GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskaraldiko parte hartzaileen bi herenek hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituzte

2022ko Euskaraldiaren ikerketa aurkeztu zuten koordinazio mahaiko kideek. (A.R.)

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen azken Euskaraldia, ariketaren hirugarren edizioa. Eta edizio guztietan egin den bezala, edizio honek ere ikerketa lan sakona ekarri du berarekin. Siadeco ikerketa taldeak egindako lan hori azaldu eta ondorioak aurkezteko bildu ziren atzo Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak Bilboko Euskalduna Jauregian.

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, «ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu zela sentitzen genuen, eta hala baieztatu digu ikerketak». Euskaraldian izena eman zuten norbanakoei erreparatuta, 2022ko ariketan 158.440 lagunek izena eman zuten. Horietatik %77,6k ahobizi rola hautatu zuen, eta %22,4k, aldiz, belarriprest rola.

Datu horiek aurreko edizioekiko %11,1eko jaitsiera erakutsiko lukete, izan ere, 2020an 178.184 pertsonak eman zuten izena, eta 2018an 220.00 inguruk. Gazteen izen emateak behera egin du bereziki eta gizonezkoen izen ematea ere jaitsi da. Adinaren arabera, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan zuen arrakasta gehien 2022ko Euskaraldiak. %34,4 dira adin tarte horretakoak. Lurraldeari dagokionez, Gipuzkoan izan du hedadura gehien.

Hala ere, antolatzaileek adierazi zuten bezala, jende askok izena eman gabe parte hartu zuen, aurreko edizioetako txapa jarrita. «Horiek ez dira estatistiketan sartzen, eta oso zaila da kopurua jakitea», argitu zuen Urkijok.

2022ko Euskaraldiko parte-hartzaile gehienek (%81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu dute. Rola aldatu dutenen artean, ahobizi roletik belarriprest rolera egin dute gehienek (izena eman dutenen %6).

Entitateei erreparatuta, 8.610 izan dira, Euskal Herri osoan 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. Horrek esan nahi du, 2020arekin alderatuta, entitateen izen emateak %3,6 gora egin duela (301 entitate gehiago). Euskaldunenak diren gune soziolinguistikoetan proportzionalki handiagoa da entitateen Euskaraldiko izen ematea.

«ERAGINKORRA»

Ikerketako datuei erreparatuta, Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko «tresna egokia eta eraginkorra» dela baieztatu dute antolatzaileek. Izan ere, urtetik urtera parte hartzaileengan Euskaraldiak duen eragina areagotu egin dela adierazten du ikerketak. 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Eta hori bereziki azpimarratzeko datua da, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideen ustez.

Eraginak, hala ere, badu inguruarekin zerikusia; izan ere, ia egoera guztietan, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago egiten zen euskaraz Euskaraldiaren aurretik, eta gehiago egin da ondoren ere; inguru erdaldunagoetan, ordea, Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu da, eta aldaketa handiagoa izan da.

Ariketaren eraginaren erakusle argia da elkarrizketa elebidunak izateko orduan parte hartzaileek egin duten aurrerapausoa. Honela, %44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen ehunekoa. Beste aldera, ikerketan parte hartu dutenentzat zailena izan da orain arte erdaraz ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izatea. Azken honetan, baina, errazagoa egin zaie jokabide hori hartzea Euskaraldiaren ondoren.

Aipatu bezala, entitateetan ariketak izan duen eragina ere aztertu du ikerketak; eta alderdi honetan ere datu esanguratsuak plazaratu dira. Entitateen kasuan, Euskaraldia amaitu eta handik ia bi hilabetera ariketa aurrekoak baino altuagoak dira erabilera datuak; parte hartu duen entitateen %31,3k lortu du hizkuntza ohiturak aldatzea. Entitateen %10ak erantzun du lortu duela euskara izatea entitateko hizkuntza nagusia; eta %21,3k erantzun du ordutik euskara gehiago erabiltzen dutela.

Parte hartu duten herritarren gehiengoak hurrengo edizio batean parte hartzeko prestutasuna adierazi du. Baina ariketak berrikuntza beharra duela ere gaineratu dute.