GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Aldai-Bergarak ozta-ozta irabazi diete Garai-Zabalari Hiru Hiriburuak finalean

Partida hasieran gorriek, 8-2 aurrea hartu baitute markagailuan, erraz irabaziko zutela ematen bazuen ere, urdinak 15-14 hurbildu dira, defentsa on bati esker eta aurkarien zenbait hutsegitek lagunduta. Hori ez da nahikoa izan txapela janzteko.

Amaia Aldai aurrelaria, Arrate Bergararekin batera lortutako txapela ospatzen, Garai eta Irati Zabala alboan dituela. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Hiru Hiriburuak binakako txapelketako finalak hasieran aurreikus zitekeen gidoia izan zuen: Amaia Aldai aurrelaria agintzen, eta Leire Garai eta Irati Zabala nola edo hala eusten saiatzen (8-2). Hasieran horrela izan zen, baina inork espero ez zuen amaiera izan zuen. Urdinek estu hartu zituzten gorriak, defentsa on bati esker, eta gorrien zenbait hutsegitek lagunduta. Horrela, bederatzi tanto erreskadan egin zituzten eta tanto bat atzetik jarri ziren (15-14).

Hortik aurrera, Aldaik hasieran izan zuen distira pixka bat itzaltzen joan zen, eta horrek lehia asko berdindu zuen. Arrate Bergara eta Zabala atzelariek lan ona egin zuten atzeko koadroetan, ondo jasoz pilota. Aurrean, aldiz, Gasteizko aurrelariak hasieran bilatu ez zituen zirrikituak aurkitu zituen. Hala ere, ez zen nahikoa izan Aldai-Bergara bikotea mendean hartzeko. Azkeneko tantoan Dimako aurrelariak ez zuen barkatu, eta hiru eta erditik bi pareta joz amaiera eman zion partidari. Berak jaso zuen pilotari onenaren saria.

Podiumean poztasuna nabaria zen finala jokatu zuten pilotarien aurpegietan: Aldaik Master Cup zirkuituan falta zitzaion garaikurra lortu zuelako, Bergarak aurrenekoz jantzi zuelako Hiru Hiriburuak txapelketako txapela, eta Garai eta Zabala pozik zeudelako finaleraino ailegatzearekin, ez baitzuten haraino iristea espero. Lizartzako atzelariak bazuen zer ospatu ere: lehen finala jokatu zuen elite mailan.

2.610 ikusle izan ziren atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan; giro aparta, pilotarien kirioak dantzan jartzen dituzten horietakoa. «Hemen egotea eta harmaila horrela ikustea ikaragarria izan da. Espero dut hurrengoan ere horrela ikustea», esan zuen Garaik.

Lehia hasi bezain laster, Dimako aurrelariak hartu zuen aginte makila, eta nagusi izan zen kantxan. Berari hobekien zegokion pilota hautatu zuen; bizia, zorutik asko irteten den horietakoa.

Hori aprobetxatuz, indar handia eman zion pilotari, jokoan sartu zen bakoitzean erabakigarria izanda. 8-2 hasi ziren aurretik markagailuan Aldai eta Bergara.

Gerora, zenbait tanto batu zituzten gorriek zein urdinek, eta markagailuan 15-5 zegoenean, partidaren gidoia guztiz aldatu zen. Urdinak banan-banan tantoak egiten joan ziren, defentsan lan oso ona eginda eta gorrien hutsegite batzuek lagunduta. 15-14 hurbildu ziren.

URDINEN AUKERA

Neurketa berdintzeko aukera paregabea izan zuten urdinek, baina Gasteizko aurrelariak, agian, ausartegi jokatu zuen; pauso bat aurrera eman zuen, eta behetik jo zion pilotari. Gaizki atera zitzaion jokaldia, ordea, eta huts egin zuen. 16-14, gorrientzat sakea. Aurrerantzean tanto gogorrak eta luzeak jokatu zituzten; Bergara eta Zabala atzelariek ondo eraman zituzten zenbait pilota, eta aurrean zegoen partida desorekatzeko giltza.

Aldai ez bezala, Garai partida amaieran hasieran baino hobeto moldatu zen. 18-16 tantoa ikusgarria izan zen. Urdinek sekulako defentsa egin zuten, eta hamaika pilota jaso zituzten.

Gorriek ez zuten zirrikiturik aurkitzen kantxan, eta tantoa urdinen aldera igo zen markagailuan. Hurrengo bi tantoak politak izan ziren, bata Aldairen eta bestea Garairen eskutik. Dimakoak zabalean amaitu zuen tantoa txaparen gain-gainean, eta Gasteizkoak ezkerrarekin pilota txokora bidali zuen (19-17).

Bukaeran, Aldai berriz ere jokoan sartu zen eta daukan kalitatea berretsi zuen. Hark egin zituen 22rainoko tantoak. Besteak beste, sake errematea eta hiru eta erditik jotako bi paretak.