GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Alferrikako efizientzia


Egunean eguneko energia erabilera eraginkorrerako gida kaleratu dute Euskal Energiaren Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak. Sarreran aipatzen denez, helburua «herritarrek energiaren balioaz kontzientzia handiagoa hartzea» da eta «kontsumitzen dugun pertsona guztiok energiak benetan zer balio duen ezagutu eta ulertzea». Eta hor, «pertsona guztiok» horretan badago tranpa bat, zeren, bai, pertsona guztiok kontsumitzen dugu energia, baina ez denok berdin. EEE-EJ bikoak ezin hobeto identifikatu du hartzailearen profila: bizilekuan hobekuntzak egiteko ahalmena duen etxeduna, energia erabilera nahiaren arabera egokitu dezakeena eta energiaren garestitzearekin ardura daitekeena; politikoki zuzenak izanda, kontzientzia sozioekologikoa duena, gutako askok ‘gu’ deitzeko modukoa. Gida bat da, ez entziklopedia bat; beraz, energia erabilera zuzenari erreparatzen dio, eta eraldatutako energia edo aztarna bidez kalkulatu ohi dena bazter uzten du. Horrela, gidak 5 ataletan ordenatutako gomendioak ematen dizkizu natura salbatzen ari zarenaren satisfazioa izan dezazun. Zuri, bai, edo niri, edo hari, ez behintzat zuei, guri edo haiei. Norbanakoari zuzendu dizkioten aholkuak, dena esatera, onak dira, batez ere, norbere faktura elektrikoan aurrezteko. Izan ere, energia aurrezteari eta ingurumena “babesteari” begira ezer gutxi egin dezake zure frigorifiko A+++ak. Mugikortasuna ere aipatzen du, edo iturri berriztagarriak, baina gida ez zuten luzeegia egin nahi izango, energia komunitateez ez baitator txintik ere.

Ez dut norbanakoon egin ahalmena kolokan jarriko, kontzientziak ikaragarri balio duela sinetsita bainago. Ez nator bat, ordea, energiaren kontsumo gehiegikeria pertsonako kalkulatzearekin. Etxeko bonbillak LED argiz ordezkatzeko eskatzen digu munduko 100 enpresa kutsatzaileenetako batekin harreman estua -eta zuzenekoa- duen entitateak. Hori da pospolotan aurreztea, angulatan gastatzeko. Eta pertsona fisikoen eta erakundeen ardurak, agian, bateragarriak izango dira, baina konparagarriak ez.