2023 URR. 22 PALESTINAREKIKO ELKARTASUNA Palestinar herriaren aldeko oihu ozena Donostiako kaleetan Milaka herritar batu ziren atzo, Donostian, Gazako sarraskia amai dadila eskatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko. Milaka herritar batu ziren atzo, Palestinarekiko elkartasunez, Donostian. (Jon Urbe | Foku) Iraitz MATEO DONOSTIA Gernikako odolustea jasan zuen herritik mezu ozena bidali zen atzo arratsaldean nazioartera: Gazako sarraskia gelditu eta Palestinako gatazkari konponbidea eman diezaiotela, autodeterminazio eskubidean oinarrituta. Milaka lagun bildu zituen Donostian Gernika-Palestina-k egun gutxian abiatutako premiazko ekimenak. Europa osoan bi aste hauetan egindako mobilizazio handienetakoa izan zen atzokoa. Mobilizazioko pankarta burua amaierara, Alderdi Ederrera, ailegatu zen unean mobilizazioko azken lerroak Perla inguruan zeuden oraindik. Hau da, Antiguako tuneletik abiatutako protesta jendetsuak Bulebarra, Askatasuna etorbidea, Zubieta kalea, eta Kontxako pasealekuaren zati handiena hartu zituen, ia ibilbide osoa jendez leporaino beteta. Kezkaz eta amorruz ekin zioten bideari milaka herritarrek, Antiguako tuneletik irtenda. Sindikatu nagusi guztiak erakarri zituen deialdiak (ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, CGT...), bai eta alderdi ugari ere (EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu, Ezker Anitza, Contigo-Zurekin, EH Bai, Sortu eta Alternatiba). Gizarte mugimendu eta eragile ugarik ere bat egin zuten deialdiarekin, eta kulturgintzan dabiltzan dozenaka herritarrek ere babestu zuten joan den astean zabaldutako manifestua eta deialdia. Mobilizazio hasieran egindako adierazpenetan, Agus Hernan eta Zuriñe Rodriguez deialdiko bozeramaileek adierazi zuten atxikimendu eta parte hartze «anitza eta transbertsala» izan duela deialdiak. Eta hori garrantzitsua dela gaineratu zuten: «Euskal Herriko gehiengo soziala, sindikala eta politikoa bildu gara adostasunean, hori da gure balorea». SARRASKIA GELDITZEKO OIHUAK Manifestazio buruko pankartak agertzen zuen aldarrikapen nagusia: “Palestinarekin elkartasuna, konponbide politikoa orain!”. “Palestina aurrera” eta “Ez da gerra bat, genozidio bat da” oihuak nabarmendu ziren ibilbidean zehar, baina aldarriz beteriko mobilizazioa izan zen. Manifestari askok Palestinako zapia zeramaten, beste zenbaitek haurrek marrazturiko palestinar banderak, edo ikurrinekin batera aireratutakoak. Etxean eskuz margoturiko hamaika kartel ere baziren, eta horietan genozidioa amaitzeko eta Palestina askatzeko eskaerak eta azken egunotako erasoen argazkiak jasotzen ziren. Aldarrikapen askok eta askotarikoek izan zuten tokia mobilizazioan zehar; “Gaza SOS” zioen pankarta handia bota zuten tunel gainean bertan, mobilizazioa hasi aurretik. Eta, ondoren ere, aldarri bera osatzen zuten hizki handiak eraman zituzten protestan zehar. Genozidioa amaiarazteko eskatzen zuten pankartekin batera, “Israel boikot” ziotenak ere bazeuden. “Estatu sionista, estatu terrorista” oihuak entzun ziren Donostiako kaleetan barna, baita “Israel hiltzaile, Europa laguntzaile” ziotenak ere. Israelek eragindako sarraskia ahalik eta lasterren geldiarazteko beharraz ohartarazi zuen mobilizazioak, baina sakoneko arazoari heltzea ezinbestekoa dela ahaztu gabe, eta konponbidea Palestinaren autodeterminazio eskubidea onartzetik iritsiko dela argi utziz. KONPONBIDE JUSTU ETA DEMOKRATIKOA Mobilizazioaren amaieran hiru eskakizun zehatz egin zituzten manifestuaren sinatzaileek. Batetik, Gazan Israel egiten ari den genozidioa berehala amaitzea, «gatazka honi konponbide justu eta demokratikoa emanez». Bigarrenik, konponbide hori Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarrituta egin behar dela azaldu zuten. Eta, hirugarrenik, okupazioari amaiera eman eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzeko eskatu zuten. Adierazi zuten 75 urtez luzatu dela gatazka eta bakea lortzeko «modu bakarra» Palestinako herriak giza eskubideen, duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen bidezko nahiak betetzea dela. «Nork bere esparrutik elkartasunerako eta konponbiderako deia egiten segitzea ezinbestekoa da, eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio guztiak beharrezkoak dira», gaineratu zuten. Aste honetan Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidente eta apartheidaren biktimak Palestinako auziaz hitz egin du, eta bere hitzak ere gogora ekarri nahi izan zituzten, urteetako gatazka modu baketsuan konpontzeko «aukera asegabeen emaitza tragikoa» dela azalduz: «Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna da bakea babestea, negoziaziorako eta elkarrizketarako baldintza mesedegarriak sortzea eta gatazkaren sugarrak ez haizatzea. Munduko liderrek bakerako deia egin behar dute eta ez mendekurako deia». GERNIKAREN ERRAUTSETATIK ELKARTASUNA Hernanek eta Rodriguezek adierazi zuten «hunkituta» zeudela bildutako jendetzarekin: «Euskal Herriak ulertu du azken egunetan helarazitako mezua, ulertu du eta bat egin du mobilizazio bateratu honetan, premiazko egoera batean». Eta jasotako atxikimenduak eta elkartasuna txalotu zituzten. Euskal Herriak badakiela Gazan sufritzen ari diren mina zer den azpimarratu zuten, «Gernikaren errautsetatik loratutako herria» baita Euskal Herria. Ekitaldian, Maddi Ane Txoperenak eta Beñat Gaztelumendik Euskal Herriaren eta Gazaren arteko keinua irudikatzeko baliatu zituzten bertsoak. Txoperenak kantatu zuen lehenbizi: «... hala egina dute /Gazaren kronika:/ Gorriek bonbardatu/ dutela Gernika». Eta Gaztelumendik erantzun: «Zapalduek elkarri nola ez lagundu/ Palestina bakarrik/ uzten duen mundu/ baten Euskal Herriak/ze etorkizun du?». Amaitzeko, Eñaut Elorrieta manifestuko sinatzaile eta musikariarekin batera, “Gernika” abestia kantatu zuten mobilizaziora batutako milaka herritarrek. Ekitaldia Alderdi Eder goraino beteta zegoela egin zen; bertan izan ziren palestinarren dantzak eta oihuak, euskal herritarren garrasiekin batera. Ekitaldia amaitutakoan ere oraindik manifestari asko Bulebarrera iristeke zeuden. Euskal Herria Palestinarekiko elkartasun olatu eta oihu bihurtu izanaren beste adibide bat. 75 URTE 75 urtez dirauen gatazkan bakea lortzeko modu bakarra Palestinako herriak giza eskubideen, duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen bidezko nahiak betetzea dela adierazi zuten. OKUPAZIOA Israel Gazan egiten ari den genozidioa bukatu eta okupazioari amaiera eman behar zaiola aldarrikatu zuten, Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea ezinbestekoa dela azalduz.