaitasuna” aldizkarian ere osorik argitaratu zen. Baina ondoren haren arrastoa galdu zen, baita haren autoretzaren gaineko ziurtasuna ere.

Bide biotatik berreskuratutakoa kontrastatu ondoren eta autoretza egiaztatuta, atzo, Arestiren jaiotzaren 90. urteurrenarekin bat eginda, jendaurrean aurkeztu eta «euskal herritarren esku» jarri zuten.