GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Beste krisi bat: hipokrisia


Inoiz ez dut ulertu gure planetaz kanpoko espazio zabal eta urruti hori ezagutzeko lurtarrok dugun temakeria. Hango nonon bizitzarik balego ere, eta berez adimentsua balitz, gaitza baino gaitzagoa begitanduko litzaidake pentsatzea gurekin harremanetan sartzeko grinarik agertuko luketenik. Are gehiago jakinda Lurra esaten dugun planetan adimen ei den hori gero eta artifizialagoa dela, lurra bera hor-hemen gero eta artifizializatuagoa den legez. Atera kontuak! Banku handietatik atera sikiera.

Bada, bai, hobeto ezagutzen dugu planetaz kanpokoa, barnekoa baino. Tematiak gara urruneko zulo beltzak bilatzen, eta aldi berean mapamundi hurbilean diren bazterreko hainbat zulo, zerrenda batez ere, beltz izaten jarraitzera kondenatzen ditugu. Ama, ama! Azken urte gutxitan denetariko krisiak izan ditugu planetan, usteak ustel, eta gauden bideak eten onik ez duenez horra beste krisi bat gehigarri: hipokrisia. Bizilagun guztiontzat eskubide guztiak, espazio eta denbora guztietan… baina indarrean diren demoniokraziek ostruka transgenikoarena egiten segitzen dute, NBEren ebazpenak berak barregarri utzita. Gauzak horrela, eskubideak lortzeko eskuetara jotzea beste biderik ez dute uzten, denboraren luzea bere larruan neurtu eta larrutik ordaintzen segitzen dutenentzat. Tragedia soziala, miseria politikoaren hurrena.

Meridianoz aldatuta, Ajuriaeneako maizterra Japonian! Japoniera ikasteko ereduak azaltzera ez zen joango, ezta? Akabo bestela! Nago ni Basque Team zabaltzeko asmoz joana dela, Teamera sumo talde bat gehitzeko, Lakuako gobernuan oso estimatua baita kirol zer hori. Izen handiko pnveumatiko-etxe bat prest ei da dirua jartzeko. Imajinatzen dut 2024ko irailean Forondako larretan horko buruak Banzai! Banzai! esaka, planeta guztia kontra dutela sinistuta. Deflatatu bitez!