GARA Euskal Herriko egunkaria

Venezuelako Gobernuak dioenez, «iruzur egin du» oposizioak

Oposizioko jarraitzaileek hauteskunde primarioetan botoa eman zuten igandean eta Corina Machado diputatu ohia garailetzat jo zuten. Nicolas Maduro presidentearen Gobernuak, ordea, hauteskundeak «iruzur handia» izan zirela ohar egin zuen.

Maria Corina Machado, emaitzak ospatzen. (Federico PARRA | AFP)

Maria Corina Machado diputatu ohia garaile izendatu zuen Venezuelako oposizioak igandean egin zituen hauteskunde primarioetan. Baina, ordu batzuk geroago, herrialdeko Gobernuak baieztatu zuen hauteskundeak «iruzur handia» izan zirela.

«Beti engainatu izan dituzte beraien jarraitzaileak. Guk egia esan dugu beti eta beraiek iruzur handi bat saldu nahi diote munduari, baina Venezuelako herria ez dute engainatzea lortuko», agertu zuen Nicolas Maduro presidenteak “Con Maduro+” saioan.

Venezuelako Gobernuak oposizioko jarraitzaileei eskatu zien iskin egin diezaiotela «ezegonkortasuna dakarten planei».

Honekin, Pedro Carmona Estangari eta Juan Guaidori buruz ari zen Madurok gidatutako Exekutiboa; izan ere, Carmona boterean egon zen 47 orduz 2002ko apirilean, Hugo Chavezen kontrako estatu kolpearen ondotik, eta Guaidok bere burua herrialdeko presidente izendatu zuen 2019an, Maduroren bigarren agintaldia ukatuz.

Zentzu horretan, presidenteak adierazi zuen eskuin muturra «beste jokaldi bat» prestatzen ari dela, Estangak eta Guaidok egin zuten modura, hauteskunde prozesua probesteko eta «herrialdeko bizitza asaldatzeko». Hala, aipatu zuen politikari hauek «diskurtso bakarra» dakartela: «Gorrotoa, intolerantzia eta mendekuarena».

«Errespeturik ez diete beraien jarraitzaileei. Horregatik dituzte gero eta gutxiago. Eraman zituzten indarkerien abenturetara, estatu kolpeetara, Guaidoren abenturara, zerua eta paradisua agindu zizkieten. Jaso zuten konfiantzaz trufatu ziren», esan zuen.

MADURO «KANPORATZERA»

Corina Machado Vente Venezuelako hautagaia izan zen igandeko lehen hauteskundeetako garailea, botoen %90 baino gehiagorekin. Diputatu ohia, emaitzak ezagutu ondoren, «Nicolas Maduro eta bere erregimena kanporatzeko» engaiatu zen. Hala ere, berez ezin du hauteskundeetara aurkeztu, kargu publikoak hartzeko desgaikuntza zigorra baitauka.