GARA Euskal Herriko egunkaria

Hamasen aurkako nazioarteko koalizioa proposatu du Macronek

Macron eta Netanyahu, elkar agurtzen. (Christpohe ENA | AFP)

Emmanuel Macron presidente frantziarrak Hamasen aurkako nazioarteko koalizioa osatzea eskaini zion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, atzo Jerusalemera egindako bisitan. «Gure bi herrialdeak luto berak lotzen ditu», esan zuen Macronek «herrialde lagunari» doluminak eta elkartasuna adieraztean urriaren 7an milizia palestinarrek egindako erasoagatik.

Ordutik, Israelek Gazaren aurkako gerran dagoeneko 5.000 pertsona hil ditu, 2.000 baino gehiago haurrak, eta gerra krimenak egunero egiten ditu, biztanleak beren etxeak uztera behartuz, ospitaleak bonbardatuz eta Gazako zerrenda urik, elikagairik eta argindarrik gabe utzi duen blokeoarekin, besteak beste.

Hala ere, eta aurretik Joe Biden estatubatuarrak eta Rishi Sunak britainiarrak egin zuten bezala, Macronek babesa eman zion Netanyahuri, «Israel defendatzeko eskubidea» aipatuz. Nazioarteko zuzenbidea errespetatu behar duela esan zion arren, ez zion egindako sarraskiengatik konturik eskatu, ezta su etenik eskatu ere. Alderantziz, «guztiok mehatxatzen gaituzten talde terroristen aurka borrokatzeko» eskualdeko edo nazioarteko koalizioa eratzea proposatu zuen, 2014an AEBen lidergopean Estatu Islamikoaren aurka egin zen bezala.

«Israelek eskatzen duenaren arabera» izango dela esan zuen. Hala ere, onartu zuen Israelgo Armada prestatzen ari den lurreko erasoaldiaren mailako operazio bat egitea «oso zaila izango litzatekeela nazioarteko zuzenbidea errespetatuz».

Aldi berean, Macronek, gatazkan jarrera impartziala duen itxura emateko, «palestinarren kausa entzun» behar dela adierazi zuen, eta «palestinarrek Israelen ondoan lurraldea eta Estatua izateko eskubidea» dutela esan zuen.

Bestalde, bere esanetan, «gure lehenengo helburua» milizia palestinarrek Gazan bahituta dituzten pertsonak askatzea izan behar da.

Halaber, «gatazka ez zabaltzeko» eta beste fronte bat ez irekitzeko eskatu zien espresuki «Irango erregimenari», Hezbollah-ri eta Yemengo huthiei.